Zhao Bandi: ‘Jokoek topikoak indartzeko baino ez dabe balio’

Zigor Aldama 2008-08-26 12:54   Bidaide
Moda diseinatzaile txinatarra

Polemikea eta Zhao Bandi buztartuta dagoz txinan. Anfitrioi olinpikoaren moda diseinatzaile abangoardistena ez eze, ahoa zarratuta, isilik egoten ez dakian personea da. Ahoa zabaltzen dauen bakotxean upealakoak sortarazoten ditu. Atara kontuak, Bandiren diseinu ausarten oinarri dan panda hartzaren sorburu Sichuan probintziako gobernuak lege berezia aldarrikatu dau diseinatzailearen kontra eta hartzaren alde, batez be, animaliaren ustiaketa komertzialari aurre egiteko.

Halan da be, urpean be isilik ez dagoan diseinatzaileak kereilea jarri eta auzitara eroango dau Dreamworks, Steven Spielberg handiaren produktora, oraintsu, Sichuan hankaz gora jarri eban lurrikarearen ostean, ‘Kung Fu Panda’ pelikulea estreineteagaitik; Bandiren eretxiz, onartezina eta zantarra da holako film bat egoera jakin horretan aurkeztea ezelako lotsa barik.

Kontuak kontu, euskal komunikabide bati eta, are gehiago, espainiar estaduko komunikabide bati eskaintzen deutson lehen alkarrizketea da hau. Aurrerago osorik irakurri ahal izango dan barriketaldiaren laburpen bat da oraingo hau, Bizkaie!-k primizian dakarrena. Okasinorako panda hartzaz mozorrotutako modelo bategaz agertu jaku Zhao Bandi.

Beijing 2008, aurtengo Joko Olinpikoak tarteko zirala egindako alkarrizketan gai horri ekin deutsagu ezer baino lehen, izan be, Bandik suzi olinpiko alternatiboa ez eze, panda hartzak diran maskotak diseinau ditu uztai olinpikoen koloreakaz. Sano arrakastatsua izan da Bandiren estrategia ze suzi alternatiboagaz egindako ibilbidean, Suitzako Bernara heldu zan, buruan panda hartzaren etxurako txanoagaz. Guzurra emoten badau be, Bernako alkateak harrerea egin eutson eta diseinatzaileagaz batera, suzi olinpikoaren bizte alternatiboan parte hartu eban uriko estadio ezagun batean.


1.- Zergaitik Joko alternatiboak antolatzeko obsesino hori?

Nire eretxiz, Olinpiadea herriarena izan beharko litzateke, herritarren parte hartzea sustatu eta indartuko leukena eta Txinakoa ez da holakoa izan. Jokoetarako berenberegi eregitako estadio eta zelaien inguruetan zelako hesiak jarri dituen eta Joko Olinpikoen inguruko edozertara hurreratzeko herritar arruntek izandako trabak azpimarratuko neukez. Horregaitik, nire ibilbide alternatiboan herritar arruntek parte hartzea gura neban eta asmo horri eutsiz nire suzia metroan be ibili zan hara eta hona herritarrakaz bat eginik eta Beijing 2008ko ‘sua’ telebistaz baino ikusten ez zan lekuetara be heldu zan. Zeozelan, inondik inora bete ez dan ‘Herriaren Olinpiadak’ goiburua aldarrikatzea izan da nire asmoa.


2.- Era berean, Jokoen zabaltze ekitaldi berezia preparau zenduan. Dana dala, gustau jatzun zabaltze ekitaldi ofíciala?

Bai. Ikuskizun ederra izan zan. Baina Zhang Yimou zine zuzendari ospetsuak lehenaldiko Txina zaharkitua baino ez eban erakutsi eta, berbarako, aro komunistearen osogairik sartzeko ausardiarik ez eban izan. Ikuskizunaren aurrean, gure Herriak ez daukala etorkizunik lako sentsazinoa igarri neban, sasoi bateko irudi eta jarreratan ez atzera ez aurrea bezela. Hori sano mingarria izan zan niretzako ze beste jarrera eta beste irudi bat emon gura izan bada be, Jokoek Txinari buruzko topikoak indartzeko baino ez dabe balio izan.


3.- Nondik nora otu jatzun maskota alternatiboak sortzea?

Bueno, maskotan kontu hori nire amorraldia erakusteko baino ez dot egin ze, dakizunez, Sichuaneko gobernuak lege berezia onartu barri dau nire sormen lanetan panda hartzaren irudia erabiltea galarazoteko.


4.- Bi arpegiko jarrerea be bada, Sichuaneko agintariak kritiketea eta, aldi berean, ‘Kung Fu Panda’ filma salatzea…

Alkarren artean zerikusirik ez daben gaiak dira. Spielbergen filman errealidadeagaz bape zerikusirik ez dauen panda hartzaren irudi erridikulua azaltzen da eta, horrezaz gan, Sichuaneko lurrikarearen ostean estreinetako erabagiak Txinako herritarrakazko sentsibilidade eza erakusten dau.


5.-Ezelako bildur eta lotsa barik erabilten dozuz panda hartzaren buruak bularretakoen kopak sortzeko eta hori be mingarria izan daiteke batzurentzat…

Onartzen dot nire artea polemikoa eta eztabaidagarria dala baina, era berean, polemikak eragiteko nire eskubidea aldarrikatu gura dot. Gaur egun, modearen munduan ez dagoala gauza erakargarririk pentsetan dot eta, beraz, nire modelo eta sormen lanakaz gizartea eragitea, lozorroan dagozan herritarrak izartutea eta zeozelako eztabaidea biztu gura neukez, lo dagoan mundura haize freskoa eroan gura dot.


6.- Polemikearen bila ibiltea marketing estrategia ederra izan daiteke kasu askotan. Asmo horregaz zabilz polemikearen atzetik?

Bai. Ez deutsut ukatuko. Nik ogibide bat daukat eta mundu guztiaren antzera bizimoduari zelan edo halan aurre egin behar deutsat. Esangura horretan, polemikea tresna bat da, estrategia bat eta ni holakoa naz. Nire alderik eztabaidagarriena baino ez dot erabilten eta hori nobedadea da Txinan. Gitxienez, hamarkada bat beharko da hemengo jenteak nire lana eta nire jarrerea ulertu eta onartzeko. Helduko da momentua, gaur iraintzen nabenak nire diseinu eta lanakaz gozauko dabena, seguru nago.


7.- Zure modea gehienbat funtzionala da. Modea artea da ala zeozer praktikoa?

Modearen industrian atal desbardinak dagoz eta niri goi mailakoa interesetan jat, hau da, diseinua artetzat hartzen dauena, hain zuzen be. Horregaitik, nire jantzirik merkeenak 600.000 yuanekoak dira (60.000 eurokoak). Askotan nire bezeroei galdetzen deutset ia inoiz nire jantzia erabiliko daben ala gordetako baino ez dan izango eta orain arte behintzat, danek esan deustie gitxienez baten janzteko amesa dabela. Dana dala, herritar arruntei, jantzi karu horreek pagetako modurik ez daukien herritarrei be nire arteaz gozetako aukerea emon gura deutset eta, esangura horretan, nire sormenak inprimidu eta kamiseta bilduma bereziak be preparetan dodaz.


8.- Txina moda-modan dago, hori ez dago ukatzerik. Baina horrek luzaroan iraungo dauela uste dozu?

Bai. Bape duda barik. Joko Olinpikoek erakutsi dabe Txina podiumaren leku gorenean dagoala, ez bakarrik kirol arloan baita beste arlo batzuetan be. ‘Made in China’ zigilua kalidade eskasaren sinonimo zan boladea joan zan eta horren erakusgarri, hemen dozu modelo dotore honek jantzita daukana…

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu