Juan Bas eta Juan Madrid idazleek 'Errealismo zikina' izango dabe berbagai Bilbon

Bizkaie! 2008-09-22 15:39   Kulturea

1970eko hamarkadan Ameriketako Estadu Batuetan (AEB) sortutako 'Errealismo zikina' literatur estiloa izango da topaketearen ardatz. Narrazino laburretan eta sobrako osogairik ez dauen prosa batean idatzita, eguneroko gorabeherak kontetea da estilo honen ezaugarri nagusia.

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko 'Eztabaidak Literatureagaz' topaketek ikasturte barria hasiko dabe bihar, hilak 23, Juan Bas eta Juan Madrid idazleen arteko topaketeagaz. Bi idazleek 'Errealismo zikina' izango dabe berbagai liburutegian, 19:30etik aurrera, Mikel Alvira idazleak aurkeztu eta zuzendutako ekitaldian. Sarrerea dobakoa izango da.

Oraingoan, 1970eko hamarkadan Ameriketako Estadu Batuetan (AEB) sortutako 'Errealismo zikina' literatur estiloa izango da topaketearen ardatz. Narrazino laburretan eta sobrako osogairik ez dauen prosa batean idatzita, eguneroko gorabeherak kontetea da estilo honen ezaugarri nagusia.

Errealismo zikinean, eszenatokiak, personaiak eta egoerak labur eta sinpletasunez deskribiduten dira, adjektiboen erabilerea ahalik eta gehien murriztuz. Esangura horretan, gizarte estadubatuarreko klaserik kaltetuenak izan ohi dira girorik erretratatuenak. Charles Bukowski, Raymond Carver, Richard Ford eta Tobias Wolff dira genero honetako idazlerik ezagunenak.

Juan Bas (Bilbo, 1959), Zuzenbide ikasketak bertan behera itxi ondoren, literatur jardueran sartu zan Bilboko Zazpi Kaleetan ebilen detektibe bitxi baten gorabeherak kontetan zituen irrati-gidoien eskutik. 'Los casos de la Ribera' plazaratu ondoren, Basek narrazino batzuk argitaratu zituan 'Playboy' eta 'Penthouse' lako aldizkarietan, eta telebistarako gidoiak be idatzi zituan, Fernando Mariasegaz batera landutako 'Páginas ocultas de la historia' sail dokumentalarenak kasu.

Bere literatur lanen artean, 'El oro de los carlistas', 'Tratado sobre la resaca' eta, batez be, 'Alacranes en su tinta' eta honen jarraikoa dan 'Voracidad' azpimarratu behar dira. Nobela horreetan guztietan kritika zorrotza egiten deutse euskal politikeari eta euskal gizarteari. 'Voracidad' eleberriari esker Euskadi Saria irabazi eban 2007an.

Bestalde, Juan Madrid (Malaga, 1947) nobela baltzeko idazlerik nabarmenenetakoa da, eta generoko klasikoen ardura soziala berreskuratu dau, kostunbrismo espainiarreko zertzelada batzuk gaineratuz.

Historia Garaikidean lizentziau eta zenbait urtez kazetaritzan jardun ondoren, 'Un beso de amigo' lehenengo eleberria argitaratu eban. Bere obrarik ezagunenen artean, 'Dias contados' eta 'Tanger' nabarmendu behar dira, biak ala biak zinemara eroandakoak, lehenengoa Imanol Uriberen eskutik eta bigarrena idazlearen beraren ekimenez. Horrezaz gan, 'Brigada central' telesaioko gidoigilea izan da. Bere azken lana 'Pajaro en mano' da, 2007an plazaratutakoa.

'Eztabaidak Literatureagaz' zikloaren hurrengo hitzordua urriaren 7an izango da. Orduan, Fernando Aranburu eta Pedro Ugarte idazleek deserriko literaturaz hitz egingo dabe liburutegi bilbotarrean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu