Guzurraren Olinpiadea
2008-08-25 13:04 BidaideZoritxarrez, gimnasia artistikoaren eskandalua icebergaren muturra baino ez da. Pekin 2008 guzurraren eta egia ez osoen Olinpiadea izan da, batez be, bete bako aginduen Olinpiadea.
Jentaurrean agertzen ziran bakotxean, publikoak bekozko iluna jarten eban. Ikusle txinatarrak eurak be zur eta lur geratzen ziran: ‘ume batzuk baino ez dira!’. Urrezko marrazki eta letrakaz hornidutako maillot gorrietan ostenduta, txinatar gimnastek ez eben inor engainau; oraindino froga ofizialik ez dagoan arren, eta akaso, sekula ez da holakorik izango, itxuraz, behintzat gauzak nahiko argi dagoz: He Kexin, Jiang Jueyuan-ek eta Yang Yilin-ek ez daukie COI erakundeak lehiarako eskatutako gitxieneko edaderik. Lerrook idazten dituan kazetari honek hori baieztatzeko frogak topau ditu Txinako prentsan, bai behintzat Kexin-en kasuan. Frogarik gehienak ezabatu, borrau egin ditue baina horreetako batzuk bistan gelditu dira.
2007ko zemendiaren 5eko edizinoan, ‘Shenguo Bao’ egunkariak kirol saio bat hasi aurretik He Kexin-en gaineko barria argitaratu eban; albistearen arabera, kirolariak 13 urte zituan. Aurrerago, aurtengo urtarrilaren 22an, ‘Fazhi Wanbao’ egunkariak Kexin-en edadea aitatu eban beste idatzi batean: 13 urte. Horrezaz gan, 2007ko zemendiaren 3an, ‘Renmin Ribao’ egunkari ofizialak eta Txinan eredu dan Xinhua, albiste agentziak aitatu kirolariaren jaiotza data bera nabarmentzen dabe, Etorkizuna handiko kirolaria dala nabarmenduz. Kontuak kontu, datuotan oinarrituz, Kexinek 14 urte daukaz gaur egun eta Joko Olinpikoetan parte hartzeko arauetan eskatutako 16 urteko gitxieneko edadetik urrun dago. Dana dala, kirolariaren pasaportean agiri dan jaiotza urtea 1992 da eta, beraz, gobernua bera be iruzurrean nahastauta egon daitekela pentsetako arrazoiak dagoz. Txinatar askoren eretxiz, ez da holako kasu bat pasetan dan lehenego aldia eta ez da azkena izango.
Zoritxarrez, gimnasia artistikoaren eskandalua icebergaren muturra baino ez da. Pekin 2008 guzurraren eta egia ez osoen Olinpiadea izan da, batez be, bete bako aginduen Olinpiadea. Lehenengoa zuzi olinpikoa biztu aurretik etorri zan: agindutako prentsa askatasuna eta zentsurarik bako Internetera sarrerea guzar galanta izan ziran. Akreditautako kazetariek eurek be Pekinen ezin izan ditue galarazotako orriak zabaldu eta hori gitxi ez bada, Erresuma Batuko kazetari bat golpeka hartu eta atxilotu izan eben tibetarren manifestazino batean argazkiak atarateagaitik; hasieratik, beraz, argi gelditu zan Txinan arrisku handiko ogibidea dala kazetariona, baita Joko Olinpikoetan be. Mugarik Bako Kazetariak lako erakundeek irrati klandestinoen bidez emitiduteko ahaleginak egin arren. Gauza handirik ez dabe lortu. Joko Olinpikoak amaituta, ikusteko dago orain Txinako agintariek Wikipedia eta Blogspot lako orrietara sarbidea galarazoten jarraitzen daben ala ez.
Ondoren, Zhang Yimou zine zuzendari ezagunaren zabaltze ekitaldiak ahoa zabalik itxi zituan telebistaz edo Internetez jarraitu eben 4000 miloe ikusleak. Edozelan be, ikuskizunak amarrua ekarren, izan be, biharamunean Txinako prentsak zabaldu eban ‘Oda Aberriari’ abestuz agertu zan neskatilak playback egin ebala. Benetako abeslaria lodia zan eta hagin baltzak zituan eta Txinako gobernuak emon gura eban edertasun irudiagaz ez etorren bat. Domekako, abuztuaren 24ko zarratze ekitaldian be agirikoa izan da playbacka baina gitxienez, entzuten ziran ahotsak eszenatokian egozanenak ziran, besteak beste, Placido Domingo espainiar tenorearenak.
Era berean, Tiananmen plazatik Estadio Olinpikora bitartean suziriekaz sortutako oinatzak be ez ziran benetakoak izan, Yimourentzat ordenagailuz sortutako 55 segunduko sekuentzia izan zan; ganera, errealismo gehiago emoteko asmoz informatikoek hezetasun, bero eta kutsadurearen nahasketea dan behelaino efektua sortu eben. Perfektuegia zan egia izateko.
Beste alde batetik, Joko Olinpikoen antolatzaileek berbea emon eutsen COI erakundeari adierazpen askatasuna bermatuko ebela. Horretarako, hiru parke egokitu zituen baina horreetan tai-chi erakustaldiak baino ez dira izan. Zeozelan protestau gura izan dabenak ez dira gitxi izan; kontua da ze, iturri ofizialen arabera, 70 eta 150 bitartean izandako eskabide guztiak atzera bota dituela. Gaiaren harian, New York Times egunkariak 70 urtetik gorako emakume biren historia deskubridu dau; antza danez, urtebeteko ‘berheziketa’ zigorra jaso dabe behin eta barriro manifestazinoren bat egiteko baimena eskatzeagaitik; zehatz esateko, Joko Olinpikoetarako berregokitutako auzoen kokapen barrien politikea salatzea zan emakumeen asmoa. Orain, ez dago jakiterik, ezintasun fisikoak daukiezan emakumeak Txinaren erdialdera bialduko ete dituen baina gehienok baiezkoan gagoz. Poliziak ezelako epaiketa barik ezarri leiken zigorra da. Lotsagarria.
Baina gehiago esan neike. Joko Olinpikoak hasi aurretik eta Jokoak martxan egon diran bitartean be, Hu Jia lako aktibistak atxilotu egin izan ditue edozein atxakia erabiliz. Ganera, Amnesty Internationalek salatu eta BBC-k emitidutako alkarrizketa batzuetan tortura kasuak be izan dira eta holako egoerak larriagotu egin daitekez Jokoak amaitu ostean. Giza Eskubideen aldeko erakundeak bildur dira, Txinaren ustezko jarrera edegiaren ondoren, egoereak ez ete dauen baltzera egingo.
Kontuak kontu, Pekin 2008 Olinpidetako hiru goiburuetako bat: ‘Herriaren Olinpiadea’ izan da. Baina herritar arruntak ateak zarratuta euki ditu. Seguridadea aurretik jarrita, instalazino olinpiko guztiak zarratuta Egon dira sarrerarik edo akreditazinorik euki ez dabenentzako. Ondorioz, tensino handiko momentuak bizi izan dira, batez be, okasinorako eregitako mirari arkitektonikoen inguruan zein kirolarien ondoan argazkiak atara gura izan dituenen eta poliziaren artean.
Txinako gobernuak birsalmentarik ez zala izango berbea emon eban eta sarreretan jaubearen izena idatzita agertuko zala. Kontua da ze agindu horreek ez dirala bete, izan be, ia proba guztietarako sarrerak eskuratu ahal izan dira; hori bai, jatorrizkoak baino bost eta, kasu batzuetan, hogei aldiz karuago. Zabaltze eta zarratze ekitaldiak aparte itxita, ze horreek zuzenean ikusi ahal izateko 5000 eta 20000 euro bitartean pagau izan ditue.
Azken buruan, Pekín 2008 Olinpiadeak aurreko Olinpiadetako aurrekontua ez gainditzeko emondako berbea ez dau bete. Zifra ofizialen arabera, Txinako Jokuen kostua Atenaseko Jokuena baino 3000 miloe euro karuagoa izan da baina zifra hori hamar aldiz handiagoa da Olinpiadearen albo-faktoreak kontuan hartuta.
Hori bai, agintariek aparteko ahaleginak egin ditue agindutako zeru urdina lortzeko. Modu artificial erasotzaileak erabiliz, lau aldiz lortu dabe hori, nahiz eta kutsadura maila sekula be ez dan heldu ‘goi mailara’; kirolarien lan eta esfortzu handiagaz batera, alde ilunez ganezka egon dan Olinpiadearen alde ‘argiena’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!