Asteburu honetan, Portugaleteko III. Folklore Azokeak 30 erakusle baino gehiago batuko ditu
2008-05-08 15:26 KultureaElai-Alai Kulturguneak antolatuta eta hainbat erakunde publikok eta enpresa pribaduk lagunduta, maiatzaren 10ean eta 11n Portugaleteko III. Folklore Azokea izango da Ezkerraldeko herri bizkaitarrean.
Elai-Alai Kulturguneak antolatuta eta hainbat erakunde publikok eta enpresa pribaduk lagunduta, maiatzaren 10ean eta 11n, Portugaleteko III. Folklore Azokea izango da Ezkerraldeko herri bizkaitarrean.
Egitarauaren aurkezpena gaur egin dabe Bilbon eta bertan izan dira Elai-Alai taldeko presidente Gaizka Benguria; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Iñaki Zarraga Aburto; Portugaleteko Udaleko jarduneko alkate Francisco Ruiz; eta Metro Bilbaoko Kanpo Hartu-emonetarako eta Komunikazinorako buru Olatz Candina.
Danetara. 30 erakusle baino gehiago izango dirala azaldu dau Benguriak, 'musika-tresnagileak, jantzigintzea, oihalgintzea...'. Horreek danak Portugaleteko Alde Zaharreko azoka zaharrean egongo dira. Gehienak euskaldunak dira baina Aragoitik, Kataluniatik edota Kantabriatik etorritakoak be egongo dira. 'Gure asmoa jenteari folklorea hurreratzea da, folklorea zentzu orokorrean, musikea, jantzea, jantzigintzea eta hizkuntzea bera batzen dituana', azaldu dau Elai-Alaiko presidenteak. Horretan oinarrituta, 'azokea edade eta mueta guztietako jenteari zuzenduta dago'.
Maiatzaren 10ean, zapatua, azokeak goizeko hamarretan zabalduko ditu ateak. Halanda be, azokearen ingaugurazino ofiziala eguerdiko hamabietan izango da. Ostean, Uktest, Ceo Do Sil edota Pan de Capazo taldeen musika emonaldiak izango dira, besteak beste. Azokearen ondoan jarritako agertokian be ikuskizun ugari izango dira, tartean Kezka jantza-taldea edota Ruaille-Buaille folk taldea. Bitartean, Orube plazako agertokian Patxi Perez eta Konpainiak erromeria-giroa jarriko dabe. Iluntzeko bederatziak arte iraungo dau jai-giroak.
Maiatzaren 11n, azokeak goizeko hamarretan zabalduko ditu ateak, arratsaldeko 19:30era arte. Goizean, besteak beste, Karrakan Trakalan euskal fanfare nazionalak musika emonaldia eskainiko dau. Azokearen ondoko agertokian, Elai Alai taldeko jantzari txikiek ikuskizuna eskainiko dabe, hamaiketan. Bitartean, Orube plazako agertokian, Elai-Alaiko Orfeón Jarrillero abesbatza izango da protagonista nagusia eta, ostean, Portugaleteko Udalaren musika bandeak joko dau.
Ekitaldi horreez guztiez gan, hainbat talde ibiliko dira musikaz eta jantzaz kaleak girotzen.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak Benguriaren bide beretik jo eta honako hau azpimarratu dau: 'Bizkaiko dinamizazino kulturala da gure helburua eta gauza barrietara egokitu bai, baina ez dogu tradizinoa ahaztu behar'. Udaleko ordezkaria be pozik agertu da azokeagaz eta honezkero hirugarren edizinoa izanik errotuta dagoala esan dau. Candinak Portugaletera hurreratzeko deialdia egin eta horretarako garraiobide egokiena metroa dala gogorarazo dau.
Egitarauaren eta bestelako kontuen ganeko informazino gehiagorako: www.elai-alai.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!