Bilbo kulturen topagune izango da astebetez Munduko Jenteak II. Jaialdiagaz

Bizkaie! 2008-06-23 14:54

Aste honetan, bagilaren 23tik 29ra, Bilbon izango da 2008ko Munduko Jenteak II. Jaialdia. Sentsibilizazino proiektu hori jai giroan egiten da eta euskal herritar barrien jatorrizko herrialdeetako kulturak ezagutarazoteaz gan, gizartearen eta talde horreen arteko interakzinoa lortu gura da.

Aste honetan, bagilaren 23tik 29ra, Bilbon izango da 2008ko Munduko Jenteak II. Jaialdia. Sentsibilizazino proiektu hori jai giroan egiten da eta euskal herritar barrien jatorrizko herrialdeetako kulturak ezagutarazoteaz gan, gizartearen eta talde horreen arteko interakzinoa lortu gura da.

Jaialdia bigarrenez egingo da Euskadin. Astebetean, kaleko antzerkia, filmak, erakusketak, berbaldiak eta tailerrak izango dira eta parte hartzen daben herrialdeetako turismo-, industria- eta ekonomia-garapenen barri emongo da. Programa hori uriko leku desbardinetan garatuko da: Ensanche eraikinean, Bidebarrietako liburutegian, Bilboko ikasketa txinoen zentroan, Bolunta eta FNACen eta Abando, Deustu eta Zazpi Kaleko barruti-zentroetan.


Asteburuan, Arenalean

Zapatuan, bagilak 28, jaialdi erraldoia egingo da Arenalean. Musika emonaldiak eta ikuskizun artistikoak izango dira eta munduko hainbat lekutako gastronomiaz, folkloreaz eta musikeaz gozetako aukerea izango da.

Etorkinen 44 alkarte eta horreek babesten dituen GKEa dira ekimen honen bultzatzaileak eta Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Uritarren sailaren babesaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino Zuzendaritzearen babesa be badau.


Programea

Astelehenetik barikura

Filmak eta dokumentalak

Jaialdi honetan hainbat proiekzino izango dira. Emonaldiak adin desbardinetako ikusleentzako izango dira eta 'Luna de avellaneda' film luzea edota 'Manuelita' umeentzako filma ikusteko aukerea izango da, besteak beste.

Dokumentalak be izango dira ikusgai, Txinaren, Kubaren edo Sahararen eboluzinoa azaltzeko. Proiekzio horreek osotzeko, berbaldi eta mahai-inguruak egongo dira.

Tailerrak

Afrikako jantzak, perkusinoa, idazkera arabiarra... izango dira tailer nagusiak. Aukera paregabea munduko beste txoko batzuetako diziplina artistikoetan buru-belarri sartzeko.

Kaleko antzerkia

Astelehenetik barikura, Bilboko plaza eta kaleetan umorea eta fantasia izango dira nagusi. Barruti guztietan egongo da kaleko antzerkia ikusteko aukerea.

Erakusketak

Amesetako lekuen ganeko erakusketa zikloak ikusleak Amazoniara, Afrikara edota Islameko herrialdeetara eroango ditu argazkien, margoen, txotxongiloen, jantzi tipikoen eta ohiko tresnen bidez.

Irakurketa eta poesia

Lehenengo zitea martitzenean izango da, bagilak 24, FNACeko kafetegian. Bertan, 'Cien años de soledad en la Odisea' lanaren irakurketa antzeztua egingo dabe.

Eguenean, bagilak 26, Bidebarrietan poesia emonaldia izango da. Bertan, Alfredo Pérez Alencart poeta perutarrak eta Mugika Solokoetxe ikastetxeko ikasleen abesbatzak parte hartuko dabe.

Asteburua

Zapatua

17:30ean ekitaldi ofiziala izango da erakundeetako eta alkarteetako ordezkarien eskutik. Ondoren, ikuskizun artistikoak eta musikalak egongo dira, euskal jantzak, capoeirak edota Errusiako kanta herrikoiak besteak beste.

Gaueko 22:00etatik aurrera, Swing orkestra tropikalak joko dau.

Domekea

Jaialdiaren azken egunean, jantzea, musikea eta tailerrak izango dira protagonistak. Bertan, gizarte solidarioagoa, gizarteratzaileagoa eta bidezkoagoa eregiten irakatsiko dabe GKE-etako ordezkariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu