The Chieftains, Ismaël Lo, Eliades Ochoa eta Korrontzi izango dira aurten Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdian
2008-07-17 18:48 MusikeaJaialdiak irailaren 4tik 7ra ekarriko ditu barriro be Getxora mundu osoko musikak; hain zuzen be, Bizkaiko udalerriak alkarren artean sano desbardinak diran herrialdeek musikea joteko eta sentiduteko dituen ikuspegi diferenteak islatuko ditu, antolatzaileek nabarmendu dabenez.
Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak zarratuta dauka bere 24. edizinoko kontzertu nagusien egitaraua. Besteak beste, The Chieftains, Ismaël Lo, Eliades Ochoa eta Korrontzi taldeek parte hartuko dabe aurten. Horreez gan, beste zortzi talde be badagoz, nazinoartean ospea daben artistak eta Estaduko banda gazteak.
Kontuak kontu, jaialdiak irailaren 4tik 7ra ekarriko ditu barriro be Getxora mundu osoko musikak; hain zuzen be, Bizkaiko udalerri horrek alkarren artean sano desbardinak diran herrialdeek musikea joteko eta sentiduteko dituen ikuspegi diferenteak islatuko ditu, antolatzaileek nabarmendu dabenez.
Kontzertuez gan, jaialdiaren egitarauan beste jarduera batzuk be badira, Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden kalejirak. Ohi danez, kontzertu eta jardunaldi guztietarako sarrerea dobakoa izango da.
Jardunaldi bakotxa arratsaldeko taldeen eta artisten emonaldiakaz hasiko da; emonaldiok Santa Eugenia (Romo) plazako karpan hasiko dira 19:00retan. Areetako Geltokiko plazako karpan kontzertu nagusiak izango dira 21:30etatik aurrera, eta horreek amaitutakoan, 23:45 inguruan, Munduko Terraza, Santa Eugenia plazan dagoana, gaueko kontzertuen eszenatokia izango da.
Kontzertu nagusiei jagokenez, jaialdia Korrontzi euskal taldeagaz hasiko da aurten. Banda gazte horrek 2004an egin eban debuta, antxinako trikitixa doinuak barriro zabaltzeko asmoz. Izan be, taldearen musikearen ardatz nagusia musika-tresna hori da. Getxon eskainiko daben kontzertua oso berezia da, bertan bere disko barriko kantuak grabauko dituelako zuzenean, hainbat jatorri eta estilotako musikariren laguntzaz. Musikarien arteko lankidetzea bandak azken urteotan aukeratu dauen norabidearen erakusgarri da: euren musikea muga barrietara helarazotea.
Bigarren jardunaldian, The Chieftains taldeak hartuko dau Korrontziren lekukoa. The Chieftains taldea, Irlandako musika herrikoiaren banda entzutetsuenetakoa, 1962an sortu zan, Paddy Moloney musikari handiaren ekimenez, Irlandako folkaren soinu garbia erreibindiketako helburuagaz.
Ordutik aurrera, taldean hainbat aldaketa izan arren, The Chieftainsek arrakastaz beteriko ibilbidea izan dau. Hainbat eta hainbat kontzertu emon ez eze, 25 disko grabau eta sei Grammy sari be eskuratu ditue, eta hori dala eta euren herriko musikearen ezinbesteko ikono bilakatu dira.
Jaialdiaren hirugarren jardunaldian, Afrikako musikeak hartuko dau lekukoa, Ismaël Lo artista ospetsuaren eskutik. Gitarra-jole eta kantari senegaldar hau Nigerren jaio eta Senegalen hazi zan. Egungo world music deritzonaren ordezkaririk garranrtsitsuenetakoa da.
Lo jn.aren musikea 1980ko hamarkadearen hasieran hasi zan nabarmentzen, Dakar uriko Super Diamono banda klasikoan joten ebanean. Hamar urte baino gehiago da bakarreko ibilbideari ekin eutsola, bai proiektu akustikoetan, zein banda sendo baten laguntzaz.
Trobadore garaikidetzat hartutako Ismaël Lok bere inguruko gauzei eta gauzok eragiten deutsen sentimenduei kantetan deutse, normalean frantsesez, woloferaz eta bere herriko beste dialekto batzuez.
Azken egunean, irailaren 7an, Getxo Folk jaialdiari amaiera bikaina emoteko, Eliades Ochoak joko dau. Ochoa aldi guztietako sonerorik bikainetakoa da, eta bere belaunaldiko gitarra-jole kubatarrik onenetakoa. Haren ibilbide musikalean, Kubako goi mailako hainbat taldetan jardun izan dau, berbarako, Quinteto Oriente, Septeto Típico eta Cuarteto Patria talde entzutetsuetan. Ondoren, Buena Vista Social Club izeneko proiektuan sartu zan eta horri esker oso ezaguna da mundu osoan. Haren gitarra harmoniko berezia, 'tres baten edo gitarra ortodoxo baten moduan joteko gauza dana, haren ezaugarri nagusietako bat da, hainbat generotan (guaratxa, boleroa, guajira...) mobiduteko dauen erraztasun izugarriagaz batera.
Jarduera osogarriak
Kontzertuak ez eze, BBK Getxo Folk Jaialdian jenteak Bidezko Merkatua bisitau ahal izango dau. Bidezko Merkatua Iparraren eta Hegoaren arteko bidezko merkataritzea sustatzen dauen ekimena da, zenbait GKEgaz batera antolatzen dana. Bestalde, hainbat herrialdetako artisautzako produktuak Munduko Merkatura itzuliko dira, Koan Alkartearen lanari esker.
Era berean, aurten be beste kultura eta herrialde batzuetako gastronomia probetako aukerea izango dogu Munduko Terrazan, Munduko Sendagileen (Euskadi) eskutik. Azkenik, umeentzako zenbait jarduera be izango dira jaialdian zehar, adibidez, tailerrak eta ludoteka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!