‘We are ready!’
2008-05-08 14:25 Bidaide'Prest gagoz!'. Kaleko publizidade-horma erraldoiak, komunikabideetako danetariko mezu abertzaleak eta azpiegituren egoera aurreratuen ganeko barriak ikusita, argi dago. Pekin erabat aldatuta dago. Orain, uri barria da Historiako 29. Joko Olinpikoak eta, akaso, gatazkatsuenak hartzeko prest.
'Prest gagoz!'. Kaleko publizidade-horma erraldoiak, komunikabideetako danetariko mezu abertzaleak eta azpiegituren egoera aurreratuen ganeko barriak ikusita, argi dago. Pekin erabat aldatuta dago. Orain, uri barria da Historiako 29. Joko Olinpikoak eta, akaso, gatazkatsuenak hartzeko prest. Ez, ez dira izan lau aldaketa han eta hemen, 'tsunami' bat baino. Eta ikuskizuna hiru hilebete barru hasiko da.
Baina benetako ikuskizuna suzi olinpikoak nazinoarteko ibilbidean bizi dauena da. Tibeteko jazoerakaz, mundu guztia hunkituta geratu zan eta hori Olinpiako suak nazinoartean egin beharreko ibilbidean igarri da, izan be, bost kontinenteak traba artean pasau ditu Txinara ailegau orduko. Orain, egun handia ailegau orduko, Txinak hiru hilebete ditu nazinoarteko hartu-emonak hobetzeko eta munduaren aurrean irudi ona emoteko. Zeregin gatxa da hori.
Duda barik, Zhang Yimou zine-zuzendari ospetsuak zuzendutako zabaltze-ekitaldiak aho-zabalik itxiko dau mundua. Ganera, antolakuntzeari eta azpiegiturei jagokenez, Txina bikaina izango da. Eta leitekeana da dominen-zerrendan be lehenengoa izatea; horretarako, kirolari txinatarrak lanean gogor dabilz azkenaldian. Baina, halanda be, oraindino argi-ilun asko dagoz.
Garrantzitsuena kutsadureagaz zer pasauko dan jakitea da. 2008ko 8aren 8a ailegetako urte erdi falta zanean, Bizkaie!-n uriak eukazan arazoen barri emon genduan; honezkero, orain hasi eta inaugurazino egunera bitartean Gobernuak arazo horreei aurre egiteko hartutako erabagien barri emon geinke: hilebete eta erdi lehenago, inguruko industria kutsatzaileak zarratuko ditue; bideetako ohiko bi miloe ibilgailuetatik erdiek ezin izango dabe errepidera urten; eta zilar-nitrato piloa preparauko dau hodeietara botateko eta, behar izan ezkero, euria lortzeko baina euren interesen arabera, Jokoek iraun bitartean euririk egin ez daian.
Horreei guztiei aurrerapausu garrantzitsuak gehitu behar jakez, berbarako, askozaz gitxiago kutsatzen daben autobus barriak. Ganera, orain arte metroak linea bi izan ditu eta, aurrerantzean, sarea hamahiruk osotuko dabe. Hori gitxi balitz, Jokoak hasi baino aste bi lehenago, uriko eraikinetako obra danak bertan behera geratuko dira. Erabagi horregaz, airean dagozan hauts-partikula kopurua gitxitu gura da.
Publikoari jagokonez, duda barik, Olinpiadak oso arrakastatsuak izango dira. Herrialdeko hainbat taldek kutsadurea ebitetako Txinatik kanpo entrenetea erabagi arren edota kirolari ospetsu askok Jokoetara ez joatea erabagi arren, jarraitzaile sutsuen etorrerea segurua da. Hori erakutsi dau orain arte salgai jarritako sarreren salmenteak. Gehiago esatearren: birsalmentea ebitetako, sarrerak personalak eta transferiduezinak dira. Txartelak erosterakoan edota kiroldegi bakotxera sartzerakoan, ezinbestekoa da nortasun agiriren bat erakustea.
Diru asko eta negozio garrantzitsuak dagoz jokoan. Hoteletan, berbarako, prezioek nabarmen egin dabe gora eta, batazbeste, orain arte baino hamar bider karuagoak dira. Hori bai, Gobernuak martxan jarritako kanpaineari esker, garbitasuna ziurtauta dago. Izan be, hotelek derrigor bete behar ditue nazinoarteko garbitasun-neurri minimoak, baita jatorduetan be, jatorduak bihurtu baitira Gobernuaren arazo nagusi Jokoen aurretik. Inor ez da kexau. Neurri handi batean, negozioari ate barriak zabaltzen jakozalako eta, bide berean, Olinpiaden aldeko jarrera sutsuak 1.350 miloe txinatar atrapauta ditualako.
'Merchandising' olinpikoaren diseinatzaileak eta produktoreak pozik dagoz. ‘Beijing 2008’ zigilua daroen elementuak ez dira ezta erakusleihoetara ailegetan. Jentaurrean salgai jarri baino lehenago saltzen dira, Txinako batazbesteko errentegaz alderatuta karuak izan arren. Danetarik dago, bost biribileko platinozko belarritakoetatik kiroldegi olinpikoaren urrezko edota zilarrezko erreprodukzinoetaraino, produktu bereziena ahaztu barik: Nazino Estadioan sobrautako altzairuz egindako suzi olinpikoaren erreprodukzinoa. Hasierako prezioa: 280 euro. Halanda be, salgai jarritakoen prezioa ia bikotxa da honezkero. Duda barik, Joko honeekaz lotutako edozer inbersino erraldoi bihurtu da. Holakoa da XXI. mendeko Txina, oso berezia eta 'sui generis' dan komunismoa erakusten dauena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!