Frankismoaren biktimei gorazarrea egingo jake Berrizen
2008-09-05 12:43Felipe Urtiaga Berrizko alkate izan zana eta Jose Agirre guardia herritarra 1937. urtean fusilau zituen eguna da irailak 11. Hortik abiatuta, udalbatzak aurtengo herriko jai eguna irailak 11 izatea erabagi eban, San Pedro eguna (bagilak 29), ohituraz herriko jai eguna, domekea zala kontuan izanda. Holan ba, datorren eguenean frankismoaren biktimei gorazarre egingo jake Berrizen.
Berrizko udalbatzak aurtengo herriko jai eguna irailak 11 izatea erabagi eban, San Pedro eguna (bagilak 29), ohituraz herriko jai eguna, domekea zala kontuan izanda.
Felipe Urtiaga Berrizko alkate izan zana eta Jose Agirre guardia herritarra 1937. urtean fusilau zituen eguna da irailak 11. Uda horretan, abuztuaren 4an, Gregorio Urkijo herriko forala fusilau eben. Urte berean, Agustin Milikua herritarra kartzelaratu eta jarraian gaixotu zan. Egoera penagarrian egoan arren, ez eben askatu eta 1938ko zemendiaren 28an hil zan. Fermin Aranguren Berriztarra Asturiasen atxilotu eben eta 1939ko abuztuaren 10ean fusilau.
Felipe Urtiaga Españako II Errepublikako aginte demokratikoan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkatea izan zan. Alkate zala, 1931tik 1936ra, herriak hobekuntza handiak izan zituan: frontoia egin zan, Olakueta plazea barritu, Berrizko auzoetan eskolea eregi zan eta ur biltegiak egin eta etxeetara ura eroan, besteak beste.
Felipe Urtiagak, 1936ko garagarrileko 18ko militarren golpea izan zanean, orduko gobernu demokratikoa defendidu eban. Alkatea zanez, herriko Defentsa Komitearen burua izan zan 1936ko zemendiaren 29an udal batzarrak berrantolatu arte. Gregorio Urkijok eta Jose Agirrek Defentsa Komite horretarako lan egiten eben. Frankisten tropak 1937ko apirileko 25ean sartu ziran. Gero, frankismoaren errepresinoa izan zan nagusi. Felipe Urtiaga Berrizko alkatea eta Jose Agirre 1937ko irailaren 11n hil zituen, fusilauta, Derioko kanposantuan. Gregorio Urkijo ere Derion fusilau eben.
Felipe Urtiaga eta Jose Agirre hil zitueneko egunean egiten jake gorazarre frankismoaren biktimei, biktima guztiei: fusilautakoei, bestela hildakoei, igeslariei, kartzelan egon ziranei... Berriz 1936 Gogoratzen alkartea oraindino be ikertzen dabil, izen bilketa egiten dabil.
Egun honen aurrekariak
2005. urtean, Felipe Urtiaga izeneko plazan, haren omenezko oroigarria inaugurau eban Berrizko Udalak, Gerediaga Elkartearen ekimenari erantzunez.
Igaz, 2007.urtean, Felipe Urtiaga eta Jose Agirre fusilau zituela 70 urte bete ziranean, Berriz 1936 Gogoratzen alkartea gehitu zan omenaldi-ekitaldietara eta alkartea jentaurrean ezagutzera emoteko balio izan eban. Urtebetean, sasoiko jazoerak ikertzen jardun izan dabe alkarte horretako kideek.
2008. urtean, Berrizko Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen eta Gerediaga Elkarteek alkarregaz antolatu dabe egun osoko omenaldia, udalbatzak erabita, udalerrian jai-eguna dala kontuan izanik.
Irailaren 11ko ekitaldi garrantzitsuenak:
- Omenaldia familiartekoei (12:00. Udaletxea)
Danetara, antolatzaileek 33 familia deitu ditue. Urte osoko ikerketearen ondorioz Berriz 1936 Gogoratzen alkarteak igaz hartutako konpromisoa bete gura izan dau: biktimen ganean topautako dokumentuak hareen ondorengoen eskuetan ixtea. Biktimak, izan, gehiago dira. Horregaitik , topau diran guztien izenak Kultur Etxean jarritako erakusketan egongo dira. Konbidautako familia bakotxak artxibo militarretan, Salamancako artxiboan edo beste nonbaiten topautako dokumentuen kopiak jasoko ditu paper eta CD euskarrian. Oroigarri legez, Etxe musikariak eta Xabier Amuriza bertsolariak egun horretarako sortutako abestiaren grabazinoa gehituko jako karpeteari.
Bestetik, bezperan izango dan bilkuran, udalbatzak onartu ezkero, adierazpen instituzionala be irakurriko dabe ekitaldian.
- Oroimenaren Bidea (13:00)
1936ko estadu-kolpe faxistearen ondorioz euren bizitza edo askatasuna eskaini eben berriztar guztiei gorazarrea egiteko, Berrizko parkearen barruan dagoan bide nagusiari 'Oroimenaren bidea' izena jarriko jako. Aurten oroimen testua jarriko da baina aurrerantzean, biktima izan ziran gehienen izenak topetan diranean, panelean imintzeko asmoa dago.
- Bazkaria (14:00)
Eguraldi ona badago, Markesaren parkean izango da. Bestela, Olakuetako frontoian. Bazkarirako txartelak 10 euroan salgai izango dagoz ohiko lekuetan.
- Lore-eskaintzea (18:00. Felipe Urtiaga plaza)
Bere omenezko oroigarrian, herritarrek lore-eskaintzea egiteko aukerea izango dabe. Udalak ekitaldirako lora sortak herritarren eskura iminiko ditu. Egun horretarako Etxek eta Amurizak egin daben abestia entzuten dan bitartean egingo da lore-eskaintzea.
- Erakusketea eta ikus-entzunezkoa (18:30. Kultur Etxea)
'Frankismoaren errepresinoa Berrizen (1936-1939)' erakusketa inaugurauko da Kultur Etxean. Hamabi paneletan gerrea hasi eta Nazionalek herria hartu eben arte Berrizen Errepublika defendiduteko egindako bidea jarraitzen da. Errepresinoan fusilautako Felipe Urtiagari, Gregorio Urkijori, Jose Lopezi, Fermin Arangureni eta kartzelan hildako Agustin Milikuari jazotakoa ezagutzera ematen da. Azken panelean, zerrenda luze batean, jasota dagozan gerrako biktimen izenak agertzen dira. Bitrinetan, panelakaz loturiko garaiko dokumentuak eta zenbait objektu erakutsiko dira, udaletxeko akta liburua, miñoien etxean egoan egurrezko ikurra, fusilautakoen gauza personalak... Erakusketea zabalik egongo da irailaren 11tik urriaren 11ra, astelehenetik barikura, 18:30-20:30era eta zapatuetan 11:30-13:30era.
Azken ekitaldia ikus-entzunezkoa izango da. Argazki eta bideo grabazinoakaz, 1937ko udan jazotakoari jarraipen kronologikoa egingo jako. Gerrea edo gerrearen ondorioak bizi izan zituenen ahotsak entzungo dira eta fusilauek familiei bialdutako karta batzuk irakurriko dira.
Irailak 12 — Musikea eta jantzea
'1937 gogoaren bidezidorretatik' - KUKAI - TANTTAKA
1937. urteko maiatzaren 7an, Euskal Herriko milaka umek erbestera iges egin behar izan eben. Euren familietatik urrun, benetako bakardadea eta tristurea zer diran hurretik ezagutu eben. Antolatzaileek ume horreen artetik zazpi aukeratu ditue euren historia kontetako. Zelan? Jantzea izango da ume horreen arteko zilbor-hestea, Juan Mari Beltranen doinu poetikoakaz batera. Ekitaldia Berrizko Kultur Etxean egingo da 22:00etan (sarrerea 8 euro).
'Gogoan doguz Berrizen' kantea
Musikea: Iñaki Etxezarraga 'Etxe' / Berbak: Xabier Amuriza
Jausi ziren frontean, fusilatu ebezan
edo usteldu kartzelan
zibilak be zenbat errubako!
Herritar hilak berrogeitamar
baino gehiago
Berriztar gerran hilak
eta zigorpeko danak
gogoan doguz Berrizen
Biziak, gerroste baltzetik
aurrera urtenak
autortzen doguz Berrizen.
Familiak apurtu ziren
herritarrak herritarren hondatzaile
gu euren jarraipen
garena gara eurak izan zirelako.
Berriztar gerran hilak
eta zigorpeko danak
gogoan doguz Berrizen
Biziak, gerroste baltzetik
aurrera urtenak
autortzen doguz Berrizen.
Zueri esker garela gu
beti gogoan daroagu
beti gogoan daroagu
zueri esker garela gu.
Berriztar gerran hilak
eta zigorpeko danak
gogoan doguz Berrizen
Biziak, gerroste baltzetik
aurrera urtenak
autortzen doguz Berrizen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!