Euskal liburutegi-sarearen bitartez kultur arteko integrazioa sustatzeko kanpaina jarri dau martxan Jaurlaritzeak
2008-10-16 12:51Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ekimen barritzailea aurkeztu dau 'Liburutegiak Topaleku' lemapean, liburutegiak sustatzeko EAEan gaur egun alkarregaz bizi diran kultura guztien integrazinorako gune moduan, zenbait balioren sustapenetik abiatuta.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ekimen barritzailea aurkeztu dau 'Liburutegiak Topaleku' lemapean, liburutegiak sustatzeko EAEan gaur egun alkarregaz bizi diran kultura guztien integrazinorako gune moduan, zenbait balioren sustapenetik abiatuta.
Bilbon egindako aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkarate, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendari Arantza Arzamendi eta Kultura arteko Bitartekotza eta Hezkuntzarako Ekimen Komunitarioak Koordinetako Zentroko (Biltzen) arduradun Carolina Fetescu izan dira.
Azkarateren berbetan, 'aniztasunaren gizartean bizi gara, mugak lausotu eta jenteak nahasten diran gizartean. Kultura anitzeko jokaleku barri honetan, liburutegiak eginkizun garrantzitsua beteten dau kultura eta hizkuntza desbardinak kulturearen bitartez zabaltzeko'.
'Liburutegiak Topaleku' lemapean, ekimena kultur aniztasunaren kontzeptuan oinarritzen da, eta, horri jarraituz, hainbat liburu, aldizkari eta komunikabide ekarriko dira Euskadiko etorkinen jatorriko herrialdeetatik, arabiar, errumaniar eta txinatar jatorriko herrialdeetatik batez be, Euskadin bizi diran etorkin gehienak handik datozela kontuan hartuta.
Horren haritik, funts bibliografiko, dokumental eta bisualak handitu nahi dira, aitatutako jatorria daben aleakaz eta jagokezan hizkuntzetan. Azken helburua etorkinek liburutegietan zerbitzu publiko interesgarria topetea da, hau da, etorkinek liburutegietan nork bere kulturearen agerkariak eskuratzeko aukerea izatea, eta aldi berean gizartea osotzen dogun ganerako herritarrakazko batasun-loturak sustatzea.
Eusko Jaurlaritzearen Liburutegi Zerbitzuak 'Munduko egunkariak' programearen lizentziak erosi ditu, eta sei liburutegitan ezarri, mundu osoko 200 egunkari baino gehiago eskuratzeko eta inprimiduteko aukerea emonez.
Gainera, Liburutegi Zerbitzuak hainbat hizkuntzatako (arabiera, poloniera eta abar) liburu eta aldizkari sortak, hizkuntzak ikasteko metodoak eta haur, gazte eta helduentzako materialak erosi ditu. Eskatzen dituen liburutegien eskura jarriko dira bilduma horreek, Liburutegi arteko Mailegu Zerbitzuaren bitartez.
Kulturearen Euskal Planaren 'Liburutegiak eta Kultura-aniztasuna' programearen barruan sartzen da proiektu hau. Kulturearen Euskal Plana erakunde arteko plana da, Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailak bultzatua erakunde-agente nagusiakaz (aldundiak eta udalak) eta Euskadin kulturearen 'paisajea' osotzen daben sektoreakaz (dantza, antzerkia, musika, arte bisualak eta plastikoak, liburutegiak...) alkarlanean. Danetara, 13 sektore-lantalde osotu dira.
Aitatu programearen helburua da liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektibo guztien premina eta interesetara egokitzeko esku-hartze programea diseinetea, etorkinak gizarteratzeko helburuagaz.
Kanpaina hau preparaukeran, Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuak, Kultura arteko Bitartekotza eta Hezkuntzarako Ekimen Komunitarioak Koordinetako Zentroak (Biltzen) -Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Inmigrazino Zuzendaritzaren menpekoa-, Immigrazino Behatokiak (Ikuspegi) eta Arabako Foru Aldundiko, Bilboko, Ermuko edo Zarauzko liburutegi-teknikariek esku hartu dabe, eta gainera alkarte, fundazino eta enbaxada guztiakazko komunikazino eta laguntzarako kanalak sortu dira.
Era berean, Azkaratek aurreratu dau urriaren 24tik aurrera proiektu pilotu bat jarriko dala abian EAEko 18 liburutegitan: Bilbo, Gasteiz, Agurain, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Bergara, Durango, Eibar, Elgoibar, Erandio, Ermua, Errenteria, Getxo, Irun, Leioa, Markina eta Zarautzen. Urriaren 24an Liburutegien Nazinoarteko Eguna ospatzen da, eta aurten kultura-aniztasuna izango dau ardatz.
Proiektu pilotu horren esparruan, urtea amaitu arte hainbat jarduera garatuko dira haur eta gazteentzat. Helduentzat, tailerrak eta ipuin-kontalarien saioak antolatuko dira, herritarren artean kultura-aniztasunaren ideia garatzeko. 12-16 urteko gazteentzat ipuin-lehiaketa bat antolatuko da web-orrian, idazle batek dinamizauta.
Horrezaz gan, beste hainbat material (kartelak, orri-markagailuak, eranskailuak, zerbitzu-gida, irakurketa-gida eta abar) banatuko dira Irakurketa Publikoko Sarera batutako liburutegi guztietan. Jardunaldi tekniko bat be antolatuko da Sare osoarentzat, datorren urtearen hasieran.
Eusko Jaurlaritzearen Liburutegi Zerbitzuak eta Euskadiko udal-liburutegiek liburutegiak indartu nahi ditue kultura-integraziNorako gune moduan, eta, horren haritik, irakurketa-gida bat proposatu dabe, 'Haiena, gurea: tolerantziarako irakurketak' izenburupean. 50 lan auleratu dira, hain zuzen be bardintasunari, tolerantziari eta aniztasunari buruzko narrazino eta ipuinak, liburutegietako erabiltzaileei, bertakoei eta etorkinei eskaintzeko.
Kartel, orri-markagailu eta eranskailuetan kanpainearen goiburua agiri da: ('Las bibliotecas, un lugar de encuentro/Liburutegiak topaleku/Les bibliotheques un lieu de reencontré/The libraries place of meeting'). Izan be, ekimen hau kanpaina horren oinarriaren gainean eregi da, liburutegiek, informazinoko eta dokumentu-bilaketako zerbitzuak eskaini ez eze, herritar guztiei harrerea egiteko eginkizuna be beteten dabela adierazo guran.
Bederatzi hizkuntzatan (euskerea, gaztelania, frantsesa, ingelesa, portugesa, errumaniera, errusiera, arabiera eta txinera) idatzitako 'Hurbildu' Zerbitzu Gidak liburutegietan eskaintzen diran zerbitzu eta jarduerak azaltzen ditu. Agerkari horrek ahalbidetuko dau liburutegi-zerbitzuak etorkinen kolektiboetara helarazotea, eta profesionalentzat be lagungarri izango da, zerbitzu horreen nondik norakoak azaltzeko eginkizunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!