Zein? taldeak 'Ahari-Talka' izeneko disko barria plazaratu dau

Gotzon Uribe 2008-06-12 18:18   Musikea

Hiru urte baino gehiagoko geldiunearen ondoren, Zein? taldea disko barriagaz bueltau da, ibilbideko hirugarrena. Hamabi abestiz osoturiko disko sendoa, landua eta osotua aurkeztu deuskue oraingoan.

Hiru urte baino gehiagoko geldiunearen ondoren Zein? taldea disko barriagaz bueltau da, ibilbideko hirugarrena. Hamabi abestiz osoturiko disko sendoa, landua eta osotua aurkeztu deuskue oraingoan. Inoiz baino biziago, pop ikutu bizia daben kantuak dakarz 'Ahari-Talka' (Noizpop 08) izeneko disko honek. Aurreko lan biak 'Seiehun eta bi' (2003) eta 'Photograma' (2004) izan ziran.

Ezkerraldeko taldeak disko eder eta esanguratsua atara dau, rock eta pop doinuak maite dituan zaletua aho zabalik itxiko dauena. Belaunaldi aldaketak euskal musikan inoiz baino nabariagoak diran sasoi honetan, Zein? taldearen jakintasunak, musika munduan urteak emon izanak eta abestiak egiterako orduan daben trebeziak frutu ezin hobeak emon ditu; rock musikea maite dauenak gustora entzungo dauen diskoa dogu honakoa. Lan barrian sonoridade eta abestiak txukundu egiten dira aurreko lanen tentsinoa galdu barik, melodia ederrak, pop abestiak, psikodelia doinu finak eta egungo talde askori falta jaken trebezia pop-rock doinuak egiteko.

Taldearen eragin musikalen inguruan berba egiterako orduan 80 eta 90. hamarkadetako hainbat talderen erreferentziak topau geinkez. New Wave mobimentua beti egon da Zein? taldearen abestietan, horregaz batera Pixies edota Romantics moduko taldeen sonoridadea topetako zaletasuna daukie eta, zelan ez, power pop doinuak: gitarra zorrotzak + melodia biziak.

Euskal musikan eszena barri baten ganean berba egin gura badogu, Zein? taldearen izena Audience, Atom Rhumba, Munlet, Le Noise, Split 77, Yakuzi, Delorean, Capsula edota Ya Te Digo moduko taldeen alboan topauko dogu.


Ama Say

Zein? taldearen inguruan berba egiterakoan ezinbestekoa da Ama Say taldea aitatzea, talde horren errautsetatik sortzen dan taldea da eta. Musikalki desbardinak izan arren, Gontzal (baterijolea) eta Joakin (kitarrajolea) Ama Say taldeko kideak dira. Ama Say Ortuellako taldea zan eta, eszenatokietatik kanpo egon arren, talde haren jarrerea eta musikea ulertzeko modua dauka Zein? taldeak. Urte hareetan, indie-rock mobimentuari lotuta, Sonic Youth, Charlatans edota Echobelly moduko taldeen bidea jarraitzen eben. Lehenengo diskoa 1993an plazaratu eben 'Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen' izenburupean. Bigarren lana 94ean etorri zan, 'Say Ama' izenburupean. Abestietan ingelesa eta euskerea buztartzen zituen, Euskal Herriko musika eszenan rock zaratsuari edertasuna emonda.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu