Txina aztergai Bilbon 'Herriei buruzko jardunaldiak' programearen barruan

Bizkaie! 2008-05-27 18:29

Jardunaldiak barikura arte egingo dira Bidarte jauregiko ekitaldi aretoan (Deustuko Udaltegia), 20:00etan, eta sarrerea dobakoa izango da. Txinako errealidadera hurreratzeko, ekimenean hainbat adituk eta txinatarrek parte hartuko dabe.

Bilbotarren artean herrialde desbardinen alderdi sozial eta kulturalak ezagutarazoteko helburuagaz, bihar hasiko da 'Herriei buruzko jardunaldiak' izeneko programa barria. Ekimenaren estreinaldirako aukeratu dan herrialdea Txina izan da. Jardunaldiak barikura arte egingo dira Bidarte jauregiko ekitaldi aretoan (Deustuko Udaltegia), 20:00etan, eta sarrerea dobakoa izango da. Ekimena Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dau.

Abuztuan jokatuko diran Joko Olinpikoetako anfitrioia dan aldetik, nazinoartea Txinara begira dago azken aldian. Herrialdearen hazkundeak interesa biztu dau mendebaldean. Ganera, oraintsu izandako Tibeteko burrukek eta herrialdearen hego-mendebaldean milaka hildako eragin dituan lurrikareak herrialdea protagonista bihurtu dabe mundu mailan.

Txinako errealidadera hurreratzeko, 'Herriei buruzko jardunaldiak' ekimenean hainbat adituk parte hartuko dabe. Horreen artean dagoz Fang Xiao, Shanghaiko East China Normal Universityko Giza eta Ekonomi Geografiako doktorea; eta Lu Xun, Ikaskuntza Zentroko presidentea; 'Txina gaur' izenburuko berbaldian, herrialdeak azken mende erdi honetan izan dauen bilakaera sozial, politiko eta ekonomikoa azalduko dau.

Xiao Bilbon bizi da orain dala zazpi urtetik eta bere esperientzia kontauko dau 'Txinatarrak Bilbon' izenburupean. Ondoan, Sheng Jun herrikidea izango da, Txinako Kanpo-Arazoetarako Ministerioko espainiera-itzultzaile ohia eta Bilboko bizilaguna 1990tik; baita Extremadurako Unibersidadeko irakasle Juan Antonio Rubio Ardanaz antropologo eta Eusko Ikaskuntzako Antropologia eta Etnografia Saileko burua be.

Barikuan, ekimenari amaierea emoteko, Joko Olinpikoak izango dira protagonista. Filosofia eta Hezkuntza-Zientzietako doktore eta Lezamako koordinatzaile nagusi Luis Solar jentaurrean azalduko da Pekinen egingo dan kirol eskaintza erraldoiaren antolaketa-gakoak argitzeko.

Jardunaldiak urterik urte antolatzeko helburuagaz sortutakoak dira eta, edizino bakotxean, herrialde baten ezaugarriak ezagutzeko aukerea eskaintzen jake Bilboko bizilagunei, adituen berbaldien bidez edota Bilbon bizi diran etorkinen istorioei esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu