Berezko abortuak iragarteko markatzaileei buruzko lan batek irabazi dau Basque Research web gunearen VI. Tesi Saria

Bizkaie! 2008-06-16 19:49

Nafarroako Unibersidadeko Estibaliz Alegre ikertzaileak jaso dau lehenengo saria, ‘La molécula HLA-G como marcador de aborto espontáneo’ (HLA-G molekula, berezko abortuaren markatzaile) lanarengaitik.

Elhuyar Fundazinoak, Basque Research web gunearen bitartez, VI. Tesi Saria antolatu dau, eta gaur goizean jakinarazo ditu epaimahaiak aurtengo irabazleen izenak. Edizino honetan, Nafarroako Unibersidadeko Estibaliz Alegre ikertzaileak jaso dau lehenengo saria, ‘La molécula HLA-G como marcador de aborto espontáneo’ (HLA-G molekula, berezko abortuaren markatzaile) lanarengaitik.

Estibaliz Alegre biokimikaria berezko abortuak izateko arriskua daben emakumeak identifiketan lagundu leiken markatzaile bat topetan saiatu da. Laburpena irakurterraza eta ulergarria izateaz gan, gaia ondo kokatzen dau ikertzaileak. Hasieratik ikerketearen muinera doa, eta horixe izan da epaimahaiaren arrazoietako bat lan honi lehenengo saria emoteko.

Laburpen horrengaitik, ordenagailu eroamangarri bat eta astegoien bateko egonaldi bat jaso ditu Alegrek, Sistek Informatika y Microsistemas eta Nekatur alkartearen laguntzinoari esker.

Bigarren saria, barriz, unibersidade bereko Carolina Cebrián ikertzailearentzat izan da, ‘Implicaciones en la ramificación axónica en el Parkinson’ (Axoien adarkatzearen ondorioak Parkinsonean) izeneko lanarengaitik. Orain arte egindako ikerketen arabera, neuronen axoiak (isatsak) garuneko gune bakarrera heltzen dira. Cebrián-ek, ostera, honako hipotesi hau proposatu dau: neuronen axoiak adarkatu egin daitekez, eta, holan, gai dira aldi berean hainbat guneren jarduerea moldatzeko. Horrek argituko leukez orain arte azalpenik ez izan daben Parkinsonaren ondorioetako batzuk. Gainera, badirudi axoirik adarkatuenak dituen neuronak dirala aukera gehien dabenak kaltetuak izateko Parkinsonean. Tesi honen inguruan, epaimahaiak nabarmendu dau ulergarria eta atsegina dala irakurketea, nahiz eta sarrera tesiaren muinagazko orokorregia edo urrunekoa izan. Laburpen honi esker bigarren postua lortu dau Carolina Cebrián-ek, eta argazki-kamera digital bat eta astegoien bateko egonaldia irabazi ditu, Eroski Kooperatiba Elkartearen eta Nekaturren babesletzari esker.

Azkenik, euskerazko aitamen berezia Euskal Herriko Unibersidadera joan da, Adam Zawiszewski hizkuntzalariaren eskuetara, hain zuzen be. Ikertzaile honek ‘Garunaren alderdi ezkutuak deskubritzen: kasua eta komunztadura neuroirudietan’ izeneko lana aurkeztu dau. Lan horretan, euskerea eta, oro har, edozein hizkuntza prozesatzen dogunean gure garunean zer pasetan dan ikertu dau. Zawiszewskik bere doktore-tesian ondorioztatu dauenez, hiztuna hizkuntza batez zer adinetan jabetu dan, akats-mueta batzuk edo beste batzuk sumatzen ditu garunak. Kasu honetan, testuaren zuzentasuna eta adibideen erabilera argigarria nabarmendu ditu epaimahaiak, nahiz eta terminologia zenbaitetan azalpenik barik be agertzen dan testuan. Lan honi esker, MP4 bat eta EAEko landetxe batean astegoien bat igaroteko txartela irabazi ditu, Kooperatiba Alkartearen eta Nekatur alkartearen eskutik.

Aurten, 38 lan aurkeztu dira guztira sariketara: Euskal Herriko Unibersidadeko hogeita lau lan, Nafarroako Unibersidadeko hamar eta Mondragon Unibersidadeko eta Deustuko Unibersidadeko bina lan. Saritutako lan horreek eta parte hartu daben ganerakoenak Basque Research web gunean (www.basqueresearch.com) dagoz ikusgai.


Tesi Sariari buruz

Elhuyar Fundazinoak Basque Research web gunearen bidez antolatzen dau sariketa hau, eta helburua da doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea, hau da, ikerketa lanak zabaltzea; hori dala eta, ‘epaimahaiak ez dau tesia bera epaitzen, egilearen dibulgazino-ahalmena baino’.

Epaimahaia bost personak osotu dabe, guztiak zientzia- edo teknología ikasketak egindakoak eta dibulgazinoan adituak. Epaimahaiak ondoko erispideak izan ditu kontuan lanak baloretako orduan: laburtzeko ahalmena, azalpenen zuzentasuna eta erakargarritasuna, irakurteko erraztasuna, ideien transmisinoa, gaiaren zabalkunderako zailtasuna, izenburua eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu