Bakioko XXII. Musika Astea

Bizkaie! 2008-07-14 14:10   Musikea

Bakioko Udalak aurten be Musika Astea antolatu dau garagarrilaren 14tik 20ra bitartean. Kontertuak Bakioko Andra Mari Eleizan izango dira, garagarrilaren 20koa izan ezik, hau Udal Kiroldegian izango baita. Kontzertuak doban izango dira.

Bakioko Udalak aurten be Musika Astea antolatu dau garagarrilaren 14tik 20ra bitartean. Oraingoan be Bakioko Abesbatza eta Bizkaiko Foru Aldundia ditu laguntzaile. Kontertuak Bakioko Andra Mari Eleizan izango dira, garagarrilaren 20koa izan ezik, hau Udal Kiroldegian izango baita. Kontzertuak doban izango dira.

Programeak nazinoarteko artistak eta euskaldunak buztartzen ditu. Hona hemen emonaldien ganeko informazinoa:

- Astelehena, garagarrilak 14, 20:30etan, CONDUCTUS ENSEMBLE.

Andoni Serra zuzendariak sortu eban 2002. urtean Conductus Ensemble musika taldea. Berrogei profesionalek, instrumentu-jolek eta abesbatzako kidek baino gehiagok osotzen dabe taldea, eta horreetako askok solistak dira herrialde osoko koru eta instrumentu talderik garrantzitsuenetan; izan be, talde horreekaz egiten dabe lan eta herrialdeko musika jaialdi nagusietan hartu dabe parte. Musikearen aldetik dagozan beharren araberako formatua eta kopurua izaten dau taldeak.

Interes batek batzen ditu taldeko kide guztiak: musika barrokoaren interpretazinoa garaiko espirituari leial izanda.


- Martitzena, garagarrilak 15, 20:30etan, BROKEN BROTHERS BRASS BAND (Jazz).

Taldea 2006an sortu zan, eta horri esker, musikearen arloko bide desbardinetatik jo eben lagunek barriro batzeko aukerea izan eben. Alkarregaz joteko eta euren taldeetan ikasitakoa talde barrian erakusteko ideiak batu zituen: The Foralettes, Jazzjo, Dixielangileak, Swintzaileak, La Banda del Predicador, Los Starlites, Amama Luisa Brass Band. Musika estilo eta mobimentu sorta handia hartzen dau (jazza, soula, funka, bluesa, ska, etab.).


- Eguaztena, garagarrilak 16, 20:30etan, BILBOKO AKORDEOI ORKESTRA SINFONIKOA.

1963an sortu eban orkestra hau Josu Loroño maisuak, eta oraingoan, Amagoia Loroñoren zuzendaritzapean, Bakioko publikoaren aurrean agertzen da haren azken grabazinoetako herri klasikoen musika handiaren errepertorioagaz.

Akordeoiaren musikari birtuosoek osotuta dago, guztiak Bilbon tradizino handiena daukan akordeoi eskolan trebatuak musikearen aldetik: Loroño Musikaltegian. Errepertorio zabalean eta trinkoan eginiko moldaketen eta egokitzapenen originaltasuna eta kalidadea dira orkestrearen ezaugarri nagusiak.


- Eguena, garagarrilak 17, 20:30etan, PABLO DE NAVERAN / ALEXANDER KANDELAKI (Biolontxelo eta pianoa).

Pablo Naveran 17 urtegaz, Gstaad-eko Menuhin Nazinoarteko Musika Akademian sartu zan Yehudi Menuhin, Alberto Lysy eta Radu Aldulescugaz ikasteko. Aurretik, Mihai Besedovschi-gaz ikasi eban, eta ibilbide luzean sariak eta ohorezko matrikulak lortu zituan Getxoko eta Bilboko kontserbatorioetan. Hogei urtetik aurrera, ikasten jarraitu eban Pariseko Musikako Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean Philippe Muller irakaslearen tutoretzapean. Era berean, biolontxelo-jole handien eragina hartu dau, esate baterako: Steven Isserlis, János Starker eta Ivan Monighetti.

Musika ibilbidean, kontzertuak eskaini ditu Pablo de Naveranek Espainian, Alemanian, Argentinan, Belgikan, Frantzian, Italian, Japonian, Ukrainian, eta Buenos Aireseko Colon Antzokian, Genevako Victoria Hall-en, Tokyo Symphony Hall-en edo Bilboko Arriaga Antzokian. Solistea izan da Bilboko Orkestra Sifonikoagaz, Lysy-Gstaad Kamerategaz edo Pariseko 'Orchestre International de la Cité' izenekoagaz.

Jaso dituen sari ugarien artean, Gazte Musikarien Kamera-musikako Lehiaketa Nazionala aitatu behar da.

27 urtegaz, Biolontxelo eta Kamara-musikako irakasle izentau eben Suitzako Menuhin Nazinoarteko Akademian, baita lehen biolontxelo-jolea be 'Lysy-Gstaad Kamerata'-n. Gaur egun eta 2007ko apiriletik hona, irakaslea da Badajozeko Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan.

Alexander Kandelaki Tbilisin jaioa da (Georgia). Bost urtegaz, talentudun gazteen Z. Paliashvili Musika Eskolan sartu eta bertan hasi zan piano-jole eta kontzertu-egile. Sei urtegaz solistea izan zan Georgiako Orkestra Sinfonikoan. Neuhaus eta Goldenweiser-en ikasle zuzenen irakaspenak jaso ditu.

Solista moduan izan da Telaviko Nazinoarteko Musika Jaialdian (Georgia) eta, aldi berean, Elisso Virsaladze piano-jolearen eskola magistralak hartu ditu.

1995 eta 1998 urte bitartean, Sofia Erregina Musikako Goi Mailako Eskolan (Madril) ikasi eban Isaac Albeniz Fundazinoaren beka bategaz. Dimitri Bashkirov, Galina Egyazarova eta Marta Gulyas-en ikaslea izan zan, eta irakasle horreekaz batera, Vitaly Margulys eta Menahem Pressler-en eskola magistralak hartu zituan.

Emonaldiak eskaini ditu solista eta kamara-musikari lez Georgian, Errusian, Alemanian, Frantzian, Suitzan eta Belgikan.

Lucenako Nazinoarteko Musika Eskolako irakaslea da 2001etik hona.


- Barikua, garagarrilak 18, 20:30etan, EUSKAL BARROKENSEMBLE.

2006ko hasikeran sortutako talde gaztea da, eta sortu zan tokiari eta gaur egun daukan egoitzeari egiten deutse erreferentzia. Taldearen konposizinoa oso aldakorra da. Zuzendaria eta sortzailea Enrique Solinís da, eta nazinoarteko ibilbidea egin ostean, antxinako musikearen intepretazinoan jarduten daben taldeetan (besteak beste: Hesperion XXI, Le Concert des Nations, Concerto Vocale, le Concert d`Astreé etab.), aurreko mendeetako musikearen errepertoriorik baliotsuenak berreskuratzea erabagi eban, eta beste ikuspegi bat emoten deutse, gizakiaren pasinoetatik eta bizipenetatik urrago.


- Zapatua, garagarrilak 19, 20:30etan, LANDARBASO ABESBATZA.

Landarbaso Abesbatza 1991. urtearen amaieran sortu zan Errenterian, musikea egiteko gogo haundia eukan gazte talde baten eskutik. Gaur egun 42 abeslarik osotzen dabe abesbatza, eta taldearen batez besteko adina 29 urtekoa da. Abesbatza, hasikeratik, gipuzkoar zuzendari onenetarikoa dan Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritza musikalaren menpe egon da.

Landarbasok oso programa zabala lantzen dau, garai eta estilo desbardinetako bai obra profano eta baita eleiz obrak be abestuz. Landarbaso Abesbatzak sorkuntza lana eta euskal folklorearen harmonizazino lana egiten dau, bai abesbatza eta baita gaur egungo musika munduari be lan ildo barriak eskainiz.


- Domekan, garagarrilak 20, 20:30etan, Udal Kiroldegian, EUSKADIKO GAZTE ORKESTRA SINFONIKOA

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1997ko hasieran eratu eta bultzaturiko taldea da Euskal Herriko Orkestra Gaztea, hemengo gazte instrumentistei orkestra musikaleko prestakuntzarako bidea emoteko asmoz. Horretarako, fundazino bat sortu zan: Eusko Jaurlaritzearen Kultura Saila sortzailea da eta BBK, KUTXA eta CAJA VITALeko gizarte ekintzak ditu bertako patroi kide lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu