Katamalok taldeari amaierea emoten deutson diskoa aurkeztu dau
2008-09-18 15:47 MusikeaJoseba Sarrionaindiaren poema batzuk musiketako atxakian sortu zanetik, berbea eta doinua buztartzeko egindako bidean beste pausu bat emon eban Bihotz Bakartien Klubak Katamalo ikuskizunagaz. Orain, zikloari amaierea emongo deutson Erantzi Katamalo Zuzenean diskoa aurkeztu dabe.
Joseba Sarrionaindiaren poema batzuk musiketako atxakian sortu zanetik, berbea eta doinua buztartzeko egindako bidean beste pausu bat emon eban Bihotz Bakartien Klubak (BBK) Katamalo ikuskizunagaz. BBKren egitasmo guztien oinarrian literaturea badago be, musikeak gero eta pisu gehiago hartu dau egitasmo barri horretan eta horren erakusle da gaur aurkeztu daben Erantzi Katamalo Zuzenean lana.
Alex Arregi (ahotsa eta gitarra akustikoa), Aintzina Lekue (bibolina), Gorka Mugarza (soinua), Gorka Urbizu (ahotsa, gitarra akustikoa eta elektrikoa), Gotzon Barandiaran (ahotsa eta cuatroa), Itsaso Etxebeste (bajua) eta Nerea Urbizu (ahotsa, kajoia eta pianoa) dira taldekideak, Katamalo egitasmoaren inguruan berenberegi batutakoak, izan be, bakotxak bere aldetik ibilbide profesional propioa dauka.
Poema gehienak Barandiaranenak dira baina badira Joseba Sarrionaindia, Peru Aranburu edota Maialen Lujanbiorenak be. 'Ez dira poema musikatu hutsak, kanta bihurtutako poesia baino', zehaztu dabe. Musikeari jagokonez, pop ingelesak kutsatutako baladak, Hertzainak edota Zazpi Eskale gogora ekarten daben folk-rock kantak edota tentsinoa eta emozinoa batzen dituan rocka topauko ditugu.
Diskoa Gernikako Lizeo Antzokian grabauta dago, bagilaren 28an. 'Hasierako asmoa hiruzpalau ekitaldi grabau eta hobeto jo genduzan kantak aukeratzea zan; baina Gernikako kontzertua entzun ostean, osorik argitaratzea erabagi dogu', azaldu dau Gorka Urbizuk.
Lan honegaz emongo deutse amaierea 2007an Korrika Kulturalerako egindako lehenengo ekitaldiagaz hasitako ibilbideari. 'Jentearen erantzunak bultzatu deusku egitasmoa gehiago lutzatzera baina honezkero amaitzeko momentua ailegau da', azaldu dabe taldekideek.
Azken kontzertuak
Taldearen azken kontzertuak zemendiaren 1era bitartean izango dira. Ostean, aurkeztu barri daben diskoa eta ikusleek memorian gordetakoak baino ez dira geratuko jazotakoak gogoratzeko.
Irailaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian izango dira; urriaren 2an Ortuellako Kultur Etxean; 9an Gasteizko gaztetxean; 16an Iruñeko Gurutze Plazako Institutuko aretoan; 22an Donostiako Gasteszena aretoan; eta, azkenik, zemendiaren 1ean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
Agurra
'Eskertu gura ditugu:
Etxekoak, bikoteak, lagunak, Bihotz Bakartien Klubeko soinu, zarata, aiene, irrintzi, asperen, algara eta intziri guztien arduradun izan diren Soinuederreko Igor, Miguel,Ander, Ibai, Julen, Aritza, Ixone, Joni, Mikel F. Krutzaga, Ubane eta Xarra, Itziar eta Haizea argien sorgintzaileak ,Kukubiltxo, Mitxauseneako Inma,Urko Lasarte (argazkiak), Joseba Barrenetxea (argazkiak), Aritz Albaizar, Zornotzako Zelaieta zentroa, Sergio eta Mikel ( Korrika Kulturala), Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Joseba Tapia, Kultur Errota eta Oihane, Txap, Blanca, Jose Luis Otamendi, Rafa Rueda, Luis eta Luisa, Leire, Aritz, Garbiñe, Izaskun, Gontzal, Kostelin, Berri Txarrak eta Panda Management, Jon Piris, Mikel Abrego 'Pintza', Ima eta Joni Ubeda, Hedoi Etxarte, Txuma Murugarren, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea, Joseba Sarrionandia.
Eskerrik asko etsaiei, ezagunei, ezezagunei, zuenera gonbidatu gaituzuen antolatzaileei, gure emanaldietara hurreratu zareten guztiei, gure diskoa entzun eta liburua irakurri duzuenoi, gure emanaldien berri iragarri duzuenoi... Bitartean , bihotz bakartien klubeko atzeko ateak zabalik dirau.
Ez dago zorion beterik falta ditugunak barik.'
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!