Abangoardia artea Txinan (eta III)
2008-07-22 14:26 BidaideTradizinoa eta modernidadea burukomin handia dira txinatarrentzat. Aldaketak, gorabeherak oso azkar datoz bata bestearen atzetik eta ez dago astirik dana asimiletako. Edozelan be, pintore batzuek tradizinoaren eta modernidadearen dilema hori inspirazino iturri legez erabilten dabe.
Tradizinoa eta modernidadea burukomin handia dira txinatarrentzat. Aldaketak, gorabeherak oso azkar datoz bata bestearen atzetik eta ez dago astirik dana asimiletako. Edozelan be, pintore batzuek tradizinoaren eta modernidadearen dilema hori inspirazino iturri legez erabilten dabe.
Gao Feng-ek, berbarako, osogai modernoak tartekatzen ditu antxinako dinastia klasikoetako eszenatan eta, beraz, urrunetik begiratuta Galarazotako Uriko grabatuak izan daitekezanak, eszena futurista bihurtzen dira eta personaiak gizaki itxurako handitutako izaki mikroskopikoak dira hur-hurretik begiratu ezkero. Printzipeen zetagaz jantzitako kaparrak edota enperadore bihurtutako espermatozoide erraldoien maskota diran mikrobioak… ‘Gitxik ulertzen daben errege-erreginen satira barregarria’.
Ez deutso ardura. Merkatuari eta jokera nagusiei ez deutse jaramonik egiten. Bolada batean, errebelde hutsa zanean, performance apurtzaileak egin izan zituan biluz-biluzik eta atxilotuta, komisaldegian be egonda dago. Gao Feng-en orduko ‘maisulana’ bere haziaren 200 mililitroz eta bere odolez egindako hortzetako pasteagaz haginak garbitzea izan zan. Orain, barriz, haren estudioaren iluntasunean ondo gordeta daukan miroskopioaren okularrean babesturik sentiduten da. Hormetan milimetrora be heltzen ez diran neurriko ‘piztien’ argazkiak agiri dira eta inspirazinoa bakteriakaz heltzen ez bada, Jack Daniel’s botila bat dauka armairuan gordeta.
Merkatua
Igaz, Zhang Xiaogang-en koadro batek marka guztiak txiki itxi zituan, izan be, Sotheby’s etxeak bi miloe dolar baino gehiago pagau eban artelana eskuratzeko. Dirutza handia da hori baina erreportaje honetarako alkarrizketatutako artisten obrak ez dira merkeak, gitxienez, 4000 euro pagau behar dira eta hortik gorako prezioak be pagau izan dira koaDroaren neurriaren eta kalidadearen arabera. Harrigarria bada be, pintetan hasi aurretik be salduta daukiez obrak. Gauzak holan dirala, Judas Arrietak dinoan legez, ‘holako prezioakaz ezinezkoa da Espainian obra horreek erakustea. Horrenbeste dirurik ez daukagu’. Dana dala, Txinako ekonomiak izan dauen susperraldiagaz batera, inbersino errentagarrien bila dabilzan ‘aberats barrien’ masa akritikoa sortu da eta, duda barik, egungo artea inbersino ederra da gaur egun.
Horri esker edo horren ondorioz, Wang Wen Sheng-en eskolakidea dan Wang Zhiping-ek (Handan, 1963) gero eta eskultura handiagoak egiten ditu, beti be, bere semean inspirautako umetxo ‘txikiak’. Kotxe handia eta karua eta Pekingo leku dotorean pisu ederra erosi ditu eta eroso bizi da. ‘Hasieran koadroak baino ez ziran saltzen gordetako eta leku batetik bestera eroateko errazagoa zalako. Baina gizartearen egonkortasunari eta gerra hotsik barik bizi dan giro lasaiari esker, eskultoreak eta eskulturak sano ugaldu dira. Gaur egun, dana saltzen da’.
Kontuak kontu, txinatarrek, artea erosten dabenek, hain zuzen, benetan obrak ulertzen dituen ala ez eta 83ko Erreserba bat eta tetrabriceko Don Simon bat desbardintzen dakiten ala ez, horixe da galderea. Erantzuna, argia da: ‘EZ’. Jantzi ausart eta koloretsua dauen Lee Peik ez dauka dudarik; ‘Erosle gehienak atzerritarrak dira eta txinatarrek errentagarritasuan baino ez dabe gura, euren dirutzak leku seguruetan inbertidu’. Judas Arrietak adibide grafikoa emon dau: ‘txinatar bat arte galeria batera sartu eta obra bakotxaren prezioa itaundu ostean, karuena erosiko dau’. Pei-ren esanetan, ‘egoera horretan, artista askok merkatuak gura eta eskatzen dauena sortzen dabe eta ez benetan gura dabena’. Liu Feik (Nanjing, 1964) orain urtebete egin eban berba Bizkaie!-rentzako eta gorago aitatutako jokera hori publikoaren heldutasunik ezari leporatu deutso; ‘Gure herrialdea saltoka hazi da arteari dagokionean eta ez da inondik inora izan Europan bezela ibilbide edo jardunbide linealik. Paisaje eta kaligrafiaren arte horretatik zuzenean pasau ginan arte propagandistiko komunistara eta hortik abstrakzinora eta egungo artera. Aldaketa horreetara moldatzea ez da bape erraza’.
Liu Fei-ren koadroal bildurgarriak dira. Txinatar arrazan ohikoak ez diran ezpan mamitsuak eta gorrimin odoltsua konposizinoan zuria eta baltza nagusi izan arren. Haginak, barriz, beti agirian, asiar konposizinoetan normala izan ez arren. Buruak ulerik barik agiri dira eta sosegurik eza da nagusi arma automatikoak ezerezari zuzenduta dituen modeloak ikasle jantziz ikusirik. Halan da be, azken emoitzea ez da bape mehatxugarria, gazte kutsua atzemoten da. Edo, akaso, txinatar kontraesanaren adierazpen garbia da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!