Abangoardia artea Txinan (II)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-07-09 12:53   Bidaide

Txinako Abangoardia artearen ganeko bigarren erreportaje honetan, Txinak ezarritako zentsurea aztertuko dogu, izan be, zentsura horrek artista atzerritarrei be eragiten deutse.

Txinako Abangoardia artearen ganeko bigarren erreportaje honetan, Txinak ezarritako zentsurea aztertuko dogu, izan be, zentsura horrek artista atzerritarrei be eragiten deutse. Horreen artean hainbat euskaldun konkistau dituan ETBko 'Ni Hao Txina' programa barria aurkezten dauen Judas Arrieta dago. Orain dala hilebete batzuk Bizkaie! beragaz egon zan.

Zeng Hao-k (Luzhou, 1967) Pekin kanpoaldean dagoan estudio anarkikoan hartu gaitu; olio usaina da nagusi bazterretan eta ikusgai dagozan obretan XXI. Mendeko Txinaren neurri bako kapitalismoa islatzen da. Era berean, sexuak be aparteko garrantzia dauka koadroetan eta egileak egungo gizartearen arinkeria adierazo gura dau horregaz. Pintautako eszenatan txinatar ‘Atearen Jaungoikoa’ eta emakume bilozak agiri dira sexu-hartu-emonetan. Bitxia da ze figura biak plastikozkoak emoten dabe, globo forma biribilakaz eta neoizko kolore biziakaz. ‘Artistok bizi dogun garaiak gehien harritzen gaituana islatu behar dogu gure sormen lanetan. Txinan, jakina, asimiletako astirik barik, gizarteak bizi dituan aldaketa eta gorabehera basatiak interesetan jataz. Nire figurak plastikozkoak emoten dabe material hori erabilera bakarrekotzat daukadalako eta globo etxura eta forma biribilak, figura edo personaien aldakortasuna eta ahultasuna adierazoteko erabilten dodaz’.

Aitatutako kritika soziala beste estilo eta egile batzuen obran be ikus daiteke. Zhou Taok (Shanghai, 1981), berbarako, ‘Shanghai Daily’ egunkarian egiten dauen beharra pintore beharragaz buztartzen dau eta Danteren ‘Divina comedia’ ardatz hartuta, komik etxurako artelanetan, infernu berezia islatzen dau eta ohikoak dira Mac Donald’s-eko pailazoa, Kentucky Fried Chickenen sortzailearen arpegia edota bideojoko ezagunetako personaiak. Egilearen esanetan, ‘Txinako gazteria usteltzen edo alperrik galtzen dituen elementuak dira horreek’. Horrezaz gan, egilearen eretxiz sano kaltegarriak diralako Txinako personaia ezagunak be salatzen ditu eta askori ez jake bape gustau euren burua koadroetan ikustea.

Ia hogeita hamar urte joan dira ‘Lemazain Nagusia’ hil zanetik baina, halan dabe, Maoren irudia oso garrantzitsua dan oraindino Txinan. Hori bai, Maoren irudiaren erabilereak mugak ditu. Ondo daki hori Judas Arrietak (Hondarribia, 1971), sormen lanetarako estudioa Pekinen kokatu dauen euskal herritar bakarrenetakoak. ‘Txinatar artista bihurtzea da nire obsesiona eta horretarako nahitaez irudikatu behar dot Lider Nagusia’. Halan da be, Arrieta jn.aren ‘Mickey Mao’ lana erretirau egin eben erakusketa batzuetatik eta egileari agindu zorrotza emon eutsien txinatar agintaria barriro ez irudikatzeko.

Judas Arrietaren erantzuna ‘Turistak’ izeneko irudi bildumea izan da; horreetan egileak bere burua agertu dau Txinako politika munduko figura esanguratsuenen arpegiera eta ezaugarriakaz, tartean Maoren trazuakaz. ‘Insumisino jarrera hori sekula ez da ikusiko txinatarren artean. Gure begiekaz ezin dogu hemen pasetan dana epaitu; askatasuna edo giza eskubideak lako berben dimensinoa bestelakoa da eta gitxi dira zapalkuntzearen sentsazinoa aitatzen dabenak. Dirua eta familia nahikoa dira eurentzat pozik egoteko’. Dana dala, Arrieta jn.ak ez dau ulertzen Maori buruz egindako irudia zelan zentsurau daitekeen, ‘kontuan hartuz, marketing sinbolo garbia dala eta gaur egun metxero, kamiseta eta sal daitekeen edozertan agiri dala’.


Kopia eta barrikuntzea

Edozelan be, uriburuko moda-modako auzo bateko irlandar taberna batean, hirugarren ‘Tsingtao’ garagardaoa patxada handiz edaten ari dan Wang Wen Sheng-ek (Handan, 1963) autortu dauenez, gobernuak jarrerea zabaltzea erabagi dau pentsaurik zenbat eta askatasun gehiago izanik sistemearen kontrako matxinada edo errebolta gitxiago izango dala. Dana dala, artea propaganda politikoaren tresnatzat erabilten dauen bere belaunaldiko pintorerik garrantzitsuenetakoa dan Sheng jn.aren eretxiz, gitxieneko arauak nahitaezkoak dira. ‘Guk azken belaunaldikoak baino erantzukizun sentimentu handiagoa daukagu. Gazteak gehiegizko askatasun eremuan preso dagoz, muga handiak ditue gauza barriak, txundigarriak sortzeko. Jakina, barria, barrikuntzea eta ona, kalidadea ez doaz beti eskutik. Txinako egungo arteak zeozelako indarra dauka orain baina sukarraldia pasauta gitxi batzuk baino ez dira geldituko’.

Beste alde batetik, ‘txinatar egileen gehiegizko pragmatismoa da arazoa’ Anne Laure Fournier, Shanghaiko Art Space galeriako zuzendarikidearen esanetan. Izen handiko galeria hori uriaren erdialdeko fabrika zahar batean eregita dago eta merkatuaren gusto eta jokerei horrenbeste erreparau barik, sormen lanen kalideadeari eusten deutso; ‘eta jarrera hori arraroa da herrialde honetan’. Frantziako ekintzaile honen eretxiz, ‘gizartearen ispilu diran txinatar artisten belaunaldi barriak oso azkar egin gura dau gora eta diru asko irabazi eta horregaitik ‘normala’ da arrakastearen korrontean sartzea buru-belarri. Berbarako, ospea eta arrakastea gura dituan gazte batek estilo jakin bati eutsiz hori lortzen badau, sano gatxa izango da estilo barriak jorratzea eta gauzak barriakaz esperimentetea’.

Luo Hui (Guangzhou, 1973) bat dator Anne Laure Fournier and.agaz. ‘Hezkuntza sistemea oso zorrotza da Txinan eta bardintasuna da helburua’. Horregaitik, marrazki bizidunen estetikeari eutsiz, Huik banakotasuna aldarrikatzen dau. ‘Txinan desbardina izateak eragiten dauen bakardadea eta tristurea erabilten dodaz, izan be, horixe da ideia barritzaileen eskasiaren arrazoi nagusia. Ongizate materialaren bila gabilz eta artearen kalidadea bigarren mailan gelditzen da’.

Gao Fengek (Urumqi, 1975) eta Xiao Minek (Hangzhou, 1976), barriz, barrikuntzearen alde egiten dabe baina lehenaldiari keinu eginaz. Euren artean ez dago loturarik baina egia da elementu giltzarriak konpartiduten dituela. Barrikuntzea arlo tradizionalean. Minek arroz-papela eta txinatar tintea erabilten ditu, Txinako pinturearen eta kaligrafiaren material klasikoak; horreekaz egungo Txinako uri erraldoietako eszenak irudikatzen ditu. Paisaje zikin eta industria giroakoak, orain mende batzuetako irudien arau estetikoetan oinarrituta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu