Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak aurkeztu ditue
2008-04-28 19:18 BertsolaritzeaEuskaldungoaren atentzinoa geureganatuz, Bizkaiko esparruetan bertsolaritzea sustatu, bertsozaletasuna zabaldu eta bertsolarien promozinoa bideratzea dira Bizkaiko txapelketearen helburu nagusiak. Bizkaiko lurralde osora ailegetea be badau helburu eta, hori lortzeko, aurreikusitako hamasei bertso-saioak eskualde danatan orekaz banatuko dira.
Aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Barakaldoko BEC erakustazokan izango da. Horren barri emon dabe gaur bertan BBK Fundazinoak eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. Euskalduna txiki geratu da eta Bertsozale Alkarteak ez dau bertsozale bat bera be kanpoan itxi gura. Hori udagoienean izango da, baina orain maiatzean Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira eta gaur bertan izan da aitatu txapelketen aurkezpena. Zihara Enbeita Bizkaiko Bertsozale Alkarteko idazkari eta komunikazino arduradunagaz batera, BBK Fundazinoko Gorka Martinez eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusi Miren Dobaran izan dira.
Zihara Enbeitaren esanetan, Bertsolaritza beraren moduan Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak be tradizinoari eutsita etenbarik aldatzen doaz. ‘Aurreko urteetako egitura bera izango dau aurtengo Bizkaiko Txapelketeak be. Helburuak be berberak dira eta baita ezaugarriak be. Baina halan da be txapelketa barria dogu. Horren adibide da bertsolarien belaunaldi aldaketea. Hamazortzi urte bete barri daben bertsolari batek baino gehiagok parte hartuko baitau. Euretako batzuek, ganera, Bizkaiko zein Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketetan maila ona erakutsi dabe’.
Horren errudunak neurri handi batean bertso-eskolak dira Enbeitaren esanetan. ‘Hainbat urtetako lanak fruituak emoten jarraitzen dau. Algortako ALBE bertso-eskolea dogu horren testigu. Ipar-Uribeko txapelketan hogei lagunek parte hartuko dabe aurten. Gehienak aitatu bertso-eskolan sortutakoak dira. Mungiako Taket edota Larrabetzuko bertso-eskolek egindako lana be hor dago. Eta barriagoa izan arren, bere neurrian fruituak emon dituan Erromoko Itzubaltzeta bertso-eskolea. Busturialdean be helduen bertso-eskola barriak sortu dira azken urteotan. Natxituko bertso-eskolea eta Gernika-Lumoko Lilibertso aitatu behar dira. Lea-Artibain ez da bertso-eskola barririk sortu, baina lehengoak martxan jarraitzen dabe.
Enkarterritik aurten lehenengoz sei bertsolarik abestuko dabe. Hor be bertso-eskolak (Hasi edo Zalla) eta irakaskuntza arautuan Bizkaiko Bertsozale Alkarteak egiten dauen lana dira errudun.
Arratian Zeanuritik Igorrera egin dabe salto aurten. Bilboaldean lagunarteko giroari emon gura izan deutse garrantzia. Durangaldean txapeldun barria aukeratu beharko dabe. Azken urteetan txapeldun izan danak ez baitau parte hartuko’.
Miren Dobaranen esanetan, euskerearen zein bizkaierearen transmisinorako garrantzitsua izan da ‘bertsolaritzeak azken urteotan hartu dauen indar eta oihartzuna’. Dobaran and.ak adierazo dau erakundeen burukominik handiena euskerea gazteen artean zabaltzea eta bultzatzea dala. ‘Gure gazterik gehienek euskerea jakin arren, eskolan baino ez dabe erabilten eta euskerea aisialdian erabil dagien gai izan beharko dogu aisialdirako produktu erakargarriak eskaintzen. Erraza da gazteei esatea euskerea freskoa eta modernoa dala eta erabil dagiela baina behar beharrezkoa da era guztietako eskaintzak eskura jartea euskeraz mundu globalizatu honetan gazteek euren gustokoa dana aukeratzen dabelako zein hizkuntzatan dan kontuan izan barik’.
Komunikazino arloan be ahalegin berezia egin gura dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. Lehenengoz komunikazino taldea sortu dabe txapelketarako eta beste behin Internet eta teknologia barriak lagun izango ditue. www.eskualdeka.biz webgunean Eskualdeko txapelketen ganeko informazino eguneratua eta osotua eskaini gura dabe; argazkiak eta audioa bakarrik ez, aurten bideoan be jaso gura dabe txapelketearen barri eta horretarako Bertsozale Alkarteak urte hasieran sortutako www.bertsoplaza.tv erabiliko dabe.
Dobaranen esanetan, ‘euskerearen normalizazino eta sustapenerako ezinbestekoa da Sarean izatea. Interneten era masiboan sartzen ez dan hizkuntzeak aukera gitxi dauka bizirauteko eta Aldundiak teknologia barrien aldeko apostua egin dau eta egitasmo honen laguntzaile izango da zalantza barik’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!