Maria Das Dores: ‘bizi nazan lekuan etorkin izatea gustetan jat’

Zigor Aldama 2008-06-16 11:59   Bidaide

Shanghain bizi dan portugaldar, frantziar eta euskal jatorriko artistea

Shanghaira bi hilebeterako baino ez zan etorri eta honezkero urte bi daroaz Txinako uriburu ekonomikoan. Oraingoz ez dau aurreikusi jaioterrira bueltetea. Dragoi Handiak begiak zabaldu deutsoz eta Europan zarratuta zituan ate asko zabalik topau ditu. Artistearen bizimodua sekula ez da erraza izan eta gatxagoa oraindino sektorean mobiduteko beharrezko kontakturik ez daukazunean egungo baldintza ekonomikoetan. Horregaitik, portugaldar, frantziar eta euskal jatorriko María Das Doresek Txinara alde egiteko erabagia hartu eban erosoago lan egin ahal izateko eta lan horreek aberastuko dituan ustezko inspirazinoaren bila.


1.- Zergaitik aukeratu zenduan Txina?

Askosaz merkeagoa da hemen dana eta Txina artearen deslokalizazinorako nazinoarteko gune garrantzitsuena da gaur egun. Europar artista askok etxean diseinau eta sortzen ditue artelanak eta produkzinoa, barriz, Txinan egiten dabe, gero barriro lanak Europara bialtzeko. Egungo globalizazinoaren parekotasunak topau gura izan ezkero, Berpizkunde garaia aitatuko neukizu, izan be, sasoi haretan artelanak alkarregaz eskoletan egiten zituen maisuek eta ikasleek. Gaur egun, ostera, literaturako ‘baltzen’ egoera horretatik hurrago dago egoerea.


2.- Ze erakutsi dozu Shanghain eta Pekinen zure artelanen erakusketetan?

Hemen dana da posible. Muga gitxi dago eta hori artistearentzat sano inportantea da. Erakusketen oinarrian bideoartea dago eta hor emakume bi agiri dira gizonezkoen kirola dan zezta-puntan jokatzen; gizonezkoen botere kontzeptuagaz olgau gura izan dot eta, akaso, lotsabakokeriaz jantzitako beste ikuspegi bat erakutsi, beti be, ikusleen artean gogoetea eragiteko.


3.- Ideia gauzatzea ez zan erraza izango. Laguntzinorik izan dozu?

Bai, arrazoia dozu; ez zan bape erraza izan. Txinan zezta-puntea zer dan be ez dakie eta zeozelako etxurea emongo eutsien emakumeak topetea ia ezinezkoa emoten eban hasieran. Azkenean, fronteniseko profesionalakana jo behar izan neban. Horrezaz gan, babesleak be behar nituan eta zorionez, Shanghaiko Euskal Etxearen laguntzino ekonomikoa lortu neban. Datu bitxia baino ez bada be, kultura arloan, Euskal Etxearen lehenengo ekarpena izan da nire proiektua babestea eta hori pozgarria da ze modu apalean baino ez bada be, euskal kulturearen esentzia erakutsi dot Txinaren bihotzean.


4.- Euskal kulturearen esentzia hori zelan hartu dabe Txinan?

XXI. mendeko superpotentzian eta munduko herrialderik populatuenean kultura erabat ezezaguna sartzeko ahalegina ez da bromea. Edozelan be, nire helburuak nahikoa apalak dira. Ez dot inondik inora gura izan txinatarrek gure kulturea ulertzea, nire asmoa zeozelan eragitea eta zeozer desbardina sentiduarazotea izan da. Hori baino ez baina ze gauza handia… Txinatarren neurrien eskalan dana da handia. Euskal herritar guztiak Shanghaiko auzo bakarrean sartuko litzatekezala esaten deutsezunean zur eta lur geratzen dira baina zorionez gero eta jarrera zabalagoa atzemoten jake, gauza barriak ezagutzeko egarria, Europan desagertzen doan jokerea.


5.- Integrau zara Txinan?

Koilara, sardexka eta enparauak ahaztuta, zotzakaz honezkero ohituta nago eta txinatar gastronomiaz disfrutetan dot, berbarako, moda-modan dagoan Chatea izeneko jatetxean; izena bera txineraz eta ingelesez té berbearen konbinazinoa da eta giro ederra egoten da jatorduetan. Honezkero ez naz bildurtu edo kikiltzen txinatarren begiradakaz edo ez deutset jaramonik be egiten. Bizi nazan lekuan etorkin izatea gustetan jat. Parisen bizi nintzanean, amaren abizena hartu neban bertakoak probokau, hurreratu eta hartu-emonetan errazago hasteko. Txinan, barriz, jarrera horrek ez dau balio. Kanadan, erraza da kanpotarra izatea, Frantzian ez horrenbeste baina Txinan urte bi daroadaz eta oraindino estralurtar moduan hartzen nabe. Nire hazpegi edo arpegierea sano adierazgarria da eta batera eta bestera inor konturatu barik ibiltea ez da posible. Shanghain ez jatzu inor begira geratzen baina uri handietatik kanpo, nekazaritza giroko Txinan behiak trenari begira bezela geratzen jataz.


6.- Zelan baloretan dozuz Txinan emondako bi urteak?

Pozik nago. Maoren herrialdean neure burua ezagutu dot edo zehatzago esateko norberaren burua ezagutzeko amaierarik bako prozesuan asko ikasi dot. Txinara heltzeaz bat aldaketa kultural sakona biziten dozu eta horren aurrean norberagaz, norberaren arazo, ideia eta kontraesanakaz topo egitea erraza da. Hemen ezin dira erabili gure baloreak, ez gara inor ezer epaitzeko.

Beste alde batetik, uri honetan hogei miloe bizilagun dagoan arren, erraza da bakarrik sentidutea eta normala da hemen dabilzan kanpotar banak batzuk burumakur ikustea, bakarrik, bertakoakaz ezelako kontaktu barik. Dana dala, bakardade hori inspirazino iturri izan daitekeela pentsetan dot, estetika ezezagun bategaz hartu-emonetan hastea besteko garrantzia dauena. Bizitako esperientzia barriak oinarri hartuta, artea sortzeko momentuan manipulazinoei aurre egitea da gatxena, izan be, Txinako ezkutuko kode eta gakoak deskubridutea lan nekosoa da eta topikoetan jaustea, ostera, oso erraza.

Dakizunez, jatetxeetan kamareruak arin-arinka dabilz batera eta bestera eta, halan da be, txinatar bezeroak hasarre dagoz, eskuak jaso eta oihuka hasten dira: ‘¡Fuyuan! ¡Xiaojie! Txina abiada bizian doa, herrialde honen dinamismora ohitutea ez da erraza eta gatxagoa oraindino kultureari eta ohiturei eusteko aparteko ahaleginak egiten dituan Europatik bazoaz. Dana dala, sano interesgarria da planeta osoari eragiten deutsen aldaketa eta gorabehera sakonen lekuko izatea. Txinan ez dago astirik orainaldirako ze jentea bihar-etziko amesak buruan dituala bizi da. Hasieran gogorra egiten jatzu jarrera hori ze normalean gurago izaten dogu orainari eutsi eta oraina disfrutau baina azkenean ‘birus’ horrek kutsatu egiten zaitu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu