‘Galdutako zubixak’ Kemen Lertxundiren lehen disko-liburua plazan

Bizkaie! 2008-06-25 15:26   Musikea
Musikaz jantzitako poesia ala poesiaz jantzitako musikea?

Kemen Lertxundi ondarrutar poeta eta musikari gazteak argitaratzen dauen lehen lana da Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, gaur Donostian aurkeztutako ‘Galdutako zubixak.

Kemen Lertxundi ondarrutar poeta eta musikari gazteak argitaratzen dauen lehen lana da Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, gaur Donostian aurkeztutako ‘Galdutako zubixak. Bi bideak alkar gurutzatu eta lotzen dira bertan. Testuen koadernoan kantuek eta poemek egilearen biografia sentimental moduko bat osotzen dabe, giza harreman guztietan izaten diran sentimenduez hornidua: beldurra, errua, damua, itxaropena, galera, bakardadea…

Diskoan bi formatutan agertzen jaku kantaria; batean, bakarka eta era akustikoan; kapaz da akorde gitxi batzuekaz intensidadeaz beteteko kantuak. Bestean, Ondarroako Garden rock progresiboko taldeko musikarien babesaz, indar melodiko handiko eta moldaketa klasikoez jantzitako pop-rock eremura eta errepideko rock amerikarrera joten dabe kantuek.

Kemen Lertxundik (Ondarroa, Bizkaia, 1979) solfeo eta klarinete ikasketak egin zituan eta gaur egun musika irakaslea da. Kantagintza eta poesia jorratu ditu, baina ‘Galdutako zubixak’ da argitaratzen duen lehen lana. Poesia norbere burua ezagutzeko armatzat hartzen dau Kemenek, eta asmo horretara heltzeko erabilten dau. Kontzientzian jotako astinduak dira sarritan bere poemak, iraganagaz zorrak kitatzeko eta zauriak osatzeko modu bat, Gabriel Arestik idatzi ebana bere eginez (‘Poesia mailu bat da’).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu