Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiak urriaren 9tik 19ra bitartean egingo dira

Bizkaie! 2008-10-01 15:56   Kulturea

Aurten hainbat generotako 14 obra eskainiko ditue beste horrenbeste euskal antzerki taldek. Ekimenaren helburu nagusiak urtez urte euskal antzerki konpainiek egiten daben ahalegina erakustea eta urteko antzerki produkzinoaren erakusleiho bilakatzea dira.

Aurten hainbat generotako 14 obra eskainiko ditue beste horrenbeste euskal antzerki taldek Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldietan. Urriaren 9tik 19ra egingo diran jardunaldien helburu nagusiak urtez urte euskal antzerki konpainiek egiten daben ahalegina erakustea eta urteko antzerki produkzinoaren erakusleiho bilakatzea dira.

Helduei eta umeei zuzendutako lanak, genero eta gai desbardinak, euskeraz eta gaztelaniaz sartuko dira ekitaldiko egitarauan. Kaleko antzerkia italiar erara, komediak eta dramak, barrurako antzezpenak eta lan garaikideak eskainiko dira.

Getxo Antzokian helduei zuzendutako antzezlan nagusiak ikusi ahal izango dira. Bertan Maskarada taldearen 'Ohean' lako lanak izango dira; Unai Elorriagak 'En la cama' film ezagunean oinarrituta egin dauen egokitzapena da eta gau bateko hartu-emonak batzen ditu ikuspuntu tragikomiko batetik.

Ados konpainiaren 'El jefe de todo esto', Lars Von Trier-en film batean oinarrituta lan-abusuen gaia umorez buztartzen dauena be antzeztuko da Getxon. Agerre Teatroa taldearen 'Secando charcos' antzezlana, bikote arazoen ganekoa, eta Kunka konpainiaren 'Sexo gratis' sexu fantasien inguruan antolatutako ikuskizun dibertigarria be Getxo Antzokian izango dira.

Bestetik, txikienentzako, Algortako Geltokiko Plazan eta Andres Isasi Musika Eskolan antzezlanak, txotxongiloak eta pailazoak egongo dira. Aurten, umeei zuzendutako ondorengo ikuskizunak eskainiko ditue: 'Superplast' (Hortzmuga), 'A través de Africa' (Autu Mautu), 'Egipton Gertatuak' (Potxin eta Patxin), 'Zorionak zuri' (Zirika Zirkus), 'Ni natura naiz' (Kiki, Koko eta Moko), 'Harritzeko ipuinak: Tartalo eta sorgina' (Bihar), 'Renato' (Ganso Teatroa) eta 'Andersen, el patito feo' (Dar-Dar).

Ikuskizun horreez ganera, Algortako Geltokiko Plazan kaleko bi ikuskizun be antzeztuko ditue: 'Con el bulto a la espalda' Getxoko Simulacro taldearen azken lana, etorkinen ganekoa, eta 'Malditas', Organik taldearen jantza-antzerki ikuskizuna.

Getxo Antzokiko eta Andres Isasi Musika Eskolako saioak ordaindu egin behar dira eta, ganerakoak, dobakoak. Sarrerak salgai dagoz Algortako Kultur Etxean, BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es webgunean eta 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakien bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu