Lurrikarearen erdigunean
2008-05-21 14:17 BidaideSano gatxa da azaltzea Sichuán probintziako Chengdu uriburutik maiatzaren 12ko lurrikareak erabat suntsitu eban Hanwang lurraldera doan errepidean sentiduten dana.
Sano gatxa da azaltzea Sichuán probintziako Chengdu uriburutik maiatzaren 12ko lurrikareak erabat suntsitu eban Hanwang lurraldera doan errepidean sentiduten dana. Lurrikareak milaka hildako eragin ditu eta bost miloe lagun baino gehiago etxerik barik dagoz. Errepide ertzean, kanpin-denda ilara luzea dago lurrikara egunean bizirautea lortu ebenakaz. Oraindino urduri dagoz, egunean 4.000 lur-mobimentu baino gehiago igarten diralako, batzuk Richter eskalan 6 gradu baino gehiagokoak.
Eraikinak apurtu-apurtuta dagoz. Batzuk existidu be ez dira egiten, harri piloa baino ez dira. Beste asko, arrakalak dirala eta, bota egin beharko ditue. Gerrea egon dala emoten dau, baina, kasu honetan, aurkaria naturea bera izan da eta ezin daiteke ezer egin naturearen kontra. Sirena-hotsa baino ez da entzuten: anbulantziak, polizia, suhiltzaileak, erreskate-taldeak. Infernua, existiduko balitz, antzekoa izango litzateke.
Astebete pasau da eta, oraindino, milaka gorpu dagoz harri artean, beroaren eta hezetasunaren eraginpean. Ejerzitoak erabilten dituan maskarak eta desinfekzino-ekipoak ez dira nahiko. Hatsak jakinarazoten dau hildakoak non dagozan. Honezkero, ez dago bizirik dirauen nonor topetako esperantzarik, zazpi egunez jan eta edan barik bizirik aguantau dauen inor egon badagoan arren. Duda barik, hondamendi honetan mirariak be izan dira eta, horri esker, lurraldean lanean diharduten 145.000 soldaduen moralak gora egiten dau. Halanda be, arpegian igarten jake kantsauta dagozala.
Pasa dan domekan, istorio berezi bat bizi genduan.
Zorigaiztoko maiatzaren 12an, 14.21ean, Qu Li-ren aitita familiaren etxearen bigarren solairuan egoan lo, siestan. Eraikina hormigoiz eta adreilu zuriz eginda dago, Hanwang herriko kale nagusian. Beragaz, Qi Qi egoan, Li lobearen txakurra. 'Dana hasi zan indarrez mobiduten, etxearen azken pisu biak behera etorri ziran, aitita barruan atrapauta', gogoratzen eban malko artean Li-k erreskate-taldekoei suntsitutako logelarantz bidea erakusten eutsien bitartean.
Jausteko zorian egoan eraikinaren aurreko fatxadea botateko makinea prest egoanean, ahausi batek harrituta itxi zituan danak. Isilune baten ostean, barriro be zaratea entzun zan harri artean. '¡Qi Qi!'. Tristezia apur bat ahaztuta, 20 urteko gazte honen malkoek poztasuna erakusten eben. Animaliaren hankea egur zati baten azpian egoan atrapauta baina, halan da be, sei egun egin zituan bizirik. Laranja kolore biziz jantzitako soldaduek txakurra atara eta Li gazteari barretxua eragin eutsen, momentu batez baino ez bazan be. Ordubete geroago, neskatoa negarrez egoan aititaren gorpua inguratzen eban boltsa baltzaren alboan. 'Zer egingo dogu orain? Dana galdu dogu'. Ez egoan bakarrik. Hanwang-en, eraikin danak dagoz guztiz edota erdi apurtuta eta zutunik irauten daben % 45ak bota egin behar ditue. Modu batean, gazteak Gobernuaren errua dala dino. 'Pisu biko eraikina eregiteko dirua baino ez geunkan baina, esan euskuen, edo laukoa edo ezer, kalearen estetikea ez apurtzeko. Hori dala eta, lehenengo biak kalidade oneko materialakaz eregi ziran baino hurrengo biak ez. Eta horregaitik apurtu dira, kasu gehienetan legez'.
Li neskatoak bizitako istorioaren antzekoak bata bestearen atzetik jazo dira Sichuán probintzian. Ai Liying, 21 urtekoa, Dujangyan uritik 7,9 indarreko lurrikarearen epizentrura doan errepide alboan bizi da, plastikozko olana baten azpian, hondamendiak osabearen etxea suntsitu ostean. Apurtutako errepidearen albo bietan plastikozko 'etxe' piloa dago. Plastikoak sortarazoten dauen atmosfera itogarrian, Liying-en familiak harri artetik osorik ataratea lortu dauen guztia gorde dau. Ogeak, sofak, berogailu bat, sueteko altzari bi eta lurra lantzeko tresnak. Orain, bolondresen laguntzinoari esker bizi dira, 'erabat eskertuta', eta ez dakie zenbat denpora iraungo dauen egoera honek. 'Azken lurrikaratik denpora tartea pasau arte ez gara bueltauko. Lurrikareak etorkizuan ostu deusku', dino Liying-ek, orain arte dirua aurrezten egon baita ingelesa ikasteko. 'Ez daukagu asegururik, ezta aurrezkirik, beraz, hutsetik hasi behar gara'.
Huts desbardin batetik hasiko da, baita, Cao Shuyang 22 urteko gaztearen bizimodua, izan be, lurrikarearen irudia arpegian eroango dau luzaroan. 'Horma zati bat jausi jatan arpegira', gogoratzen dau Pengzhou herrian kanpin-denda urdin baten barruan ingresauta dagoan bitartean. Baina, benetan, bihotzeko zauriek arduratzen dabe. Emazte ezkonbarria eta gurasoak eraikinaren barruan hil ziran. 'Bizitzeak bardin deust', dino 'gelako' kideen animoak entzuten dituan bitartean. Begiradea galduta dauka. 'Gure zauriak osatu egingo dira, baina berarenak ez', dino bendajearen ondorioz arpegiaren zati bat baino ikusten ez jakon kide horreetariko batek. Shuyang lako askorentzat, Shanghai-ko Fudan Unibersidadeak psikologo-taldea bialdu dau apurtutako milaka bizimoduri aurre egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!