'Meido cafe’ bereziak
2008-09-26 12:44 BidaideJaponian, milaka gauza harrigarri topau daitekez eta horreetako asko gure balore-sistematik kanpo dagoz. Tokion, barruan emon dodan ordubete baino gehiagoan tentel arpegia kendu ezinik itxi nauen leku bat topau dot.
Egoera batzutan, burutik galdera ikurra kentzea ia ezinezkoa da. Japonian, milaka gauza harrigarri topau daitekez eta horreetako asko gure balore-sistematik kanpo dagoz. Tokion, barruan emon dodan ordubete baino gehiagoan tentel arpegia kendu ezinik itxi nauen leku bat topau dot. 'Meido café’ dalako bat da, Akihabara auzoan, nipondar uriburuko erdigune elektronikoan ohikoak diran horreetako bat.
Ideia oso sinplea da. Zerbitzariak zerbitzari fantsesen 'french maid' traje tipikoz jantzita dagoz eta, atea zabaltzen dan momentutik, euren zeregina bezeroari 'plazerra' emotea da. Baina ez ikuspuntu sexualetik, ez behintzat begibistan, esanekotasuna muturreraino eroanda baino, genero kontuetan ardurea daukan edonor iraintzeko moduan. Lar lagunkoia dan berbakerea darabile. Hori dinoste, behintzat, taberna honetara ekarri deusten lagun biak, nik ez dot-eta piperrik be ulertzen. Ganera, kalean neska batek emon deuskun bono bat erakutsita, zerbitzariak bezeroari ahora emoten deutso jaten. Ezin dot begiradea kendu nire ezkerrean horixe bera pasetan dagoala ikusita. Ganera, uste dot gizonezkoak jatekoa apropos itxi dauela jausten, neskea garbitzera makurtu behar izateko, lehenengo erreberentzia bat egin ostean.
Barruan, galarazota dago argazkiak ataratea, baina urteetan lortutako abilidadeari esker, ideia bat egiteko balio deutsuen irudi bat edo beste ikus zeinkie (kalidade onekoak ez izan arren). Hori bai, zerbitzarietako batek gustura erantzun ditu nire galderak. Ikasketak 'meido' lana egiteko (ingelesezko 'maid' berbearen eratorria Japonian) ikasketak bazter batean itxi dituan 21 urteko neskatoa da. Eta honelako erantzun harrigarriak emon deustaz: 'gustura nago hemen, disfrutau egiten dodalako bezeroei plazerra emoten'. Plazerrak, kasu konkretu honetan, esanahi nahiko berezia dauka: 'Oso japoniarra', zehaztu deust nire kide batek. Ni beste harrituta dago, 'meido café' batera egiten dauen lehenego bisitea da eta.
Baina ezaugarri guztietan harrigarriena honako hau da: lekuak ez dira 'undergroung' arlokoak, ezta pentsau be, ez dagoz bezero bereziei eskainita. Japoniako uriburuan, hoelako lokal ugari dagoz eta lekua hirugarrenean topau dogu, jentez ganezka egozan bi bisitau ostean. Hori gitxi balitz, itxaron-zerrendak be badagoz. Barruan, umeakaz dagozan bikoteak be badagoz. Japoniarrek denporea pasetako egiten daben zeozer da ala atzean azalpen sakonagoren bat ete dago? Takeuchi neskatoaren arabera, faktore bien arteko konbinazinoa da. 'Batetik, zerbitzarien jarrerea ikusteko kuriosidadez eta denporea pasetako hurreratzen diranak dagoz; bestetik, gure herrialdean oraindino be oso errotuta dagoan emakumeen esanekotasunagaz disfrutetan dabenak etorten dira'. Sartzeagaitik baino ez 1.500 yen (10 euro) pagau behar dirala kontuan izanda, interesa benetakoa dala esan geinke.
Ekimenaren arrakastea ikusita, zerbitzariak eskolako- edo erizain- uniformez jantzitako zerbitzariak dituen gero eta kafetegi gehiago dagoz. Bestalde, masajeak emoten dituen lekuetan edota kasinoetan be, 'meido' diralakoak topau geinkez. Baina japoniar gizartean zeozer arraroa pasetan dala honako datu honek erakusten dau: bezeroen ehuneko ehun gizonezkoak dira eta zerbitzari guztiak emakumezkoak. Bidaia honetan, nire helburua Japoniaren mozorroaren atzean zer dagoan ikustea da. Zeregin gatxa...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!