Kultur Errotak 1.500 ikuskizun eskaini ditu hamar urtean
2008-05-27 15:07Maiatzaren 29an, 1.500. emonaldia eskainiko dau Kultur Errotak. Horretarako, Topaguneak Ander Lipus antzerkilariari ikuskizun berezi bat preparetako eskatu deutso, 'Kultur Errotaren ezaugarriak islatuko dituan emonaldia'.

Kultur Errota kultur zirkuituak hamar urte beteko ditu aurten eta, ganera, maiatzaren 29an, 1.500 ekitaldia eskainiko dau Eibarren. Jazoeraz beteriko urtea, beraz, Topagunearentzat. Zenbaki biribil horrek Bilboko Euskaltzaindian aurkeztu ditue. Bertan izan dira Topagunearen izenean Manuel Moreno; Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskera sailaren ordezkari legez Estibaliz Alkorta; BBK Fundazinoaren ordezkari Gorka Martinez; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskera sailaren izenean Miren Dobaran.
Formatu txikiko eta kalidade handiko ikuskizunek osotzen dabe Kultur Errotaren eskaintzea. Hori azpimarratu dau Morenok. 'Eskaintza hori askotarikoa eta edade guztietako jenteari zuzendutakoa da', ganeratu dau, 'antzerkia, musikea, umeentzako ikuskizunak, diaporamak...'. Aurten, ekimenak 198.000 euroko aurrekontua izan dau eta, tartean, erakunde publikoen ekarpena dago. Dobaranek zehaztu dauen moduan, 'Bizkaiko kultura jardunean klasikoa da honezkero Kultur Errota; proiektu erakargarriak behar dira euskeraz eta, ekimen honek, helburu hori ondo beteten dau, euskeraz eta kalidadez'. Gipuzkoako Aldundiko ordezkaria eta BBK Fundazinokoa bide beretik joan dira. 'Eskertzekoa da hamar urtean Topaguneak sortutako kultur azpiegitura-sarea', esan dau Alkortak. 'Hamar urtean 1.500 ekitaldi egiteak erakusten dau jarduna kalidadezkoa dala', ganeratu dau Martinezek.
Ekitaldi berezia Eibarren
Maiatzaren 29an, 1.500. emonaldia eskainiko dau Kultur Errotak. Horretarako, Topaguneak Ander Lipus antzerkilariari ikuskizun berezi bat preparetako eskatu deutso, 'Kultur Errotaren ezaugarriak islatuko dituan emonaldia'. Antzerkia, musikea eta literaturea buztartuta, Gikitxaro antzerki taldearen, Asier Serranoren eta Kokein taldearen laguntzinoagaz egingo dau Lipusek emonaldia, arratsaldeko zazpietan Portalea Kultur Etxean. 'Ekitaldia erabat zabala izango da eta gura dauen edonor etor daiteke gurekin ospatzera'.
Kultur Errotaren lehenengo emonaldia Elgoibarren izan zan, 1998ko zemendiaren 13an. Urte haretan, 26 ikuskizun eskaini zituen zirkuituan parte hartu eben hamaika alkarteek. Ordutik, ekimena nabarmen hazi da: azken edizinoetan, 50 euskera alkartek hartzen dabe parte ikuskizunen antolaketa lanetan eta urtean 200 bat emonaldi eskaintzen dira, kulturea espazio txikiagoetara hurreratuz askotariko lanez euskeraz gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!