Erandio eta Uribe Kostako blogari euskaldunen komunidadea martxan

Bizkaie! 2008-06-16 19:17

Euskerazko edukien euskarri izateaz gan, eskualdeko ziberkomunidade euskalduna osotzea dau helburu egitasmo barriak, hau da, batzuetan noraezean dabiltzan blogari euskaldunen topaleku birtuala izatea eta, aurrera begira, ekimen desbardinak antolatzen hastea.

Mikel Iturbe blogariak egindako garapenari esker, Erandio eta Uribe Kostako Internet bidezko euskerazko sormen personal guztia batzea dau helburu www.ukberri.net agerkari digitalak abian jarritako tresna barriak. Erderazko edukietara jo behar izan barik, e-UKomunitatea-n izango dabe Erandio eta Uribe Kostako euskerazko blog, fotolog eta webguneetako edukiak topetako aukerea irakurleek. Hori guztia, ukberri.net aldizkarian topau leikiezan albisteen osogarri.

Edozelan be, euskerazko edukien euskarri izateaz gan, eskualdeko ziberkomunidade euskalduna osotzea dau helburu egitasmo barriak, hau da, batzuetan noraezean dabiltzan blogari euskaldunen topaleku birtuala izatea eta, aurrera begira, ekimen desbardinak antolatzen hastea. Horregaz guztiagaz batera, oraindino euskeraz idazten ausartu ez diran eskualdeko dozenaka blogariak erakarri eta horreek gure hizkuntzeari heltzeko asmoz be sortu da e-UKomunitatea.

2008a urte oso berezia izaten ari da ukeberri.net-ekoentzat, Iñigo Fernandez de Martikorena albistegiko kideak nabarmendu dauenez. Zemendiaren 8an, 5 urte beteko ditu Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak. Hori dala eta, aurten hainbat erronkari emon deutsee bidea. Batetik, Euskaltzaindiaren gomendioak aintzat hartuz, ‘Uribe Kostako komunidadea’ leloa baztertu eta ‘Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala’ esamoldea hobestu eben logotipo eta mantxetaren diseinu barrian. Halan da be, komunidadearen zentzua galdu nahi ez eta e-UKomunitatea lantzen hasi ziran. Bestalde, zezeiletik eskuko telefonoan jaso leikiez gura daben guztiek aldizkarian argitaratutako albisterik garrantzitsuenak.

Laster, ganera, proiektu barriak abiatuko ditue. Horreek guztiak bost ardatzen inguruan harilkatuta: ‘euskeraz biziteko tresnak abiatzea, komunidade euskalduna sarean trinkotzea, eskualdeko komunikazinoa sendotzea, eragileen arteko sinergiak sortzea eta teknologia barriak herritar eta euskerearen zerbitzura jartea’, Fernandezek aitatu dauenez. Era berean, urte guzti honeetan erraztutako baliabideengaitik eskerrak emon deutsez ukberri.net-eko lantaldeko kideak Leioako Maritxu Teilagorri eta Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordeari, Algortako jai batzordeari, Getxoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta bazkideei.

E-UKomunitatea garatzearen meritua Mikel Iturberena da eta, bereziki, horri emon deutsoz eskerrik beroenak aldizkariko lantaldeak. Blogari getxoztarrak, barriz, Zabaldu.com-eko sortzaileetako bat dan Arkaitz Zubiagak egindako lana ez dau ahaztu gura izan. Iturbek zehatz mehatz azaldu dau zeintzuk diran proiektu barriaren ezaugarriak. Erandio eta Uribe Kostako blogari euskaldunen komunidadeko hasierako orrialdeari begiratuta, gaiaren araberako bost zutabe agertzen jakuz: blogak, fotologak, politika, gazteria eta bestelakoak dira ezarritako kategoriak. Horreen barruan, barrienetik zaharrenera dagoz banatuta albisteak. Blog, fotolog eta webgune bakotxeko edukia barriztau ahala joango da aldatzen.


Zelan parte hartu?

Hiru baldintza aitatu ditu Iturbek: blog, fotolog eta webgunea eskualdean kokatutako proiektua izatea; euskera hutsez aritzea; eta, behin proiektuagaz bat eginda, ukberri.net-en banerra edota esteka jartea. Parte hartu nahi dabenek e-ukomunitatea[abildua]ukberri.net e-postara idaztea besterik ez dabe egin behar. Fernandezek emondako datuen arabera, fotologei jagokenez, 350 inguru dagoz eskualdean. Horreetatik 150 batek euskerazko edukiak jarten ditue; eta 50 inguru euskera hutsezkoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu