EHUren Bilbo Artea eta Kultura ikastaroetan jantzea izango da nagusi
2008-06-12 11:17 KultureaEuskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bilbo Artea eta Kultura (BAK) udako ikastaroen bederatzigarren edizinoa bagilaren 23tik garagarrilaren 18ra bitartean egingo da eta barrikuntza nagusia euskal jantza tradizionalaren ganeko programea da. Jantza tradizionalari jagokon lekua emon gura deutson ekimenaren helburua datozan urteotan BAKren barruan jantza tradizionalak aparteko lekua hartzea da.
Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bilbo Artea eta Kultura (BAK) udako ikastaroen bederatzigarren edizinoa bagilaren 23tik garagarrilaren 18ra bitartean egingo da eta barrikuntza nagusia euskal jantza tradizionalaren ganeko programea da. Jantza tradizionalari jagokon lekua emon gura deutson ekimen barritzailea da aurtengoa eta helburua datozan urteotan BAKren barruan jantza tradizionalak aparteko lekua hartzea da.
Edizino honetako jantza-ikastaroak leku bitan emongo dira: Bilboko Euskalduna Jauregian eta Bizkaiko uriburuko Zazpi Kaleetan dagoan EHUren BBK Etxean.
Jon Mayak zuzenduko dau Jantza Tradizionaleko ikastaroa. Euskadiko jantzearen eta koreografiaren erreferente nagusietako bat da Maya, eta bere Kukai Dantza Taldeagaz irauli egin dau jantza tradizionalaren mundua. Bagilaren 30etik garagarrilaren 2ra egingo diran hiru tailerretan landuko da jantza tradizionala. Bagilaren 30eko tailerrean Bizkaiko jota zaharraren transmisinoa landuko da.
Bigarren tailerrean sormena landuko da eta, horretan, Juan Antonio Urbeltz folklorista ezaguna izango da irakaslea.
Azkenik, hirugarren tailerrean, Kataluniako esperientzia izango da protagonista eta bertako jantza tradizionala derrigorrezko irakaskuntzan zelan ezarri ikusiko da. Tailer horren arduraduna Joan Serra izango da, Factoría Mascaró jantza-konpainiako zuzendarikide eta koreografoa, Bartzelonako Unibersidade Autonomoko Hezkuntzako Zientzien Fakultadeko Gorputz Hizkuntzako irakasle alkartua eta Kataluniako Generalitateko Jantzako FesCateko zuzendaritza artistiko eta pedagogikoko arduraduna.
Sonderkamp eta Cohen
Jantza Garaikideko ikastaroak ospe handiko Martin Sonderkamp koreografo eta jantzari alemana izango dau irakasle. Inprobisazinoaren bitartez eta hainbat teknika erabilita, anatomia landuko dauen 'workshop' dalakoa izango da ikastaroaren ardatza.
Jantza Klasikoko ikastaroa garagarrilaren 2tik 6ra bitartean egingo da Euskalduna Jauregian. Horretarako be, nazinoartean izen eta ospe handikoa dan jantza-irakasle bat ekarri dau BAKek: Philippe Cohen, Genevako Antzoki Nagusiko Balletaren arte zuzendaria.
Bestalde, ikastaro barritzaileenetako bat 'Ikusmira: jantza-sormeneko prozesuak' izenekoa da, bagilaren 24tik 26ra bitartean egingo dana. Helburua euskal koreografiaren sorkuntzea bultzatzea da.
Ganera, Isabel de Naveranen eta Idoia Zabaletaren zuzendaritzapean, izen handikoak diran koreografoek, Amparo Ecija, Angels Margarit edota Gustavo Ciriaco berbarako, sormen-prozesuak aztertuko ditue Ion Munduate, Leire Ituarte, Sandra Cuesta edo Maria Ibarretxe lako euskal jantzearen ordezkari aitagarriakaz batera.
Jardunaldi honeetan, bestalde, liburu bi aurkeztuko dira: Oscar Cornagoren 'De las políticas de la palabra a las éticas del cuerpo' eta Ixiar Rozasek, German Jauregik, Idoia Zabaletak eta Elena Albertek egindako '4 itinerarios y otras fotos', izen bereko piezearen sormen-prozesua jasoten dauena. Lan horreekaz batera, Alcalá de Henaresko Unibersidadeak argitaratzen dauen 'Cairon. Revista de estudios de danza, nº 11: Cuerpo y Cinematografía' aldizkaria aurkeztuko da.
BAKeko jantza-ikastaroen matrikulea bariku honetara arte, bagilak 13, egongo da zabalik. Izena Bilbo Artea eta Kulturako ikasleen idazkaritzan, www.ehu.es/bilbaounibertsitatea webgunearen bidez zein posta arruntez emon ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!