Azkeneko txanpea
2008-08-21 16:16 BidaideAurten, Aste Nagusiak aurkari gogorra dauka. Pekineko Joko Olinpikoak bizkaiko uriburuko jaien egun berean amaituko dira eta, aurreikuspenen arabera, Txinako azken trakea Bilbokoa baino ikusgarriagoa izango da, domekan su artifizialez arduratuko dan enpreseari ez gustau arren.
Aurten, Aste Nagusiak aurkari gogorra dauka. Pekineko Joko Olinpikoak bizkaiko uriburuko jaien egun berean amaituko dira eta, aurreikuspenen arabera, Txinako azken trakea Bilbokoa baino ikusgarriagoa izango da, domekan su artifizialez arduratuko dan enpreseari ez gustau arren.
Olinpiadeak errekor askogaz eta distira urregorriz betetako izen propioz esango dau agur. Michael Phelps, zortzi dominagaz, irabazle nagusia da. Baina Usain Bolt azkarragoa da, 100, 200 eta 400 metroko probetan errekorra lortu baitau, ia oinez.
Baina, edizino honetan, heroien izenak ia ahozkaezinak dira. Txinatarrak dira eta ikuskizunak bikain urten dagian, gogor preparau ditue probak. Eta ez bakarrik ping pong-ean. Txinak ia arlo guztietan irabazi dau, atletismoan ezik. Segurutik, urrezko berrogeta hamar domina baino gehiago irabaziko ditu eta herrialde asiarra domina-zerrendako gorengo postuan egongo da.
Kirolaz gan, Joko Olinpiko honeetan beste hainbat protagonista be egon dira eta 'frikie' gehien berton topau daitekez. Kirolarien autografoak kolekzionetan dituenak batetik, 30.000 kirolari baino gehiagoren sinadureagaz; edota, bestetik, munduko talde desbardinen pinak gurago dituenak. Oraintsu, 13.000 eukazan bat topau neban. Horreez gan, badagoz Txina osoan zehar zeozer berezia egiten bidaiatu dabenak, lehengo batean alkarrizketea egin neutson artistea, berbarako. Triziklo baten ganean 3.000 kilometro egin zituan Maoren irudia euken bere artelanak saltzeko.
Tiananmen be, izuaren plazea, abertzaletasunaren orgia-gune bihurtu da. Munduko plazarik handienera atzealde gorriaren ganean izar horiz hornidutako pegatinaz, kamisetaz eta bestelako abarrez beteriko jentea dago, harro, txinatar nazinoaren erakusle. Ezinezkoa da harrituta ez geratzea. Gehienak, ganera, umeak dira, sinbolo horreek zer esan gura daben ia jakin be ez dakien arren. Baina oso erraza da herrialdean nagusi dan olde gorri eta horian murgiltzea.
Joko Olinpikoek iraun bitartean, zeru urdinak birritan bisitau deusku, birritan. Eta Pekineko kaleak hirutan bihurtu dira erreka. Kasualidadez antza, euri hori esfortzu fisiko gehien eskatzen daben probakaz bat etorri da, martxea kasurako eta, seguruenik, maratoia. Egia esan, hoba euria parra-parra egitea, berrogei gradutan itotea baino. Eta badakigu Gobernuak, zilarrezko nitratoz jaurtitako tiroei esker, klimea kontroletan dauela. Orain arte, behintzat, mirariak egin ditue.
Bilbon ez zan holakorik behar izango Aste Nagusian euria egiteko. Izan be, sirimiririk barik, jaiak ezereza dira. Hori bai, espero dot domekan Pekineko kaleetatik itsasontzian ez ibili behar izatea ze Jokoen amaiera-ekitaldia Bilboko Aste Nagusiaren amaiereagaz bat dator eta aspaldion konturatu naz txinatarrak honako kategoria honetakoak dirala: 'Bilbotarrak, baina munduko edozein lekutan jaiotakoak'. Eta, gehiago diran legez, irabazi egingo deuskue, seguru.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!