S.H.E.: ‘beharrezkoa da Txinak bere estilo propioa bilatu eta horri eustea’

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama Him Diskoetxea 2008-05-12 12:48   Bidaide
Txinako S.H.E. musika taldeko kideak

Narruzko erropak. Keinu sentsualak. Bideoklipetako protagonisten arteko laztan eta musuak. Txinatar kantariak zuzeneko jardunean ikusita, Beyoncé, Rihanna edota egun modan dagozan beste pop izar batzuk jatorkuz gogora baina, jakina, begi urratuek dakarre desbardintasuna. Eta hizkuntzeak. Zer kantetan daben ulertu ezinik, musika estiloagaitik eta estetikeagaitik, momentu batez, Britney Spears edota Madonnaren aurrean gagozala imajinau geinke. Baina kantuetako berbak itzuli ezkero, akabo gure irudi magiko horreek. Politikoki zuzena izatea nahitaezkoa da Txinan eta, berbarako, Amaral edo Bebe lako artistek giltzapean amaituko leukie edota langabezian. Shanghaiko Fudan Unibersidadeko Xu Anqi soziologoak azaldu dauenez, ‘txinatar publikoaren gehiengoari mendebaldeko izarren estetikea eta itxurea gustau bai baina txinatar nortasunari eustea derrigorra begitantzen jake’. Politikea eta kritika soziala tabú dira oraindino munduko herrialderik populatuenaren arte mailan. Glamourra da lehentasuna.

Halan eta guztiz be, glamour berbea ez neuke sekula erabiliko S.H.E. taldearen potentzialean sinistu eta taldea bultzatzea erabagi eban HIM diskoetxearen bulegoak deskribiduteko baina apustua sano mamitsua izan da. Taiwaneko telebistan, ‘Operación Triunfo’-ren antzeko lehiaketa bateko irabazlea, Selina Ren eta finalistak, Hebe Tian eta Ella Chen alkartu, hirukotea osotu eta 2001ean, ‘Girls Dorm’ diskoa plazaratu ebenetik, hamar disko argitaratu eta orain arte ia 5 miloe disko saldu ditue. Fan edo zale kopuruari erreparau ezkero, S.H.E. planetako talderik popularrena izan daiteke baina, era berean, talde ezezaguna mendebaldean.

Hain pikanteak ez diran txinatar ‘Spice Girls’ honeen artean, Ella Chen, kirolari etxurea dakarrenak hartu gaitu dekorazinotzat ‘Tigrea eta Dragoia’ poster okertua baino ez daukan aretoan; hori bai, Ang Leeren sinadurea agiri da aitatutako posterrean eta, beraz, ez da poster ‘normala’. Selina Ren eta Hebe Tian, sexya eta aingeru etxurakoa, txakur banagaz agertu dira alkarrizketa saiora. Euren etxurea, jazkerea eta apaltasuna ikusirik, ez dago esaterik izar handiak diranik. ‘Gure naturaltasuna eta hurrekotasuna asko estimetan dabe gure jarraitzaileek eta uste dot horregaitik maite gaituela’ esan deust Ella Chenek, hiruretatik barritsuenak eta aktiboenak. Euskal komunikabide bati eskaintzen deutsien lehenengo alkarrizketea da eta gurera heltzea sano interesgarria izango litzatekeela esan deustie.


1.- Bitxia da baina Txinan Hong Kong eta, batez be, 23 miloe biztanle baino ez dituan Taiwaneko artistak dira jaun eta jaube. Zergaitik?

Hebe: segurtik esperientzia kontua ziango da. Aitatu dozuzan bi leku horreetan askosaz zabalagoa eta aberatsagoa da entretenimenduaren industria Txinan baino. Produktu eta estilo aniztasunaren garapena be sekulakoa izan da eta horri esker Txina baino aurreratuago gagoz. Dana dala, gero eta txinatar gehiago dago sailkapenetako lehenengo postuetan eta arrakasta politagaz.

Ella: akaso, sofistikatuagoak gara eta musikeagaz lotutako gaiak hobeto kontroletan doguz; ganera, Txinan ‘chic’ taldetzat gaitue eta gure kantuek publikoagaz hobeto konektetan dabela pentsetan dabe.



2.- Edonon agertzen zarie eta zuon oihartzuna bazterrik ezkutuenera heldu da. Telebistarako iragarkiak, telefilmak, lehiaketak... Emoten dau ‘marketing’ garrantzitsuagoa dala musikea bera baino...

H: bai, ‘marketing’-a oso inportantea da Txinan, beharbada beste inon baino gehiago. Abeslarien ‘look’ edo estetikeagaz eta irudiagaz asmetea eta ahalik eta ikus-entzunezko medio gehienetara heltzea funtsezkoa da diskoetxeetako arduradunentzat. Halan da guztiz be, ez dot pentsetan hori guztia abesteko eta sentimentuak interpretetako gure gaitasuna baino garrantsitsuagoa danik. Musikearen industrian, gure merkatuan sekulakoa da lehia, etenik bakoa eta arrakasteagaz eta zaleen erantzun onagaz jarraitzen badogu, suberteaz gan, arlo guztietan lan handia egin dogulako be izango da.

E: ganera, sei hilebeterik edo asko jota urtebeterik behin disko barria argitaratzen dogu zaleak gutaz ahaztu ez daitezan. Hori bai, kantuen eta konposizinoen kalidadeari eusten ahalegintzen gara, beti gagoz, sano gorabeharatsua dan gizartearen mobimentuei adi, holan, hurreko talde bat izatea lortzen dogu. Horrezaz gan, telebistan, iragarkietan eta ahalik eta leku gehienetan agertzea nahitaezkoa da musikeagaz zerikusi zuzena ez daben beste arlo batzuetako zaleak be erakarteko.


3.- Hiru zarie taldean eta nortasun desbardinekoak zariela emoten dau oholtzan agertzen zarien bakotxean. Holakoak zarie ala estrategia eta antzerki hutsa da hori?

S.H.E.: ez, ez, ez. Holakoak gara.

E: egia da, nortasun desbardinekoak gara, hori ukatzerik ez dago baina oso ondo konpontzen gara. Gure estiloa desbardina da baina ez da inondik inora aurrez pentsautakoa edo estrategia moduan aurkeztutakoa.

Selina: edozelan be, bakotxa dan modukoa izatea gauza ona da ze, era horretara, errazagoa da gazteak gugaz identifiketea, besterik ez bada, gutako bategaz.


4.- Zuon eragin esparrurik handiena, jaina, Txina kontinentala da baina ez dot erraz-erraz lortu S.H.E.-ren disko original bat. Pirateriak min handia egiten deutsue?

E: jakina, min handia egiten deusku. Edozelan be, aurrera egin behar da eta teknologiaren baliabide guztiak aprobetxau. Diskoak grabetan jarraitzea da gure asmoa merkatu zabala eta zale asko doguzalako baina gure marka propioa ezarriz, aurrez grabautako gure kantuakaz MP3 erreprpduzitzaileak ataratea zein gure kantuak Interneten jartea lako erabagiak be badarabilguz buruan.


5.- Mendebaldeko musikeagaz konparauta, zuon musikeak ikutu infantila dauka. Ze desbardintasun ikusten dozue mendebaldeko eta ekialdeko publikoaren artean?

H: publikoa desbardina da eta musikea bera be bai. Gure kultureak ez dauka zerikusirik mendebaldekoagaz; era berean, gure gizarte arauak be desbardinak dira eta, horregaitik, mendebaldeko zein Japoniako musikearen ezaugarri batzuk geureganatu arren, dana oso-osoan kopietea ez jakun ondo iruditzen. Ganera, Txinak bere estilo eta nortasunari eutsi behar deutsola pentsetan dogu beste leku batzuetatik jaso geinken horren bozeroaile huts izateaz gan, zeozelan bereizteko, nabarmentzeko.

Informazino gehiago:

www.him.com.tw/artist/artist-mini-she.php http://en.wikipedia.org/wiki/S.H.E
www.wretch.cc/blog/SHE911

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu