Bildur-ikarea Txinan
2008-05-14 12:58 BidaideTxina. 29 kilometroko sakoneran, 31 gradu ipar-latitudean eta 103 ekialde-longitudean, Sichuán probintziako Wenchuan uriaren azpian, herrialdearen erdi-mendebaldean, astelehenean, 14:28an, lurra haserratu egin zan. 14:41ean, lurrikarea Shanghaira ailegau zan. Bulegoan nengoan, hogeta hamar pisu baino gehiagoko eraikin bateko 19. pisuan.
Txina. 29 kilometroko sakoneran, 31 gradu ipar-latitudean eta 103 ekialde-longitudean, Sichuán probintziako Wenchuan uriaren azpian, herrialdearen erdi-mendebaldean, astelehenean, 14:28an, lurra haserratu egin zan. Richter eskalan 7,9 indarreko lurrikara batek Aba lur-eremua suntsitu eban. Eremu hori probintziako uriburu Chengdu-tik 146 kilometrora dago ipar-ekialdean eta herrialdearen barrualdeko industria-gune garrantzitsuena da. Dardarearen ostean beste lau etorri ziran, eskalan bost gradukoak, 14:40 eta 16:00ak artean. Tartean, lau gradu baino gitxiagokoak be izan ziran. Martitzenean, dardara horreetako batek 6,1eko indarra izan eban. Orain arte, lurrikareak 12.000 hildako eta 11.000 zauritu eragin dituala uste da baina kopuruek etenbarik egiten dabe gora. Datuetan oinarrituta, 1976an antzeko indarra izan eban lurrikareak gitxienez 260.000 hildako itxi ondoren, Txinan jazo dan handiena da.
Dardarea Asia Ekialde osoan igarri zan, epizentrutik oso urrun dagozan Bangkok edota Hanoi urietan be, 111.800 biztanle erroldatu dituan Wenchuanetik 3.000 kilometro baino gehiagora. Komunikabide txinatarren arabera, mila kilometro ingurura dagoan Yunnan probintziako eraikinetan kalteak izan dira eta Chengdu inguruko etxe askotan be arrakalak dagoz, urian eraikin guztiak osorik egon arren. Txinatar agintarien arabera, lurrikarearen 'eremu hilgarria' epizentroaren inguruko ehun kilometroko erradioan dago. Erreskate-taldeek 20 ordu behar izan zituen bertara ailegetako eta oraindino telefono-linearik barik dagoz.
14:41ean, lurrikarea Shanghaira ailegau zan. Bulegoan nengoan, hogeta hamar pisu baino gehiagoko eraikin bateko 19. pisuan. Sabaia karraskaka hasi zan. Ez neutsan garrantzi lar emon, jentea eraikinetik arineketan urteten ikusi neban arte. Poliziak eraikina hutsituteko agindua emon eban eta orduan hasi ziran ezbeharraren albiste txarrak ailegetan.
Martitzenean, soldaduek, eskuz eta oinarrizko tresnakaz, erreskate-lanak hasi zituen erabat suntsituta geratu diran miloe erdi eraikinetan. Azpian, informazino-iturri desbardinen arabera, 18.000 eta 35.000 persona inguru dagoz bizirik. Halanda be, orduek aurrera egin ahala, kopuru horreek nabarmen egiten dabe behera. Kalteen ondorioz, hiru miloe etxe inguru bota beharko ditue. 'Laguntzinoa eraginkorra izateko, errepide-komunikazinoak berreregi eta zaurituak ospitaleetara eroan behar doguz', azaldu eban Jiabao-k. 'Baina posible da helburu hori datozan egunotan ez betetea'.
'Egoerea, oraindino, oso larria da', komentau eban martitzen gauean Duyiangyan ingurura berenberegi joandako militar batek. Herri horretan, astelehenean, 3 pisuko institutu bat jausi eta 900 ikasle atrapauta geratu ziran. Ehun bat baino ez ditue bizirik atara. 'Patioan gimnasia orduan gengozan gehienok salbau egin gara, arineketan urten gendulako', azaldu deutso lekuko telebisteari ikasle batek. 'Barrukoek ez eben ezertarako astirik izan eta bateren batzuk bentanatik salto egin eta salbau egin ziran'.
Gitxika-gitxika, laguntzinoa ailegetan da, baina bizirautea lortu dabenen egoerea penagarria da. Ezin da denporarik galdu eta, lehenengoz, Txinak komunikabideei jazotakoaren barri emoten itxin deutse. Orain, lurra trankiltzea baino ez da falta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!