Egun osokorako egitaraua preparau dau Gernikako Astrako koordinadorak zapaturako

z 2008-05-08 13:01

‘Astra proiektua aurrera! Bittartien Pasilekure’ lelopean, Astrako koordinadorak egun osoko egitaraua preparau dau datorren zapaturako, maiatzaren 10erako. Jai giroa nagusituko bada be, aldarrikapen kutsua be izango dau jaialdiak.

‘Astra proiektua aurrera! Bittartien Pasilekure’ lelopean, Astrako koordinadorak egun osoko egitaraua preparau dau datorren zapaturako, maiatzaren 10erako. Jai giroa nagusituko bada be, aldarrikapen kutsua be izango dau jaialdiak. Helburu bikotxa izango dau, batetik, bizi daben egoerea kalean salatu gura dabelako koordinadorako kideek eta, bestetik, Astra eraikina zarratuta egoteak ekarri dauen diru sarrera ezari urtenbide bat emon gura izan deutsielako.

Egunez Pasealekuan hainbat ekitaldi izango dira: bazkaria, ikastaroak, Amazigh-en hizkuntza eta jolasak, munduko II. futbolin txapelketea, eskupilota partidak... Arratsaldeko 20:00etan, Pasealekutik abiatuko dan manifestazino batek zeharkatuko ditu herriko kaleak. Gau partean, barriz, musikeak hartuko dau erreleboa, kontzertua izango baita Astraren kanpoaldean. The Uski’s, Sarkor, Zea Mays eta Delorean taldeak izango dira oholtza gainean. Sarrerea 10 eurokoa izango da. 'Kontzertutik ataratako irabaziak Pasealekua izango dogun bizileku barriko obrak egiteko erabiliko dira'. Astrako koordinadorako kideek dinoenez, ‘Astraren autogestino proiektua bultzatzeko eguna da maiatzaren 10a. Orain urte bi hartutako helburuak ez doguz ezelan be albo batera itxiko’.


Astra, proiektua, egungo egoerea eta etorkizuna

Urte oso bat pasau da Astra proiektuak argia ikusi ebanetik. ‘KM0 izeneko parte-hartze prozesu baten ondorioz herriko persona nahiz alkarteek Astra eraikinaren etorkizuna marraztu gura izan genduan, Astra Proiektuari bide emonaz. Proiektua bideratzeko eta beharrezko eztabaidak emon ahal izateko Astra Koordinadora eratu zan eta gaur egun herriko 23 eragilek osotzen dogu Astra koordinadora’.

Astra Proiektuak behin betiko topau gura izan deutso konponbidea historikoki izan dan kultur azpegitura falteari eta dinamika soziokultural parte-hartzaileagoen falteari. ‘Gaztetxea behar dogu, musika taldeen entsegurako lokalak, kultur taldeentzako lolakak, sormenerako eta dinamika parte-hartzailegoak martxan ipinteko espazio parte-hartzaileak, autogestionatuak. Astra hori guztia eta gehiago da…’

Orain bi urte IEUP Gazte Asanbladak okupautako Astrako eraikinetako batean segurtasun proba batzuk egin ondoren, espero ez ziran emoitzak izan ziran. Ondorioz, Koordinadorak bertako erabiltzaileen segurtasunagaitik Astra eraikinean ekintzarik ez egitea erabagi eban, nahiz eta oraindino ez dan eraikina hutsitu ofizialki. Astra ez da zarratu eta ez dago geldi.

Astra eraikina, eraikin publikoa izanik, udal ordezkariakaz alkarrizketa prozesu bat martxan jarri zan, eta Astra Batzordea eratu zan. Batzorde honen helburu nagusiak gaur egun bi dira: batetik, lankidetza hitzarmena sinatzea. Hitzarmen honetan etorkizuneko Astra izango danaren oinarriak jasoten dira: Astra Proiektuaren kudeaketa eredu parte-hartzailea; edozein alkarte eta personantzako zabalik dagoan Koordinadoraren esku ixtea eraikinaren erabilerea, administrazinoak eta koordinadorak adostutako akordioaren bidez. Bestetik, Astra eraikinean egin beharreko lanak amaitu arte Astra proiektuarentzat bizileku barri bat topetea da helburua. Horretarako, aukerarik egokiena Koordinadoraren eretxiz, Pasealekuko eskoletako alde bat da (beste aldean liburutegia egingo da). Orain arte Astran egin izan diran jarduerak eta gehiago egin ahal izateko leku aproposa da.

Batzordeak lauzpabost bilera egin ditu gaur egunera arte. Hitzarmena oraindino ez dago sinaturik eta bizitoki barri bat adosteko be zailtasunak dagoz. Egoera honek Astra erabili eta Astran sortu diran taldeak kalean egotera eroan ditu: antzerki eskola, lilibertso, Astra bulderra, Literatura tailerra, Busti irratia, ikastarorik ezin egin, Gazte asanbladea…

‘Antzerki eskoleak kalean egiten ditu entseguak; Kultur-Etxean ez baitago lekurik. Busti irratiak lokal bat alokatu behar izan dau gastu guztiei aurre eginez. Literatura tailerra tabernetan batzen da. Martitik aurrera martxan jarri behar ziran 5 ikastaro (Zine eskola zine-klubagaz; dantza afrikarren jarraipena, pilates, dantza garaikidea eta malabareen ikastaroa) bertan behera geratu dira. Dantza afrikarretan ibili diranak, Trinkete anti-txokoa erabilten dabe, bulderra desmontetan hasi dira honezkero. eta Iparragirreren lokaletan ezin ditue sortu barri diran musika-taldeak hartu lokalak beteta dagozalako. Egoera honek konponbidea behar dau, gazteen artean sortzen ari diran alkarteak, mobimentua (azken urteetan ez da holakorik egon herrian), pikutara bialdu gura ez bada. Gazteek/gazteok, autonomia osoz antolatzeko espazio pluralak behar ditue/doguz, etorkizuneko gernikarrak arduratsuak eta libreak izatea gura badogu.

Egoerea guretzat benetan larria da. Diru iturri nagusia zan Astra zarratuta dago, ekintza kulturalak ezin doguz egin espazio falteagaitik… Denporeak aurrera egin dau eta Astra proiektuak be aurrera egin behar dau. Horregaitik animau gara maiatzaren 10ean jaialdi hau antolatzera. Batetik, benetan uste dogulako ordua dala kalera urten eta bizi dogun egoerea salatzeko eta, bestetik, orain arteko bizi-gastuak eta etorkizuneko bizileku barri hori abiarazoteko izango diran gastuei aurre egiteko sarrerak behar doguzalako’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu