Abangoardia artea Txinan (I)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-06-24 18:02   Bidaide

Maoren Kultur Iraultzearen ostean jaio ziran, 60, 70 eta 80. hamarkadetan, eta Txinako artista barrien belaunaldia osotzen dabe. Ez dira bildurtzen sexua, kapitalismoa edota gizarte-kritikea lako gaiakaz eta adierazpide barriak jorratu gura ditue. Baina, oraindino, politikea arlo zurruna da. Bizkaie! agerkaria euretariko hamarregaz egon da, artearen arloan mundu mailan pil-pilean dagoan merkadua ezagutarazoteko helburuagaz.

Maoren Kultur Iraultzearen ostean jaio ziran, 60, 70 eta 80. hamarkadetan, eta Txinako artista barrien belaunaldia osotzen dabe. Ez dira bildurtzen sexua, kapitalismoa edota gizarte-kritikea lako gaiakaz eta adierazpide barriak jorratu gura ditue. Baina, oraindino, politikea arlo zurruna da. Txinako abangoardia artearen ordezkariak dira. Bizkaie! agerkaria euretariko hamarregaz egon da, artearen arloan mundu mailan pil-pilean dagoan merkadua ezagutarazoteko helburuagaz.

Lehenengo begiradan, eta urrunetik, Kordaren argazkian oinarritutako Che-ren irudi arrunt bat dala emoten dau. Hori bai, Txinan horren normala dan kolore gorriz pintautako margolanean, txapelean daroan izar horiak indar guztia hartzen dau. Halanda be, hurragotik begiratu ezkero, harrituta geratzeko moduko ezustekoa topauko dogu. Benetan, argentinar iraultzailearen irudia sexuaz gozetan ari diran bikoteen masa kaotiko batek osotzen dau. Hainbat posturatan agiri dira eta Kama Sutra ikusten gagozala pentsau geinke. Elementu horreek biek, hau da, Che eta sexua, Lee Pei (Urumqi, 1978) artistearen uniberso lotsabakoa osotzen dabe. Pei banandutako bikote baten hirugarren alabea da. 'Nire artelanek garrasi egitea gura dot eta txikitatik bizi izan dodan errepresinoa, nire bizitza sexualean izandako desengainuak eta amodioa topeteak ekarri deustan iraultzea erakutsi'. Xinjiang probintziako neska gaztea gero eta indar handiagoa daukan Txinako arte garaikidearen testuinguru barriaren isla garbia da. Izan be, Txinako artea biziten dagoan iraultzea Maoren Kultur Iraultzeagaz baino ezin lei konparau. Baina, oraingoan, kontrako norabidean.

Dragoi Handiaren garapen ekonomiko erraldoiak, biztanleek inbersino errentagarriak egiteko daukien gogoak, Txinak munduan biztu dauen interesak eta herrialdearen zabalkunde ideologikoak bultzatuta, bohemio izatetik urrun dagozan artisten belaunaldia sortzea ekarri dau. Lujozko autoak gidatzen ditue, diskotekatara joaten dira, uriko lekurik puntakoenetan egoten dira eta futbol partidua jokatzeko moduko estudioak alokatzen ditue. Euren artean, atzokoak atzean itxi eta etapa barriari ekin deutse, konplejurik barik, superpotentzia barriaren aurrean daukien ikuspuntua. Agur sobietar ikutuko propaganda-arteari, agur arroz-papelean txinatar tintaz egindako paisaje gatzbakoei. Material eta forma barriak probetako ordua ailegau da, ideia bortitz eta probokatzaileakaz. Kanpora tabuak.


Kritikea eta zentsurea

Baina muga batera arte baino ez. Lee Pei artisteak narrua joten erakusten dituan bikoteen irudiak erakutsi dau Txina barriaren atzean, oraindino be, Txina zaharraren hainbat elementu dagozala ostenduta. 'Shanghai urian 'sexy' izeneko obra-multzoa erakutsi nebanean, Segurtasun Publikoko arduradunak erakusgelara indarrez sartu eta pornografia zabaltzea (Txinan galarazota dago) leporatu eta artelanak hormatik kentzen hasi ziran'. Ordutik, Pei bildurtuta dago. 'Atxilotuko ete naben bildur naz eta gurago dot ikutu sexualez edo kritikoz eginten ditudan obrak Txinatik kanpo erakustea eta ez hemen. Uste dot gizartea oraindino ez dagoala preparauta'. Horregaitik eta gizon txinatar batzukaz izandako porrotakaitik, akaso, gurago izan dau mendebaldeko bikote bat irudikatu.

Duda barik, zentsurearen gerizpea beti dago hor. Bizkaie!-gaz egondako hamar artistetatik zazpik eurek gura dabena sortzeko libre dirala autortu arren, danek dinoe oraindino be muga nabarmenak dagozala. Politikea ikutu ezineko gaia da, batez be Partidu Komunistea, lantzean behin alderdiaren ikurrak baragarri agertu arren. 'Baina, honezkero, muga horreek barruratuta daukaguz eta, horregaitik, autozentsurea da nagusi', dino Chen Fei-k (Maoming, 1972). Artistearen azken obrea onargarria izatearen muga-mugan dago. Miesa erraldoiak dira eta garabi bat erabili behar izan dau margozteko. Bertan, gizaki izatetik urrun dagozan irudiak ikus daitekez, lodi, zauriakaz beteta. Zauri horreetatik, Txina konsumistan modan dagozan objektu garestiek urteten dabe: bitxiak, kosmetikoak eta lujozko autoak. Begiei eraso egiten deutsen koadroak dira. Herrialdearen eraldaketeari eginiko kritikea. 'Jaio nintzanean, Txina herrialde marxistea zan, komunidadea zan oinarri nagusia. Hiru hamarkadatan gizaki materialista eta berekoi bilakatu gara. Trantsizino hori, akaso, ona izan da herrialdearentzat, baina gizakioi min handia egin deusku eta hori da erakutsi gura dodana'.

Erreportajearen bigarren zatian Txinako zentsura artistikoa eta merkadu artistikoaren norabidea aztertuko doguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu