Liu Siye: 'Jokoak Txina barria erakusteko aukera parebakoa dira'

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-08-11 11:58   Bidaide
Joko Olinpikoetako boluntarioa

Liu Siye-k bisitariei ondo-etorria egiten deutse 798 eraikinean, munduko arte-galeria eta estudio-gune handienean. Atzerritik datozan miloe erdi bisitariri, bi miloe turista txinatarri eta Txinako uriburuko hamalau miloe biztanleri Joko Olinpikoak eroangarriak egiteko sortutako 100.000 laguneko ejerzitoko boluntarioa da. Taldekide danak kamiseta urdinez edo gorriz jantzita dagoz. Hasieran, ez dau gura izan Bizkaiegaz berba egin. 'Beharrean nago', dino. Baina duda arpegiz hurreratzen jakozan bisitariakaz dagoan bitartean argazki batzuk ataraten itxi deusku. Hiru ordu geroago, lanaldia amaitu ostean, telefonoz deitu deusku. Espiritu olinpikoaren eragina da hori, munduko herrialderik zarratuena zabaldu eta arpegirik atseginena erakustea lortu dauena.


1.- Zerk bultzatuta erabagi dozu boluntario lanak egitea?

Jokoak bat datoz udako oporraldiagaz. Pentsau neban: ba ete dago ezer hobarik nire herrialdeko ekimenik garrantzitsuenean laguntzea baino? Bestela, egun guztia sofan botata egongo nintzateke, probak telebistaz ikusten. Ingelesez berba egiten dodan legez, taldean sartu nintzan eta 798ra bialdu eustien, kanpotar asko doazen lekua da eta.


2.- Lehenago, egon izan zara atzerritarrakaz?

Gitxitan. Autortu behar dot nire unibersidadean ikasten daben atzerritarrakaz ez dodala sekula berbarik egin. Lotseagaitik izan leiteke, edota zentzurik bako itaunak egiteko bildurra... Ez dakit, bada. Baina orain oso pozik nago eta, egia esan, atzerritar gehienak benetan atseginak dirala.


3.- Txinatarrak baino gehiago?

(Barreak) Akaso, bai. Txinatarrek zuzen-zuzenean joten dogu harira. Mendebaldarrek, barriz, hainbat galdera egiten ditue, non ikasi dozu, zergaitik zagoz boluntario lanetan... eta horrelakoak. Sarritan, jente lar badago, gogor erantzuten deutsiet, baina eskertzekoa da eurakaz hainbat arlotako ikuspuntuez berba egin ahal izatea. Bategaz kafe bat hartzera joan nintzan!


4.- Eta?

Oso ondo, baina aurreretxi lar dituala iruditu jat eta politikaz berba egitea asko gustetan jatzue. Guk ez dogu sekula politikeaz berba egiten.


5.- Gai horretaz berba egikeran deseroso sentiduten zara?

Bai. Txina desbardina dala ulertu behar dabe. Guk ez daukaguz ez partidu politikoak, ez eztabaidak parlamentuan ezta horrelakorik. Horregaitik, bertoko politikea oo aspergarria da eta gazteek paso egiten dogu. Ez jaku interesetan.


6.- Baina herrialdearen parte garrantzitsua da...

Zuentzat bai, aukeratzeko modua dozuelako. Guretzat, ez.


7.- Aukeratzea gustauko litxakizu?

Ez dakit. Momentu horretan, horrek ez deust lorik kentzen. Nire helburu nagusia ibilbide profesionala jorratzea da eta uste dot Jokoetan boluntario lanak egiteak mesede egingo deustala. Autortu behar dot curriculumean hori jarri ahal izatea hona etortearen arrazoi nagusietako bat izan dala. Hori, eta jente gehiago ezagutzeko aukerea izatea. Batez be neskak, neska-lagunik ez daukat eta.


8.- Eta bide onetik zoaz?

Bada, egia esan, orain arte egon nazan neska biak ez jataz lar gustau (barreak), baina lagunak gara. Azken batean, hori da helburua, ezta?


9.- Baina zure lana garrantzitsua da. Zuk egiten dozunaren arabera, jenteak Txinaren irudi bat edo beste izango dau.


Hori bai. Eta gauzak ondo egitea da nire helburua, Jokoak Txina barria erakusteko aukera parebakoa diralako. Jokatzera edota Olinpiadak ikustera etorri diranek Pekineko bisitea gogo onez hartzea espero dot ze, horrek, herrialdearen irudia hobetzen lagunduko dau.


10.- Irudi hori zuzena ez dala uste dozu?

Ezin deutsut esan, ezin dodalako jakin zer esaten dan nazinoarteko komunikabideetan. Baina, dinoenez, bai. Barriro be, uste dot atzerritarrek politikearen araberak aurreretxiak dituela, eta oker dagoz. Txinan, 1.300 miloe lagun bizi gara eta gitxiri ardura jake gai hori.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu