Euskadiko Filmategiak eta EITBk 'Ander eta Yul' (Ana Díez, 1988) zaharbarriztau dabe
2026-06-17 11:45 ZinemeaProzesua Boloniako L’immagine Ritrovata laborategietan egin dabe.
Euskadiko Filmategiak eta EITBk Ander eta Yul filma (Ana Díez, 1988) zaharbarriztau dabe Boloniako Cinetecaren barruko L’immagine Ritrovata laborategietan (Italia). Euskal zinematografiako lan nabarmen hori Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emongo da 4K-n, irailean. Hain zuzen, jaialdi honetan estreinau zan orain 38 urte, zehatz, Zabaltegi-New Directors atalean.
Gaur aurkeztu da zaharbarrizte-lana Tabakaleran, han izan diralarik Ana Díez zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Vanesa Fernández EITBko Euskera eta Kultura zuzendaria, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria.
Filmoteca Españolan gordeta egoan jatorrizko negatiboa, Boloniara eroan eben 2025eko irailaren amaieran. Laborategietan aztertu eta eskuz konpondu ondoren ultrasoinuakaz garbitu eben. Eskaneau ostean, formatu digitalera ekarri eben irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria borrau eutsezan. Azkenik, kolorea zuzentzeko eta soinua zaharbarritzeko faseari ekin jakonj eta Bolonian bertan izan ziran Ana Díez eta Gonzalo Fernández Berridi filmeko argazki-zuzendaria, lan horreek gainbegiratzen. Lan horreez gan, prozesu osoa kontrolau dabe zuzendari nafarrak eta Filmategiko teknikariek.
Kopia zaharbarriztau horrek berak hartuko dau parte National Film Institute Hungary erakundeak atontzen dauen Budapest Classics Film Marathon ekitaldian (Budapesten egingo da irailaren 15etik 20ra) eta Alemaniako Zinematekeak bultzatzen dauen Berlingo Film Restored - The Film Heritage Festival-en (urria). Ana Díezek jaialdi bietan aurkeztuko dau filma. Pelikulea zinema klasikoaren esparruko beste hitzordu erreferentziazko batzuetan proiektetatako ahalegina egingo dau Euskadiko Filmategiak.
EITBk eta Euskadiko Filmategiak finantziau dabe proiektua, eta Eusko Jaurlaritzearen babesa izan dau.
Euskadiko Filmategiaren Saria
Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, Ana Díezi emongo deutso saria Euskadiko Filmategiak, haren ibilbidea autortzeko. Euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omentzen ditu sariak eta, aurretik Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano zuzendariek jaso dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
