Badator showa: ondo etorri Beijing 2008ra!
2008-08-05 10:49 BidaideGero eta gitxiago falta da 2008ko zortziaren 8ko zortziretarako, hau da, Txinak XXIX. Olinpiadeei ekiteko. Aurtengo Olinpiadak komunismoaren eta nagusikeriaz jokatzen dauen herrialdearen bihotzean jokatuko zirala iragarri euskuenetik, historiako Jokorik polemikoenak izan dira.
Gero eta gitxiago falta da 2008ko zortziaren 8ko zortziretarako, hau da, Txinak XXIX. Olinpiadeei ekiteko. Aurtengo Olinpiadak komunismoaren eta nagusikeriaz jokatzen dauen herrialdearen bihotzean jokatuko zirala iragarri euskuenetik, historiako Jokorik polemikoenak izan dira. Barria zabaldu zan 2001eko egun haretatik hona Txinako uriburuaren eta kirol probaren bat edo beste jokatuko dan sei urietan etenik bako eregite eta egokitze prozesua bizi izan dogu. Bien bitartean, munduak bat egin dau Txinako agintariak salatu eta estu hartzeko jarreran eta komunikabideok be zeresana izan dogu egiteko horretan, besteak beste, aurrekaririk bako prozesuaren argi-ilunak ezagutarazoten.
Kutsadurea, Giza Eskubideak, Tibet, zuzia, lurrikarea, uriolak, atentaduak. Joku Olinpikoakaz batera, prentsan agertu izan diran eta upealako ikusmina eta interesa biztu daben ardatzetako batzuk dira. Laster jakingo dogu aitatutako jazoeren ondoren, zer etorriko dan. Mundu guztiak aurreikusitako ‘laba’ jasanezina izango ete da Pekin? Ze estadu buru joango ete da Jokoen zabaltze ekitaldira? Txinak Giza Eskubideak modu sistematikoan urratzeagaitik protestak ikusiko ete doguz kaleetan? Danon susmoak bete eta atentaduren bat izango ete da? Txinak irabaziko ete dau dominik gehien? Euskal ordezkariek irabaziko ete dabe dominarik? Erantzunak, laster.
Bien bitartean, Giza Eskubideen harian, bitxikeria legez, Amnesty International erakundeak publizidade kanpainea agindu eutson agentzia bati Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko eta agentziak kanpaina gogorra aurkeztu eban, ‘basatiegia’ Amnesty International erakundearentzat be eta, ondorioz, kanpainea atzera bota eben. Polemika bizia sortu zan irudietan iconografía olinpikoa eta tortura irduiak agiri diralako. Kontua da ze, kanpainako irudiek Brontzezko Leoia Saria irabazi ebela Canneseko publizidade jaialdi ospetsu batea.
Galdera eta zalantza horreek danak politika eta kirol mailan planetako ekitaldirik garrantzitsuenak iraungo dauen hamasei egunetan argituko dira. Kontuak kontu, azken urteotan Bizkaie! agerkariko Bidaide atalean idatzi izan dodan moduan, El Correo eta Diario Vasco egunkarietan be idatziko dodanaren osogarri, gorago aitatutako galdera horreei erantzuna emoten eta kirol arloan baino gehiago, bestelako arloetan Joko Olinpikoen eraginaz idatziko deutsuet munduko begirada guztien helburu izango dan uri honetatik.
Bizkaie!-zaleek ondo ezagutzen daben ziberespazioaren leku honetan, irakurleek telebistan eta egunkarietako orrietan agertzen ez diran datu eta informazinoak topauko ditue. Txina lako herrialde exotikoan, dana da barria, albiste iturri eta estadioetan zein estadioetatik kanpo makinatxu bat albiste sortuko dira. Espero daigun, ezbeharren barri eta holakorik emon behar ez izatea ze Joko Olinpikoen aurreko hilebeteak sano odoltsuak izan dira: Tibeteko aurrez aurrekoak, tren ezbeharrak, 70.000 heriotza eragin zituan lurrikarea eta herrialdearen hegoaldean oraintsu izandako uriolak.
Gauzak holan dirala, Txinak Joko Olinpikoak erabili gura ditu munduari erakusteko Estadu Batuei aurre egin leikion superpotentzia bakarra dala honezkero. Horretarako, sekulako dirutzea inbertidu dau, inork be ez daki kantidade zehatza, bisa eta ostatu hartzeko zailtasunak gaindituta, Pekinera hurreratzen diran guztiak zur eta lur ixteko. Edozelan be, harridura hori onerako edo txarrerako izan daiteke eta guztia deskubriduten hasiko gara 2008ko zortziaren zortziko zortziretan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!