‘Beste museoa’-ren urtebetetzea
2008-10-10 12:41Egun, pintura, eskultura, irudi, grabatu eta arte dekoratiboen artean, sei mila artelan baino gehiago batzen ditu Arte Eder Museoak, ibilbide osoa eskaintzen dau artearen historian, XII. mendetik hona.
Orain dala hamar urte arte, baten batek 'Museora noa' esaten ebanean, guztiok bagenkian nora joian. Era berean, kanpotar bat bisitan etorten jakunean, 'Museoa ezagutu behar dozu' esaten geuntsan heldu eta berehala. Orain dala hamar urtera arte.
Guggenheim eregi ebenetik, barriz, Arte Eder Museoa ‘beste museoa’ bihurtu zan. Atzerritarrak Bilboko Museoa ezagutzera datoz eta, bide batez, batzuetan hurreratzen dira 'beste museo' hori bisitetan be. Gure barrenean Frank Gheryk asmautako ikono ikusgarri horrek lehenengo maila hartzen dau uriko arte munduan. Arte Eder Museoa dago gero, bigarren maila batean. Oso erraz ahazten dogu gure historia; ze beste museo horrek ehun urte bete ditu aurten. Mende bat. Eta ez dauka zahar usainik. Are gehiago, osasuntsu dago eta kritika gitxi ezagutzen jakoz, Guggenheim distiratsuari buruz ezin dana baieztau.
Baina konparaketak ez dira inoiz onak. Goazen, beraz, beste museo horretan sakontzera. Dana hasi zan donazino batzuekaz, esan bezela, orain dala ehun bat urte. Bilbotar entzutetsu batzuek emondako artelanakaz bilduma bat hasi zan osotzen eta, horregaz, Arte Eder Museoa sortu eben 1908an, ateak 1914an zabaldu arren. Hamar urte geroago, beste museo bat ipini zan martxan Bilbon: Arte Modernoko Museoa izenekoa. Bi zentro horreek alkartu egin ziran 1945an eta hori izan zan gaur egungo pinakotekearen abiapuntua. Museoko Plazan oraindino dagoan eraikin zaharrean bi fondo garrantzitsu gorde eta erakusten ziran: Laureano de Jado, Antonio Plasencia edo Manuel Losadaren legatu eta dohaintzenak. Urteak joan urteak etorri, lekua txiki geratu zan eta 1970an eraikin moderno bat eregi eben alboan museoa handitzeko.
Egungo zuzendari Javier Viar-ek askotan esan dau Arte Eder Museoa euskal artistei esker existiduten dala. Eta egia da. Hemengo artistak oso inplikauta egon dira hasieratik museo honegaz, eta ez bakarrik donazino baliotsuak egiteagaitik. Ehun urteko historian, artistek zehaztu egin dabe, arte-zale batzuekaz eta instituzino publikoen ordezkariekaz batera, Museoaren osoerea eta norabidea (Manuel Losada margolaria izan zan lehenengo zuzendaria, 1949n hil arte). Bilbo erreferente kultural bihurtzea zan museo hau bultzatu ebenen asmoa eta gaur egun asmo hori bizirik ei dago.
Egun, pintura, eskultura, irudi, grabatu eta arte dekoratiboen artean, sei mila artelan baino gehiago batzen ditu Arte Eder Museoak, ibilbide osoa eskaintzen dau artearen historian, XII. mendetik hona. Antxinako artearen eta arte moderno eta garaikidearen ale garrantzitsuak ditu pinakotekeak. Bilduma propioan, interes berezia dabe Espainiako eta Flandesko eskoletako pinturek. Era berean, euskal artisten presentzia handia da, oso.
Ehun urte honeetan, Arte Eder Museoak garai onak zein txarrak bizi izan ditu. Miguel Zugaza durangarrak (egun Prado Museoko zuzendaria dana) zuzendaritzea hartu ebanean -1996 eta 2001 bitartean- Museoak aparteko bultzadea izan eban. Bolada horretan egin ziran barrikuntza lan handienak, gaur egun dauen itxurea hartu arte.
Guggenheim-en eraikuntzea iragarri zanean, ardura biziz hartu eben museoaren ingurukoek. Urteak aurrera, barriz, konpetentzia hori ez dala izan hainbesterako ikusi da: Arte Eder Museoak bisitari kopurua goraka ikusi dau eten barik azken hamarkadan. Gaur egun esan daiteke, daukan langile taldeagaz, lagun kopurua eta bisitari fidelak ikusita, oso osasun ona daukala arte zentro honek.
Museoaren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira egunotan eta, akaso, interesgarrienak erakusteta bereziak dira. Duda barik, jente gehien erakarriko dauena Sorolla margolariarena izango da. Hamalau mural erraldoi jarri ditue erakusgai museo bilbotarrean. Margo honeek Sorollak 1912 eta 1919 artean egin zituan eta bertan garaiko jentearen ohiturak eta bizimoduak islatzen ditu. Archer Milton Huntington, New Yorkeko Hispanik Society-ren sortzailearen enkarguz egin zituan mural horreek artista espainarrak, eta Bilbon erakutsiko ditue lehenengo aldiz areto horretatik kanpo. Ondoren, beste uri batzuetara abiatuko da erakusketea. Urriaren 13tik abenduaren 18ra bitartean egongo da zabalik Bilbon eta bisitan joatea derrigorra da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!