GetxoPhoto’08, irailaren 11tik urriaren 12ra
2008-06-18 19:41 KultureaBegihandi kolektiboaren ekinbidez, bigarrenez dator aurten GetxoPhoto, Best Brand Logo kategorian, European Design Award saria besapean dauela.
Begihandi kolektiboaren ekinbidez, bigarrenez dator aurten GetxoPhoto, Best Brand Logo kategorian, European Design Award saria besapean dauela. Ibilbide laburreko argazkigintza jaialdiaren logoa, Barfutura estudioak egindakoa, saritu dabe Europako diseinu aldizkari garrantzitsuenetako zuzendariek. Aparteko bultzada horregaz, irailaren 11tik urriaren 12ra, ‘Mutazioak’ gaia ardatz hartuta eta Alejandro Castellote komisarioaren lana tarteko dala, Getxoko kaleak museo bihurtuko dira, artearen erakustoki.
Aurtengo kartelaren eta igazko GetxoPhotoren amaierako jarduera legez, Ecoline alkartearen merchandising bereziaren aurkezpena egin dabe gaur Getxoko Portu Zaharrean Jokin Aspuru zuzendariak, Richard Meza Barfuturako diseinatzaileak eta Imanol Landa Getxoko alkateak.
Jokin Aspuru gustora azaldu da igaz lehenengo edizinoan bizitakoakaz eta aurten jaialdia hazi egingo dala zehaztu dau, besterik ez bada erakusketa egunetan eta interbentzioetan. Era berean, herritarren parte-hartzea sustatzea be aurtengo beste barrikuntza bat izango dala aurreratu dau.
Beste alde batetik, igazko olana euskarrian erakutsitako argazkiak birziklau egin ditue pieza bakarrak sortuz, poltsak, amantalak eta holakoak. Irabazi asmorik bako ekimena danez, salmenten irabaziak AFTAL, Getxo Sahararen alde zuzenduko dira.
Richard meza diseinatzailea be pozarren azaldu da oraintsu Estocolmon jasotako sariagaz, besteak beste, Best Brand Logo kategorian besteetan baino hautagai gehiago egon dalako eta lehia be gogorragoa izan dalako.
Imanol Landa Getxoko alkateak Begihandi alkartearen lana goraipatu dau, GetxoPhotok haize freskoa dakarren jaialdia izateaz gan eta artea eta kulturea gizarteratzen dauen proiektua izateaz gan, parte hartzea bultzatzen dauelako eta herri osoaren inplikazinoa eskatzen dauelako. GetxoPhoto babestea sano pozgarria dala adierazo dau eta Getxoko Udalak bete betean bat egiten dauela aurtengo lemeagaz, ‘Mutazioak’ horregaz, izan be, herria dinamizetako eta hobera aldatzeko ahalegin horretan buru belarri dabilzalako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!