Berri Txarrak taldearen inguruko 'Zertarako amestu' dokumentala Portobelloko Zine Jaialdian estreinauko da gaur
2008-08-29 12:51 MusikeaBerri Txarrak taldearen inguruan Ibon A. Totorika zuzendariak egindako 'Zertarako amestu' dokumentala Portobelloko Zine Jaialdian estreinauko da Londresen, 'Death of Alternative Music Venues' atalaren barruan.
Berri Txarrak taldearen inguruan Ibon A. Totorika zuzendariak egindako 'Zertarako amestu' dokumentala Portobelloko Zine Jaialdian estreinauko da gaur, hilak 29, Londresen, 'Death of Alternative Music Venues' atalaren barruan. Gaur hasi eta irailaren 14ra arte izango dan jaialdi hau Erresuma Batuko zine independientearen hitzordu garrantzitsuenetako bat da. 'Zertarako amestu' arratsaldeko seietan estreinauko da, Westbourne Studios aretoan.
Dokumentalean, Ibon A. Totorika zinegile getxoztarrak Berri Txarrak taldearen 25 hilebete bizienak jasoten ditu, 'Jaio.Musika.Hil' diskoa grabetan hasi ziranetik, Europa, Amerika eta Asian zehar egin eben bira luzea amaitu arte. Horrezaz gan, Gernikako Astra eraikinean eskainitako kontzertu bat, modu berezian filmauta, batzen da dokumentalean.
Berri Txarrak taldea azken hamarkadan euskal musikan eta Espainiako rock alternatiboaren barruan izan dan talderik garrantzitsuenetako bat da. Bost disko ditu kalean eta ehunka kontzertu eskaini ditue mundu osoan zehar, oso kritika onak jasoz. Abuztuaren 16an euren 'Jaio.Musika.Hil' birea amaitu eben Gernikan. Kontzertu horretan Mikel Lopez 'Rubio' baxu-jotzaileak agur esan eutson taldeari (taldean dagoan bigarren formazino aldaketea izan da hau, Aitor Oreja gitarristeak be itxi eban taldea 'Libre' diskoa grabau eta gero). Taldeko ganerako bi kideak (Gorka Urbizu, ahotsa eta gitarra, eta Aitor Goikoetxea, bateria) kanta barriak preparetan hasiko dira orain.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!