Aurten, 10 taldek parte hartuko dabe parte bagilaren 19tik 21era

Bizkaie! 2026-06-17 08:35   Musikea

Badator XIX. Haizetara Nazinoarteko Jaialdia.

Amorebieta-Etxanoko kaleak erritmoz, kolorez eta energiaz beteko dira Haizetara Kaleko Musika Jaialdiaren XIX. edizinoan. Urtetik urtera indartzen dagoan jaialdia da, musikea zaleentzat ezinbesteko hitzordua eta aurten, herrialde askotako hamar talde lehiatuko dira.

2026rako hautatutako taldeek Belgikako, Frantziako, Italiako, Hungariako eta Estaduko hainbat tokitako doinuak ekarriko ditue. Talde bakotxak lau kontzertu eskainiko ditu udalerriko hainbat gunetan, jazza, funka, bersinoak, konposizino originalak, musika elektronikoa, hip-hop eta folka lako estiloak nahastauta.

Aurten parte hartuko daben bandak ondokoak dira:

  • Pierres & fils (Frantzia).
  • Banda Quetzal (Belgika).
  • Les Rogers Brass Band (Frantzia).
  • Seven Seas Orchestra (Italia).
  • Mamabrass (Madril).
  • Fanfarria Taquikardia (Vigo).
  • Forbi Brass Band (Hungaria).
  • Los Justicieros (Madril).
  • Super Panela (Frantzia).
  • Barna Sabor Trubača (Bartzelona).

Horrezaz gan, jaialdiaren barruan III. Euskal Herriko Fanfarre eta Txarangen topaketea izango da zapatuan eta, beraz, lehiaketatik kanpo hainbat talde ibiliko dira kaleetan zehar: Sugarri, Malatxo, Incansables, Mauxitxa, Sama Siku eta Zornotzako Musika Bandea.

Programazinoa

Jaialdia barikuan hasiko da, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00retan, Zelaieta parkean egingo dan taldeen aurkezpenagaz. Ondoren, kontzertu ugari izango dira herriko hainbat gunetan, besteak beste, Andra Mari, Gernika, Arraibi, Euskal Herria, Kalbario eta Zubiondo plazetan, Zezilia Gallartzagoitia eta Sabino Arana kaleetan, Harrison hotelean eta Amorebieta-Etxanoko beste hainbat txokotan.

Bariku eta zapatuan kontzertuak goizaldera arte izango dira eta egun bietan, amaitzeko, Ariane Quartet taldearen Jam Session saioak izango dira Harrison hotelean 00:00etatik aurrera.

Sariak eta botazinoak

Jaialdia domekan amaituko da, hilaren 21ean, 13:00ean, Zelaieta parkean egingo dan sari banaketeagaz. Hiru sari emongo dira:

  • Bandarik onena (15.000 €).
  • Instrumentistarik onena (1.000 €).
  • Publikoaren saria (4.000 €).

Aurten, Haizetara App erabilgarri dago lehenengo aldiz, eta horri esker Publikoaren Saria nork eroango dauen erabagiteko aukerea izango da modu eroso eta digitalean.

Era berean, Haizetara App-ak botoa emoteko aukereaz gan, beste hainbat funtzino be eskaintzen ditu: taldeak mapan kokatzeko aukerea, euren kontzertua entzuteko aukerea, taldeen inguruko informazinoa eta biografiak konsultetako aukerea, eta jaialdiko egitaraua eskuratzeko aukerea, besteak beste.

Online botazinoa barikuan eta zapatuan egingo da, bagilaren 19ko 20:00etatik bagilaren 20ko 24:00etara bitartean, app-an edo Zelaieta Zentroko Dendan dagoan botazino-gunean. Aurten, telefonotik egin nahi ez dabenentzat, aurrez aurre botoa emoteko aukerea be egongo da: Zelaieta Zentroan botazino-puntu digitalean, hain zuzen be, Haizetarako banden merchandisinga saltzen dan lekuan, dendea zabalik dagoan ordutegian (barikuan 19:00-23:30 eta zapatuan: 11:30-14:00 eta 19:00-23:30, domekan, 11:30-14:00)

Danontzako jaialdia

Amorebieta-Etxanoko Ainhoa Salterain alkateak zehaztu dauenez, Haizetara lako ekimen baten aldeko konpromisoari eusten deutsagu, gure herriarentzat kulturearen, sormenaren eta bizikidetzearen adierazgarri dalako. Jaialdi honek nazinoarteko proposamenak ezagutzeko aukerea emoten deusku eta, aldi berean, Amorebieta-Etxano bizipen partekatuen eta giro onaren topagune bihurtzen dau. Horregaitik, herritar guztiak animetan ditut kaleetan sortzen dan jai-giro honen parte izateko, guztion artean eregiten baita.

Informazino gehiago hemen. rako: www.haizetara.eus.

Aerofonoak: Munduko Haizeak erakusketea

Era berean, bisitariek Aerofonoak: Munduko Haizeak erakusketea izango dabe ikusgai Zelaieta Zentroko erakusketa gelan, bagilaren 9tik garagarrilaren 3ra. Munduko haize-instrumentuen aniztasuna erakutsi eta instrumentu bakotxaren historia, funtzino kulturalak eta material lokalek soinua zelan sortzen daben azalduko da, Haizetara ekimenagaz lotura zuzena dauelarik. Sartzea doban da, eta musika eta kultura honen magia gertutik ezagutzeko aukera parebakoa eskaintzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu