Hogei mila lagunetik gora hurreratu dira Getxoko Eskulangintza Azokara

Bizkaie! 2008-06-02 19:30

Datorren urtean, antolatzaileek barriro konbidauko ditue aurten parte hartu daben eskulangile guztiak. Euriaren ondorioz, bisitari kopurua nabarmen gitxitu da eta, jakina, salmentak be jaitsi dira, eta, holan, galerak konpentsau ahal izango ditue artisauek.

Astegoienean izandako zaparradak ez dira eskulangintza-zaleak kikiltzeko gai izan. Danetara, 20.000 bat persona izan dira atzo amaitu zan azokearen 25. ekitaldian. Lehenengo egunean, maiatzaren 30ean, aurreko ekitaldietan baino jente gehiago batu zan bertan. Zapatuan eta domekan batez be eguraldi txarra traba handia izan zan bisitarientzat eta, igaz pasau zan legez, azoka eremua ez zan bete; halan da be, bisitari kopurua ez da makala izan.

Urtero legez, azokara etorri diran eskulangileen jatorria anitza izan da aurten be. Euskal Herriko eskulangileez gan, Kataluniako, Murtziako, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Errioxako, Asturiaseko, Valentziako, Extremadurako, Andaluziako eta Kantabriako partaideak egon dira. Aurten, gainera, Irlandatik, Italiatik, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartu dabe azokan. Era horretara, eskulangintza zenbait eratan ikusteko eta ulertzeko aukerea izan dabe bisitariek.

Horrezaz gan, hainbat espezialidade egon da ikusgai azokan: zeramikea, bitxigintzea, ehuna, harriak, metala, larrukigintzea eta landare-zuntzez eginiko lanak. Danetara, 25 izan dira Getxon ikusi ahal izan diran eskulangintza arloak. Era berean, gastronomia-gunea be izan da, Ibaiondo kalean, hain zuzen be, eta bertan 14 salerosle batu dira hiru egunetan zehar.

Nabarmentzekoa da zuzenean eginiko erakustaldiek izan daben arrakastea. Goizez eta arratsaldez, lau eskulangile jardun dira zuzenean, publikoak eskulanak zelan egiten diran ikusteko. Aurten, bisitariek harzuria zelan lantzen dan ikusteko aukerea izan dabe, Begoña Gutiérrez Fombella artisau asturiarraren eskutik. Bestalde, Alfredo Zatorre eskarmentu handiko forjari nafarrak burdin lanaren teknikak erakutsi ditu. Jarduera luzeko beste euskal artisau bat be etorri da Getxora: Román Aduriz, hain zuzen be, egurrezko kateak pieza bakarrean egiteko teknikea lantzen dauena. Azkenik, Extremadurako Ana María Santiago Lineros ehuleak esku-ehungailua ekarri dau eta, tradizinozko tresna hori erabiliz, publikoari erakutsi deutso zelan egiten diran ehunak. Gainera, eskulangile horren eskutik, gaztetxuenek ehungintzea ezagutzeko aukerea izan dabe, umeentzako tailerra egon baita.


Datorren urteko ekitaldia

Datorren urtean, antolatzaileek barriro konbidauko ditue aurten parte hartu daben eskulangile guztiak. Euriaren ondorioz, bisitari kopurua nabarmen gitxitu da eta, jakina, salmentak be jaitsi dira, eta, holan, galerak konpentsau ahal izango ditue artisauek. Beraz, 2009an be aurten batu diran eskulan espezialidade aniztasunaz gozetako aukerea izango dabe eskulangintza-zaleek. Aniztasun hori azokeak eskulangileen artean sortu dauen interes handiaren isla da. Izan be, aurten inoiz baino eskaera gehiago jaso dira azokan parte hartzeko: 348, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu