Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea jokatuko da Atxondon (Bizkaia)

Bizkaie! 2008-09-19 16:15

Atxondo herri bizkaitarreko Axpe auzoan, Elizaburuko landetan egingo da txapelketea datorren domekan, irailak 21, goizeko 11:00tan hasita. Edizino honetan, Jose Mari Ustarroz urteetan txapelketako epaimahai lanetan ibilitakoa omenduko dau Gerediaga Elkarteak.

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketeak 42. edizinoa beteko dau aurten. Euskal Herriko lurralde guztietako txapeldunak eta txapeldunordeak batuko dira, euskal artzain txakurrik onena zein dan erabagiteko Atxondo herri bizkaitarreko Axpe auzoan. Elizaburuko landetan egingo da txapelketea datorren domekan, irailak 21, goizeko 11:00tan hasita. Edizino honetan, Jose Mari Ustarroz urteetan txapelketako epaimahai lanetan ibilitakoa omenduko dau Gerediaga Elkarteak.

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea 1967an lehenengoz egin zanetik, Durangerriko eleizate edo herri batean antolatzen dau Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak, 1977an izan ezik; urte horretan Araian (Araba) egin zan artzain bati egindako omenaldiaren barruan.

Euskal Herriko txapelketea da eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko txapeldunek eta txapeldunordeek parte hartzen dabe. Aurreko urteko txapeldunak be parte hartzeko eskubidea izaten dau. Txapelketeak, 'Txapelketa Ofiziala' izendapena jaso dau Eusko Jaurlaritzatik.

Txapelketan euskal artzain txakurren mueta desbardinetako txakurrek baino ez dabe parte hartzen. Txapelketearen berezitasun teknikoak, epaimahaiaren izendapena eta ganerako zehetasunak Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketen Antolatzaileen Elkarteak zehazten ditu.

Txakurrek egin beharreko lanei jagokenez, lehenengo, txakurrak banderakaz finkatutako bide batetik joan beharko dau, ardiak dagozan tokitik urruntzen, nahiz eta bere jarrera ardietara joatea izan; bigarrenik, landan finkatutako hesietatik ardiak pasau beharko ditu; eta azkenik, eskortan ardiak sartu eta bertatik atara beharko ditu.

Irabazleak, 190 euro, BBK-k emondako txapela, Atxondoko Udalak emondako kopea, Gerediaga Elkarteak emondako txapeldun uhala eta oroigarria, eta Kalidadea Fundazinoa-Eusko Labelen opariak jasoko ditu; bigarrenak, 170 euro, BBK-k emondako kopea eta Gerediaga Elkarteak emondako oroigarria; eta hirugarrenak, 155 euro, Bizkaiko Foru Aldundiak emondako kopea eta Gerediaga Elkarteak emondako oroigarria.

Laugarrenetik zazpigarrenera arteko sailkatuek be sariak erpangvo ditue. Gainera, artzain jantzi onena dauen artzainak Gerediaga Elkartearen saria eskuratuko dau, eta euskal artzain txakur arraza onenak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailaren kopea. Amaitzeko, Durangaldeko txakurrik onenari Axpeko Aitzazpi alkarteak emondako saria be izango da.

Horrezaz gan, Eusko Labelen laguntzinoagaz euskal okelaren dastaketa be antolatu da txapelketara hurreratzen diran guztientzat. Aurten gaztaia eta edaria be banatuko dira, eta lau euroko sarrerearen truke pintxoa eta edaria izango dabe bisitariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu