Garikoitz Mendizabal txistulariak 'Bihurrikerietan' izeneko diskoa kaleratu dau
2008-06-03 14:27 MusikeaMendizabal euskal musika-tresna bereizgarrienaren jotzailerik ezagunenetakoa eta azken lau urteotatik hona Bilboko Udal Txistulari Bandearen zuzendaria da. Lan barria Bilbon aurkeztu dabe Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi Ibone Bengoetxeak, Txomin Mujika BilbaoMusikako gerenteak eta Mendizabalek berak, ikuskizun eta guzti.
Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak lehenengo bakarkako diskoa kaleratu 'Bihurrikerietan' izenburupean. Mendizabal euskal musika-tresna bereizgarrienaren jotzailerik ezagunenetakoa eta azken lau urteotatik hona Bilboko Udal Txistulari Bandearen zuzendaria da. Lan barria Bilbon aurkeztu dabe Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi Ibone Bengoetxeak, Txomin Mujika BilbaoMusikako gerenteak eta Mendizabalek berak, ikuskizun eta guzti. Diskoa 16 euroan dago salgai.
BilbaoMusikak argitaratutako CD barri barria ‘txistulari iaioa’ deritxan modalidadean maila tekniko handiko errepertorio tradizionalari egindako errepasoa da. Diskoa egile desbardinek estilo desbardinetan landutako 15 lanek osotzen dabe, tartean jatorri ezezaguneko herri doinuak, pieza klasikoak eta egungo musikarien lanak, baita exotikoa subertauko dan sorpresa bat be: Vittorio Monti musikagile italiarrak egindako biolin eta pianorako czarda edo jantza hungariarra, mundu guztiak ezagutzen duen erritmo bizi-biziko doinua. Xabi Zabala musikagileak disko honetarako berenberegi egindako lan bi ganeratu ditu, beste doinuakaz zerikusi handirik ez dabenak, trankilagoak.
Txistulari Bandako zuzendariak autortu dauenez, errepertorio horren inguruko grabazino faltea izan da lan hau egitera bultzatu dauen arrazoietako bat. Baina, horrezaz ganera, txistuaren historia luzean izan diran bakarlari handien omenezko lana izatea be gura dau, Primitivo Onraita, Martin Elola, Poli Garai, Juan Jose Cestona eta hurrago dagozan Roberto Garate, Polentzi Gezala eta Boni Fernandez —Garikoitz Mendizabalen aurretikoa Bilboko Txistulari Bandako zuzendaritzan— gogoan hartuta.
Garikoitz Mendizabal Zestoan jaio zan 1973an eta 2003 urteaz geroztik Euskal Herriko Txistulari Alkarteko lehendakaria da. Hainbat folk taldetako kide izan da eta zinemarako eta telebistarako soinu-bandak be egin izan ditu. Gasteizko Txistulari Bandako zuzendaria izan zan 1997 eta 2002 urteen arten eta 2004ko urtarriletik hona, Bilboko Txistulari Bandako zuzendaritzatik, Euskalduna Jauregian antolatzen dan Asteazkenetan Txistua Benetan dobako kontzertu-zikloaren bultzatzailea be bada.
Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko BilbaoMusika udal erakunde autonomiadunak Txistulari Bandak grabautako hiru disko plazaratu ditu orain arte: 2004an, denetariko doinuak batzen zituan 'Bilbaoko Udal Txistulari banda'; 2006an, “Harizko Txistua”, Alos Quartet hari-laukoteagaz lankidetzan; eta 2007an, “Hala Ere”, txistua eta eskusoinuaren arteko fusinozko diskoa, musikari garaikideek egindako doinuak tartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!