Pekineko zerua urdin... su artifizialei esker

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-08-12 14:22   Bidaide

Gustau jatzuen 'Beijing 2008' Joko Olinpikoen hasiera ekitaldia? Danetariko eretxiak dagoz baina danak datoz bat esakeran itzelezko ikuskizuna izan zala, Joko Olinpikoek merezidu dabena: ikaragarria eta modu milimetrikoan zuzenduta.

Gustau jatzuen 'Beijing 2008' Joko Olinpikoen hasiera ekitaldia? Danetariko eretxiak dagoz baina danak datoz bat esakeran itzelezko ikuskizuna izan zala, Joko Olinpikoek merezidu dabena: ikaragarria eta modu milimetrikoan zuzenduta. Ikuskizunaren zuzendari Zhang Yimou zinemagilearen etorkizun profesionala, hein handi batean, ekitaldiaren emoitzak baldintzatuta egoan. Eta planetako egunkari garrantzitsuenen lehenengo orrialdeak aztertu ostean, bere pelikulak ikusten jarraituko dogu. Luzaroan Pekineko erregimenaren ganeko kritikak entzun ostean, ekitaldiaren ostean agintari komunistek arnasa trankil hartu dabe. Izan be, nazinoarteko komunikabideek kritika ona egin deutse lehenengo egun honeetako kudeaketeari.

Hori bai, agintari txinatarrek berbea emon arren, zeru urdina ez zan inondik inora be agertu. Baina 2008ko 8aren 8an ez eban euririk egin, Hebei probintziatik behera etozan hodeiei zilarrezko nitratoz beteriko 1.104 kainoi tiro jaurti eta euri dana hutsitu eragin ostean. Pekinen, tantarik be ez. Halanda be, domekan zaparrada galanta bota eban eta, bide batez, kutsaduraz, beroz eta hezetasunez oso kargauta egoan airea garbitu zan. Kolore hori, urdina, utopia da Txinako uriburuan.

Orain arte, aurreikuspenak bete egin dira. Jokoak, gitxika-gitxika, aurrerantz doaz, eta Txina da nagusi urrezko dominetan, Estadu Batuen aurretik, baina domin kopuru beragaz (datuok astelehenekoak, abuztuak 11, dira). Badakizue, kalidadea da garrantzitsuena, eta podiumean hainbat altuen egotea. Eta, oraingoz, txinatar atletek lortu ditue euren helburuak.

Kalean, abertzaletasuna da nagusi. Txinatar banderak dagoz nonahi, milaka modutara: arpegian jarteko, buruan amarrauta, kamisetan... Baina, modu danetatik, bihotz formako banderak dira nagusi, 'Love' dalakoaren sinonimo legez. Duda barik, Pekineko biztanleek atzean itxi ditue hasierako bildurrak eta, pozik, barreka, uriko kaleak bete ditue. Serioago dagoz bazter guztiak kontroletako ardurea daben ehun mila polizia eta militar baino gehiago eta 200.000 segurtasun zaintzaileak. Honezkero, Pekinen udako punta-puntako moda bihurtu dira plater formako txapelak eta borrak.

Ikuskizuna hasi baino ez da egin eta emozino ugari izango dirala aurreikus daiteke. Arlo guztietan. Kirol arloan, hori baietz, baina baita segurtasun arloan be, Xinjiang probintzian atentadu terroristak izango dirala jakina dalako. Zapatuan, berbarako, txinatar batek estadubatuar bat hil eban, ostean bere buruaz beste egiteko. Jazoera hori ez da terroristatzat hartu, burutik jota egoan norork egindako zorakeriatzat baino.

Horrenbeste ikusmin sortu eban zeremoniaren ostean, antza danez segurtasun neurriak baretu egin ditue. Orain, estadioetara hurreratzen ixten dabe, barikura arte akreditazinorik barik hara sartzea ezinezkoa zan eta. Bizimodua bide normaletik joaten hasi dala esan daiteke. Horren erakusle dira ekimen artistikoak eta kulturalak, baina gai hori aurrerago jorratuko dogu.

Domekan, Madril 2016 hautagaitzearen ordezkariek egindako prentsaurrekora joateko aukerea izan neban. Bertan egoan Madrileko alkate Alberto Ruiz Gallardón. Duda barik, Pekinen Txinaren alkartasuna topau gura dabe eta, antza danez, Jose Antonio Samaranch-i esker, baleiteke Txina Espainiaren alde egotea, izan be, herrialdean oso persona garrantzitsua da Samaranch, berak jakinarazo eutson-eta munduari Pekin izango zala 2008ko Jokoak antolatzeko arduraduna. Gallardón alkateak eta taldekideek Espainiako uriburua XXI. Olinpiaden gune bihurtzeko egindako proiektua aurkeztu eben. Eta, oraingoz, txinatar komunikabideak alde dagozala emoten dau. Halanda be, urrira arte itxaron behar da, Copenhague-tik jakinarazoko dabe lortu daben ala ez. Gallardón-ek harrokeriaz esan eban: 'Madrilek ez ditu aparteko neurriak martxan jarri behar izango zeru urdina lortzeko'. Argi dago Txinako uriburuak ez dauela helburu hori lortuko ezta uriburu osoa geldiarazota be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu