'Domeketan Bizikletaz', bagilaren 21ean, Errekalden
2026-06-17 10:55 KirolaEdozeinentzako jarduerak izango dira, bizikletearen erabilerea sustatzeko.
Proposamena #BiziBilbaoBizikletaz udal-kanpainearen parte da. Kanpaina horrek, Martxa aldatu, Bilbo eraldatu lelopean, bizikletea garraiobide izatea sustatzen dau sensibilizazino, prestakuntza eta informazino-ekintzen bidez.
Ikaskuntzako, bide-segurtasuneko eta kirol-praktika arduratsuko tailerrak atonduko dira, eta bizikleta erabiliak salerosteko gune bat eta konponketa-stand bat instalauko dira.
Domeketan bizikletaz ekimena Errekalden egingo da datorren domekan, Bilboko auzo guztietan bertatik bertara azaltzeko garraiobide jasangarri eta osasungarri hau egunero erabiltearen onurak.
Bizikletan gozau, ikasi eta mobiduteko pentsautako ekitaldi hau goizeko 11:00etatik aurrera egingo da Errekalde plazan, eta edade eta esperientzia-maila guztietarako pentsautako hainbat jarduera didaktiko eta ludiko izango ditu, bizikletearen erabilerea sustatzeko helburuagaz.
Beste batzuetan bezela, Bilboko Udaltzaingoaren, Bizkaiko DYAren, Euskadi Fundazinoaren, Bilbobusen, Bizi Eskolearen, Bizicletadearen eta Decathlonen laguntza izango da. Ikaskuntza eta aisialdia buztartzen dituen hainbat jarduera atondu ditue horreek guztiek.
Nora Abete alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak adierazo dauenez, Bilboren eraldaketeak mobiduteko modua be hartu behar dau kontuan. Bizikletearen erabilerea sustatzeak ekarriko dau bizi-kalidadea hobetzea, espazioa personentzat berreskuratzea eta huri jasangarriago, osasungarriago eta kohesionatuago baterantz joatea. Gure mobikortasun-ohituren aldaketa txiki bakotxak nahi dogun Bilbo eregiten laguntzen deusku, eta holako jarduerek helburu horretara hurbiltzen gaitue.
Familia osoarentzako dibersinoa eta ikaskuntzea
Ekitaldia 14:30ean amaituko da eta Bilboko Udaltzaingoak bide-hezkuntzako tailer bat emongo dau zirkulazino eta segurtasun-arauak ierakusteko. Horrezaz gan, Bizkaiko DYAren hezkuntza-tailer bat egongo da (izenburua: hurbildu anbulantziara eta ikasi lehen sorospenetako eta bihotz-biriketako bizkorketako (BBB) oinarrizko teknikak), bai eta ibilbide gidatu bat be, Burbuila taldean uri-ibilbide praktikorako ikasgela pedagogikoa, langile espezializatuek gidatua.
Gainera, umeek kukaina formatuko txirrindulari-ginkana batez gozauko dabe eta umeentzako gune bat egongo da, arpegi-margoketeagaz eta eskulanakaz, betibere ziklismori buruzkoa. Gainera, bizikletak konpontzeko stand bat eta bigarren eskuko bizikletak salerosteko espazio bat egongo dira.
#BiziBilbaoBizikletaz
Domeketan bizikletaz #BiziBilbaoBizikletaz kanpainearen parte da. Kanpainea Mobikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatzen dau eta, Aldatu martxea, eraldatu Bilbo lelopean, bizikleta bidezko mobikortasuna sustatzea da asmoa.
Prestakuntza-programearen barruan sartzen dira Bizitoki udal-espazioan zein Elorrietako Erriberan egiten diran ikastaro praktikoak. Doban dira 16 urtetik gorakoentzat, eta bizikletan ibilten ikasi nahi dabenentzat ez eze, urian egiten dituen joan-etorrietan hobeto erabilten eta segurtasun handiagoa izaten saiatzen diranentzat be badira.
Ordu biko saioak dira, maila eta ordutegi desbardinetan; emakumeentzako eta dibersidade funtzionala daben personentzako ikastaro espezifikoak be emongo dira, eragozpen sozialak, fisikoak eta psikologikoak ezabatzeko helburuagaz.
Prestakuntza-eskaintzea hainbat mailatan emoten da eta saio praktikoak be egiten dira uriko zirkulazinoari, beste garraiobide batzuekazn biziteari eta bizikletearen gaineko autonomia eta konfidantzea indartzeari begira.
Izena emoteko, bizibilbaobizikletaz.eus webgunea erabili daiteke. Bertan, tailerrei buruzko informazino guztia batu ahal izango da, QR kode baten bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
