Zeruan
2008-09-10 12:14 BidaideSegundoan bederatzi metro igoteak belarriko mina sortarazoten dau baina, bestela, munduko behatokirik altuenera eroaten zaituen makinek zaratarik txikiena be ez dabe egiten eta mobidukeran ez da dardararik igarten.
Segundoan bederatzi metro igoteak belarriko mina sortarazoten dau baina, bestela, munduko behatokirik altuenera eroaten zaituen makinek zaratarik txikiena be ez dabe egiten eta mobidukeran ez da dardararik igarten. Txinako etxe-orratz altuenaren 97 pisuak igoteko minutu bat baino gehitxuago behar ditu pasa dan zapatuan zabaldu eben behatokira ailegetako. 'Zeruko pasabidea' dalakotik dagoan ikuspegiak harrituta ixten dau publikoa. Hiru egunetan, ia 12.000 lagunek 15 euro pagau ditue (gitxieneko soldatearen ia laurena) 100. solairura, eraikinaren hirugarren begiralekura, ailegetako. Han goian, kristalezko lurra dala eta, bertigoa daukienak zorabiatu egiten dira eta bildurtiek gurago dabe aurrera begiratu lurrera baino. Baina inor ez da damutu. Dragoi Handiaren uriburu ekonomikoa hanken azpian izateak ez dauka preziorik.
Lurretik 474 metrora, Shanghai asfaltozko baso baten moduan agiri da, hogei miloe biztanleko koktela tapetan dauen behelaino zarratutik eraikin erraldoiek urteten daben bitartean. Jin Mao torrea, orain arte uriko altuena, txiki geratu da. Shanghaiko Munduko Finantza Zentroak bisitariei zerutik hur-hur egoteko aukerea eskaintzeaz gan, alboko eraikinari planetako hotelik altuena izateko ohorea be kendu deutso 79 eta 93 solairuetan dagoan Park Hyatt Shanghai hotelari esker, baita lurretik altuen dagoan ugerlekua izatearena be, 85. solairuan baitago, eta munduko etxe-orratzik seguruarena: 9 graduko lurrikarak aguantetako moduan eginda dago, pasa dan maiatzean Sichuán probintzia suntsitu ebana baino askozaz gogorragoa; eta bosteko eskalan 4. mailako tifoiak be aguantau leikez, 'Katrina' suntsitzailearen parekoak. Eraikinak 2.271 zutabe ditu, lurrazpian sartuta, zuztarrak izango balira legez. Ganera, 90. solairuan kontrapisu erraldoi bi jarri ditue, 150 tonakoa bakotxa, kulunkea ebitetako.
Halanda be, Taipei 101 eraikinari ez deutso eregitako eraikinik altuenaren titulua kentzen. Hori bai, arduradunen esanetan, eraikin hori antenakaitik da altuagoa, horregaitik baino ez. Horregaitik, euren eraikinari 'munduko teilatua' izena jarri deutse, lotsa barik. Baina izenak denpora gitxirako balioko dau. Kalearen beste aldean hurrengo erraldoiaren oinarriak jarten hasi dira, 2014an amaituta egongo danean 510 metro baino gehiago izango dituana.
Burruka horrek oso ondo erakusten dau uriburua pil-pilean dagoala eta garapen ekonomikoak ia ez daukala mugarik. Ehungarren solairutik oso ondo ikusten dira honezkero bete-beteta dagoan urian egiten ari diran eraikin barriak. Shanghai uriburuan, Espainia guztian baino metro koadro gehiago eregiten ditue eta, ikusitakoak ikusita, egoereak bere horretan segiduko dau eta eraikuntza-burbuilea ez da horren arin apurtuko. Apartamentuen eta bulegoen prezioek zifra biko erritmoan doaz gorantza.
Baina joerea ez da beti goranzkoa izan eta horren erakusle da orain milaka lagun ahozabalik ixten dituan Munduko Finantza Zentroaren historia. Eraikuntzea 1997an hasi zan, asiar kontinentea krisi ekonomikoan murgilduta egoanean. Proiektua bere horretan geratu zan urte bi geroagora arte, Mori eraikuntza-enpresa japoniarrak, eraikinaren bideragarritasunaren ganeko duda artean, aurrera egitea erabagi ebanean. Ganera, nipondarrek diseinua aldatu egin behar izan eben, goiko alderako aurreikusita egoan zirkunferentzia formako zuloa herrialdearen banderearen kopia zala inoen herritarren matrakak zirala eta. Gauzak holan dirala, azkenean laukizuzen itxurea hartu eban eta orain 'botila-edegigailu' ezizenez ezagutzen da. Arazoak arazo, tartean sute bat, aurreikuspenak bete ezkero, behatokiak urtean hiru miloe bisita izango ditu eta esfortzu ekonomikoak zeozertarako balio izango dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!