Abian da Expodistrito, Bilboko Barrutietako udaltegietara argazki eta pintura erakusketak eroango dituana

Bizkaie! 2008-09-04 14:50   Kulturea

Udako atsedenaren ostean, Bilboko barrutietako udaltegiek ohiko kultur jarduereari ekin deutse ostera be, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aldi baterako eskultura, pintura eta argazki erakusketak batuz antolatzen dauen Expodistrito zikloagaz.

Udako atsedenaren ostean, Bilboko barrutietako udaltegiek ohiko kultur jarduereari ekin deutse ostera be, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aldi baterako eskultura, pintura eta argazki erakusketak batuz antolatzen dauen Expodistrito zikloagaz. Abenduaren 15era arte, Abando, Begoña, Zorrotza, San Ignazio eta Otxarkoagako udaltegietan bost erakusketa antolatuko dira guztira, horreetatik hiru pintureari eskainitakoak —marrazkiak eta collageak tarteko—, eta beste biak argazkigintza alorrekoak. Sarrerea dobakoa izango da guzti-guztietan.

Irailaren 3an hasita, Alberto Martinez argazkilaria, Juan de la Rica marrazkilaria eta Cheri Cherin eta Jean Paul Nsimba Mika margolarien lanakaz gozetako aukerea izango da. Alberto Martinez Barakaldon jaiotako argazkilaria da. Artista gaztea bada be (31 urte besterik ez) eta argazkigintzan denborapasan jardun dauen arren, ibilbide artistiko luzea egina dauka. Salbuespenak salbuespen, bere irudiak izaera dokumentalekoak izan ohi dira, eta horreen bitartez dinamismo sentsazinoa txertatzen ahalegintzen da. Martinezen obra Abandoko udaltegian ikusi ahal izango da irailaren 15era arte, eta ondoren, Otxarkoaga, San Frantzisko, Zorrotza eta Begoñako udaltegietan jarriko dabe ikusgai.

Bestalde, Juan de la Ricak papelean egindako formatu txikiko marrazki eta collage sorta bat ekarri dau Expodistritora. Bilboko artista gazte-gazte honek (1979an jaio zan) holakoxe izaera surrealista eta absurdua emoten deutse bere lanei, eta orokorrean danetariko teknikak erabili ohi ditu, marrazki automatikotik hasi eta pop artetik hurrago dagozan planteamentuetaraino. Bilduma hau Otxarkoagako udaltegian egongo da ikusgai, irailaren 15era (astelehena) arte, eta hortik aurrera, Begoña, Zorrotza eta San Frantziskon ikusi ahal izango da.

Cheri Cherin eta Jean Paul Nsimba Mika margolari kongoarrek Afrikako abangoardia artistikoak Bilboko publikoari hurbilduko deutsen alkarren arteko erakusketa bat aurkeztuko dabe. Cheri Cherin (goitizen artistiko honegaz ezagutzen da Josep Kikonda (1955ean Kinshasan jaiotakoa), Afrikako eguneroko bizimoduaren eszenak irudikatzen dituan herri pinturearen ordezkaria. Jaioterrian entzute eta sona handia dauen margolari honek artearen eta hezkuntzearen alorreko alkarte desbardinetan parte hartu ohi dau eta behin baino gehiagotan Errepublikako margolari onena izentau dabe. Autorpen honi esker, nazinoarteko erakusketetan parte hartzeko aukerea izan dau, Guggenheim Museoak 2006an antolatu eban ‘100% Afrika’ izenburukoa barne. Bestalde, Jean Paul Nsimba Mika gazteak (margolanak ‘Silence du grand chef’ edo ‘Buruzagi handiaren isiltasuna’ izengoitiaz sinatzen ditu) pintura akademikoaren eta hareazko margolaritzearen teknikak gaineratzen deutsoz estilo herrikoiari. Artista gazte-gaztea bada be (1980an jaio zan Kinshasan) eta Arte Eder ikasketak amaitu barik dituan arren, bere tailer artistikoa zabaldu dau eta arte afrikarreko promesarik sendoenetakotzat joten dabe. Bi artista interesgarri honeen lanak Begoñako udaltegian egongo dira ikusgai irailaren 15era arte, eta gero, Abando, San Ignazio eta San Frantziskora eroango ditue.

Datorren hilean, Mikel Pando margolaria eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen ‘Distrito Foto’ ekimeneko partaideak gaineratuko jakoz ‘Expodistrito’ programeari.

Mikel Pando (Bilbon jaio zan 1955ean) isiltasuna eta lasaitasuna irudikatzen ahalegintzen da bere margolanetan pentsamendu propio eta indibiduala lortzeko bidetzat. Bere pintura inpresionistan, lehen hezkuntzako bere ikasleen lanetan bi hamarkada luzez atzemondako alaitasun eta ausardiaren eragin nabarmena igarri daiteke. Bere obra Abandon ikusi ahal izango da urriaren 13tik 24ra bitartean, eta ondoren, Otxarkoagan eta Begoñan.


'Expodistrito' - Egitaraua

ARGAZKIA

Alberto Martinez

Irailak 01-15, Abandon (Barrainkua, 5)
Irailak 16-30, Otxarkoagan (Pau Casals, 19)
Urriak 01-15, San Frantziskon (Mariaren Bihotza Pl.)
Urriak 16-31, Zorrotzan (Hermogenes Rojo, 1)
Zemendiak 03-15, Begoñan (Circo Amateur, 2)


Distrito Foto

Urriak 01-10, Abandon (Barrainkua, 5)
Urriak 16-31, Otxarkoagan (Pau Casals, 19)
Zemendiak 03-15, Zorrotzan (Hermogenes Rojo, 1)
Zemendiak 18-28, San Frantziskon (Mariaren Bihotza Pl.)
Abenduak 01-15, Begoñan (Circo Amateur, 2)


PINTURA ETA MARRAZKIA

Cheri Cherin eta Jean Paul Nsimba Mika

Irailak 01-15, Begoñan (Circo Amateur, 2)
Irailak 16-30, Abandon (Barrainkua, 5)
Urriak 01-15, San Ignazion (Errekondo, 2)
Zemendiak 03-17, San Frantziskon (Mariaren Bihotza Pl.)


Juan de la Rica

Irailak 03-15, Otxarkoagan (Pau Casals, 19)
Irailak 17-30, Begoñan (Circo Amateur, 2)
Urriak 02-15, Zorrotzan (Hermogenes Rojo, 1)
Urriak 16-28, San Frantziskon (Mariaren Bihotza Pl.)


Mikel Pando

Urriak 13-24, Abandon (Barrainkua, 5)
Zemendiak 03-15, Otxarkoagan (Pau Casals, 19)
Zemendiak 17-29, Begoñan (Circo Amateur, 2)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu