David Calvo: 'kuboaren eta bere filosofiaren aplikazinoa oso zabala da'
2008-09-15 12:51 BarriketanRubik kuboaren Espainiako txapelduna
David Calvo bilbotarrak 22 urte ditu eta Telekomunikazinoetako Injinerutzako laugarren mailan dago egun. Horrezaz gan, zaletasun berezia dauka azken urteotan, Rubik kuboa, hain zuzen be.
Ernö Rubik hungariar eskultore eta arkitektura irakasleak 74. urtean asmau eban, batez be, ikasleen ikuspegi espaziala hobetzeko asmoz. Laurogeigarren hamarkadan, 'kutxa didaktikoa', jostailu bihurtu zan eta 79an eta 80an, 200 miloe Rubik kubo saldu ziran munduan. Barealdia etorri zan gero baina gaur, sekulako susperraldia bizi dau. Gaur egun, mazinoarteko zein Europako txapelketak dagoz eta errekorra lortzeko saioak be bate bestearen atzetik datoz. Pasa dan maiatzean Yu Nakayima, 17 urteko gazteak ezarritako munduko errekorra (8'72) aurtengo garagarrilean hobetu dau Erik Akkersdijk holandarrak, 7'08 segundu (Kuboa osotzeko erabilitako denporea).
Kontuak kontu, irailaren 19tik 21era Derion (Bizkaian) egingo da Rubik Kuboaren Europako Txapelketea. Danetara, 18 herrialdetako 150 bat parte-hartzaile egongo dira, euren artean Espainiako txapelduna dan David Calvo bilbotarra.
1.- Rubik kuboa, 'Kubo Magikoa' ezagutzen ez dabenentzat, azaldu eiguzu zer dan, zein dan bere mekanismoa? Jostailu bat da ala zeozer gehiago?
Gatxa izango da gaur egun Rubik kuboa zer dan ez dakianik topetea. Ezagutzen ez daben gitxi horreei esango neuskie jostailu bat dala, munduan gehien saldu dan jostailua. Sei aldeko kubo bat da eta alde bakotxak 9 pieza mobikor ditu. Alde bakotxak kolore bat dauka. Nahastau eta barriro osotzea da helburua. Labur esanda, horixe da kuboa.
Edozelan be, jostailu bat baino zeozer gehiago dala esango neuke. Kuboa dana da, ikono bat da, edozertarako balio leike; berbarako, enpresa eta marka komertzial gehienek kuboa erabilten dabe euren kanpainatan modu batean edo bestean; kuboaren eta bere filosofiaren aplikazinoa oso zabala da.
Sano sustraituta dagoan tramankulua da eta horren erakusgarri, nazinoartean antolatzen diran txapelketak, komunikabideetan dauen oihartzuna zein errekor saiakerak aitatuko neukez.
2.- Rubik kuboak sekulako iraultzea ekarri eban; ordura arte, puzzleak lauak ziran eta Rubiken kuboagaz, hirugarren dimentsinoaren aukera azaldu jaken asmatzaileei, puzle sekuentzielen abiapuntua. Zer dira puzle sekuentzialak?
Bai. Holan da. Kuboa izan zan hiru dimensinotako lehenengo puzle sekuentziala. Ordura arte puzle edo buruhausgarri lauak ziran guztiak. Kuboa baino lehen, Sam Loydek asmautako '15aren jokoa' be baegoan, gogoratuko dozuenez, 16 pieza mobikorrez osotutakoa zan, mobimentuak egin ahal izateko tartean hutsune bat eukana. Hortik aurrera, kuboa sano iraultzailea izan zan, asmatzaileei hirugarren dimensinoaren aukerea zabaldu jaken eta mekanismo, forma eta koloreen konbinazinoak tarteko, muga bako mundua zabaldu zan.
Zertaz gabiltzan ez dakienentzat, puzzle sekuentzialetan, hasierako posizino bat dago eta nahastau ostean, lehengo egoerara heltzeko, pausu batzuk emon behar dira, sekuentzia edo mobimentu logikoen serie bat nahitaezkoa da, izan be, azken helburua ez da halabeharrez lortzen dan gauzea.
3.- Injinerutza ikasketakaz burubelarri zabilzala, zelan 'nahastau' zinan zu Rubik kuboaren munduan?
Injinerutza ikasketak eta kuboaren munduagaz dodan loturea buztartzea ez da gauza erraza baina muturreko egoerak eta obsesinoa baztertuz, bateragarriak dirala uste dot. Hori bai, Kuboaren Munduko Alkarteko espainiar ordezkaria naz, Derioko Europako Txapelketearen antolakuntza lanetan nabil eta azken aldion bidaia asko egin dodaz Hegoafrika, Txina, AEB eta Europan zehar eta saltsa hori guztia Telekomunikazino-injinerutzako laugarren ikasturteagaz bateratzeko 'jirabuelta' batzuk egin behar izan dodaz baina, badakizu, gustoko beharrean aldatzik ez!
Bestetik, kasualidade hutsa izan zan kuboagaz nahastea, izan be, orain bost bat urte camping baten pasau nituan udako opor egun batzuk osaba bategaz eta kuboaren barri lehenagotik be izan arren, osabeak kubo bat erregalau eta uda horretan zaletu nintzan. Pare bat aste edo behar izan nituan kuboa osotzeko. Internet eta beste bide batzuetan aztertuz, kuboaren gorabeherak, txapelketak ezagutu eta gauza barriak ikasi eta txapelketatan parte hartzen eta mundu honetan endredetan hasi nintzan.
4.- Esan dozun moduan, txapelketak be antolatzen dira kuboaren harian. Rubik kuboaren munduko lehen txapelketea 2005ean izan zan Orlandon (Florida, AEB) eta ordutik, urtean 20 lehiaketa izatetik, 60 baino gehiago izatera igaro da. Denporapasa hutsa da, benetako lehia dago?
Urtetik urtera nabarmen hazten joan da txapelketen kopurua. Orain hiru bat urte 20 txapelketa izan ziran, orain urte bi 40 eta igaz 80tik gora. Aurten, ehun txapelketatik gora egin dira munduan zehar orain arte. Datu esanguratsuak dira, kuboak eta txapelketek eragiten daben interesaren erakusgarri.
Txapelketa garrantzitsuenak Europakoa eta Mundukoa dira eta urte birik behin egiten dira. Maila beretsuan dagozala esan daiteke. Izan be, kontuan hartu behar da kuboaren irudi eskubideak eta kuboa merkaturatzeko eskubideak Londonen erregistrauta dagozala eta, ganera, Rubik kuboa europarra da, Ernö Rubik hungariar irakasleak asmautakoa. Beraz, ez da harritzekoa kubozale gehientsuenak europarrak izatea.
Txapelketen harian, mundu mailako lehenengo txapelketea Toronton egin zan 2003an, Floridan 2005ean eta Budapesten 2007an. Europako lehenenego txapelketea Amsterdamen izan zan 2004an, bi urte geroago Parisen eta, aurten, 2008an, Derion ospatuko da irailaren 19tik 21era bitartean.
5.- Igaz Parisen egin ostean, aurten Europako Txapelketea Derion egitea sekulako erronkea da. Antolakuntza lanetan be bazabilzela jakinik, zer suposatuko dau honek? Zenbat parte-hartzaile izango dira?
Europa mailako aurreko txapelketak uri handietan, uriburuetan egin izan dira, Amsterdamen eta Parisen eta, jakina, aurten Derion ospatzea sekulako erronka eta aukerea da. Derio herriaren 320. urteurrena ospatzen dagozan honetan, holako txapelketa bat antolatzeko gauza garela erakutsiko dogu eta, duda barik, Derioren izena eta izana munduan zabaltzeko be balioko dau.
Parte-hartzaileei jagokenez, izen-emotea zarratuta dago eta gorabehera batzuk izan daitekezan arren, orain momentuan 143 dira, 18 herrialdetako ordezkariak. Edozelan be, izena emoteko epetik kanpo be onartuko doguz eta, beraz, azkenean 160 bat lagun izan daitekez Derioko Europako Txapelketan.
6.- WCA, Kuboaren Nazinoarteko Alkartean, Espainiako ordezkaria zara, telebistan eta prentsan sarri agertu izan zara kuboaren gorabeherak azaltzen eta jentaurreko erakustaldiak egiten. Orain espezialistea zara esku bakarragaz egiten... Ogibide izan daiteke?
Bueno, egia da, telebistarik be deitu izan nabe eta Buenafuentegaz edota 'El Gong' lako programatan egon naz, jentaurreko erakusketak be partidea egin dodaz eta prentsa idatzian zein irratietan be ikusmin handia sortu da.
Bitxikeria legez, Will Smithen 'En busca de la felicidad' filmaren harian, Sony-rentzat aurkezpen bat egin neban; Portugalen iragarki bat grabau dot eta Honda etxeak be konbidau nau, Hegoafrikan eta Erresuma Batuan Bat Formulako karreratan jentaurreko erakustaldiak egiteko.
Kontuak kontu, nire kasuan zaletasuna da gehiago baina onartu behar dot kuboaren atzean azpiegitura handia dagoala, mundu zabala da eta merkataritza arloan indar handiko produktua da; negozio handia dago kuboaren inguruan.
Zure galdereari erantzunez, kuboaren mundu hau ogibide be izan daitekela uste dot baina nik oraingoz ez dot holan hartzen. Nire ikasketakaz nabil buru-belarri, gustora nabil eta oraingoz afizinoa eta ofizioa buztartzeko ez dot arazorik izan.
Bestetik, erakustaldiena aitatu dozu eta egia da, ganerako modalidadeak ahaztu barik, azken aldion kuboa esku bakarragaz osotzen oso gustora nabil; entrenemantu saio gehienak horretara bideratzen dodaz baina badinotsut asti barik nabil eta astean ordubete ataraten badot, pozik. Azken aldion, Derioko txapelketearen burukominagaz, pare bat aste edo daroadaz kuboa ukutu barik.
7.- Txapelketatan kuboa azkarren nork amaitzen dauen irabazten dau. Sinplea emoten dau baina WCAk hamabost orriko arautegia dauka. Zein da txapelketeari ekiteko prozedura? Zeintzuk dira oinarrizko arauak?
Bai. Modalidade ofizialak 17 dira eta gehienetan, 16tan, hain zuzen, denporarik onenak saritzen dira. Kuboa egiteko mobimentu gitxien egitea be saritzen da. Txapelketetan parte-hartzaileek bost ekinaldi egiten ditue eta zoria ebitetako, marka onena eta txarrena baztertuz, batez bestea egiten da.
Modalidade bitxiak be badagoz, esku bakarragaz egitea, oinakaz, begiak zarratuta...
8.- Espainiko txapelduna zaitugu eta 20 segundutik beherako markea daben 15 eta 20 personen artean zagoz. Ordu asko sartu beharko dozuz, ezta?
Espainian, gaur egun maila handia dago eta Galizian ospatuko dan hurrengo txapelketan lehia, burruka handia espero dot.
Bestetik, bai, ordu asko dira baina gaur egun saltsa askotan nabilenez, ez daukat horrenbeste astirik kuboagaz ibilteko. Beste zereginik ez dabenak eta, horreek dira gehien praktiketan dabenak. Dana dala, larregi ibiltea be ez da komenidu ze kantsau egiten zara eta obsesinoaren arriskua be hortxe dago.
9.- Munduko errekorra aurtengo garagarrilean ezarri dau Erik Akkersdijk holandarrak, 7'08 segundu. Magia emoten dau. Non ete dago mugea?
Egia da. Errekor hori magiatik hur dago. Estralurtarra da eta marka hori harrigarria izan da baita mundu honetan buru-belarri gabilzanontzat be. Dana dala, garagarrileko marka horretan suberte apur bat be euki ebala esan behar da.
Mugea hor nonbait egon daiteke; kontuan hartu, gizaki batek kuboa askatzeko edo osotzeko txapelketa batean topauko ez leuken prozesuan, gitxienez 20 mobimentu izan daitekezala batez beste eta segunduko bost mobimentu egin daitekezala jakinik, 4 bat segunduko markea litzateke. Baina biloen eta biloen arteko aukera bakarra izan daiteke hori eta, beraz, sano gatxa. Kontuak kontu, suberte puntu bat tarteko, 7 segundutik beherako markea lortzeko urtebete edo pare bat urte beharko dirala uste dot.
10.- 1974an, Erno Rubik irakasleak kuboa asmau ebanetik, historia osoan zehar gehien saldu dan jolasa da. Ordutik, eskuz egindako kuboak, altzari eta kosmetika bildumak dagoz... Hurrengoa zer izan daiteke?
Orain arteko bidea jarraitzea da giltza. Eboluzinoa etenik bakoa da eta bide horretan, zeozertxu aurreratzekotzan, proiektu handigurakoa garatzen gabilz, 'Kubik Mundua' zeozelan zabaltzeko. Oraindino ez dot gura informazino lar zabaldu honetaz baina esan deutsudan legez, Kubik Munduan erropa, diseinu altzari, diskoteka arloak zabaltzea da asmoa, kuboaren irudiagaz baino gehiago, kuboaren filosofiagaz, koloreakaz, koloreak bizitzako arloakaz, arazoei aurre egiteko jarrerakaz buztartuz.
Era berean, txapelketa, jentaurreko erakusketa eta enparauakaz jarraitu gura neuke.
Informazino gehiago:
www.darubik.com
www.speedcubing.com/events/euro2008
www.worldcubeassociation.org
www.deriokoudala.euskalnet.net
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!