Deustuko Unibersidadeak Gertrude Ryan Katedra sortu dau amerikar eta europar ordenamendu juridikoak hurreratzeko

Bizkaie! 2008-09-29 11:52

Katedra horren sorrereagaz, Deustuko Unibersidadeak, oro har, eta Zuzenbide Fakultadeak, berenberegi, bikaintasun akademikoan aurrerapausuak emoteko eta Zuzenbideko ikasketak etenbarik barritzeko konpromisoari erantzuten deutso.

Deustuko Unibersidadeak eta Gertrude Ryan Fundazinoak hitzarmen bat sinatu dabe Gertrude Ryan Katedra-Deustuko Unibersidadea sortzeko. Helburu nagusia amerikar eta europar ordenamendu juridikoak hurreratzea izango da, unibersidadeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazo dabenez.

Jaime Oraa Deustuko Unibersidadeko erretoreak eta Pilar Diaz Varela Gertrude Ryan Fundazinoko presidenteak pasa dan barikuan sinatu eben hitzarmen hau.

Fundazinoak zuzenbide angloamerikarraren ikerketa konparatua egiten dau, eta akordio honen bidez, New Yorketik bideokonferentzia bidez emondako aurrez aurreko ikastaroak, irakasleentzako prestakuntzako egonaldiak Ameriketako Estadu Batuetan eta argitalpen bateratuak sortzeko aukerea aztertzea bideratu ahal izango dira.

AEBen eta Europaren arteko hartu-emonak areagotzeak eta bi lege-sistemen arteko alde nabarmenek ipar amerikar sistema legala aztertzeari eta ulertzeari balio erantsia emoten deutsie XXI. mendeko legelariaren prestakuntzeari begira. Katedra horren sorrereagaz, Deustuko Unibersidadeak, oro har, eta Zuzenbide Fakultadeak, berenberegi, bikaintasun akademikoan aurrerapausuak emoteko eta Zuzenbideko ikasketak etenbarik barritzeko konpromisoari erantzuten deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu