Shigatse eta landa mundua (eta IV)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-04-24 15:30   Bidaide

Bidaia abentura bihurtzen dauen autobus horreetariko batean montau gara. Bape itxura onik izan ez arren, jentez ganezka doa. Lhasa-tik urten eta lau ordura Tibeteko bigarren gune garrantzitsua dan Shigatse herrian egon behar geunke. Baina, aurreikustekoa dan moduan, ia doblea tardauko dogu.

Bidaia abentura bihurtzen dauen autobus horreetariko batean montau gara. Bape itxura onik izan ez arren, jentez ganezka doa. Lhasa-tik urten eta lau ordura Tibeteko bigarren gune garrantzitsua dan Shigatse herrian egon behar geunke. Baina, aurreikustekoa dan moduan, ia doblea tardauko dogu.

Ibilgailua orban urdin txiki bat baino ez da gizakiak egindako edozer ezerez bihurtzen dauen ingurune honetan. Munduko lurralderik altuenean, haranek eta mendiek planetearen edertasuna erakusten dabe eta, aldi berean, edertasun horrek amaitzeko dauen arriskua. Tibeten, klima aldaketeak planetako gainontzeko lurraldeetan baino gogorrago eragiten dau. Bertako ekosistemea tenperatura altuen mehatxupean dago, guretzat, printzipioz, bajuak dirala otu arren, historian izandako altuenak diralako. Horregaitik, abeltzain eta nekazari asko lanbidez aldatzeko prest dagoz.

Euretariko asko gure autobusean doaz eta, batek, ardi bat daroa bidaide. Ardiaren beeak umeen negar eta barreakaz nahastau eta tibetarren jantzi koloretsuek Lhasaren 'txinizazinoa' ahaztu arazoten deutsue. Herrialdearen bihotz politikotik urrundu eta kulturearen esentzian sartu gara buru-belarri. Bidean egin beharreko hainbat polizia-kontroletan, lurralde honetara sartzeko beharrezko baimenik ez daukadanez, goitik behera tapau eta lo-plantak egin behar dodaz. Gainontzeko bidaiariek euren laguntzinoa eskaini eta Poliziak nire presentzia ez deskubriduteko ahaleginak egiten ditue. Horrek txinatar autoridadeen aurrean euren kontrako jarrerea erakusten dau.

Holan, azkenik, Shigatse herrira ailegau gara. Leku isil eta hotz honetan han etnia gitxiengoa dira. Eskerrak. Gure hotela Lhasako Potala Jauregiaren bardin-bardina dan eraikin baten aurrean dago, uria bitan zatitzen dauen tontor baten ganean. Gauez, tenperaturea zero azpitik 17 gradukoa da eta gure gelako berogailuak ez dau ondo funtzionetan. Horregaitik, topau doguzan yak narru guztiak jarri doguz ganean. Duda barik, Shigatse eta Lhasa oso desbardinak dira.

Goizean, abeltzain batek ahuntz-taldea gure gelearen aurrean jarri dau. Hori bai: animaliak geldi-geldi dagoz. Burua eta azala kenduta daukie. Euren gorpuak eguzkitan sikatzen jarrita dagoz, izoztuta. Antza danez, hori negozio ona da hemen. Tibetarrek, ia bata bestearen ganean eta erdi burrukan, eurena aukeratzen dabe. Gero, handik hur pilatuta dagozan buruetatik bat hartu eta kitto.

Shigatseko merkaduan barazki eta eskulan ugari dagoz. Hemen, tibetarrakaz zuzen-zuzenean jardun zeinke, tartekorik barik. Jente gogorra dala emoten dau, zentzu guztietan. Naturearen gogortasunak eta errepresino kultural indartsuak eragindako izaerea da hori. Akaso, horregaitik guztiagaitik, oso gatxa da tibetar emakumeak barreka ikustea, gehienek mendebaldarren presentziagaz pozik dagozala erakutsi arren, 'asko tibetar herriaren aldarrikapenen aldekoak diralako', autortu dau monje batek. Aurreikuspenak bete ezkero, Shigatse herriari gitxi geratzen jako isolamentu-egoera honetan biziteko; izan be, 2010erako, Transtibetarra honaino ailegauko da.

Landa eremuan sartu gara, Gyantse-rako bidaian. Haran antzuetan, bizirautea ia ezinezkoa dala pentsarazoten deutsuen baserri edo etxaldeak agiri dira. Baina Tibet lako basamortu izoztu batean be, natureak opariak egin eta bizimodu 'erosoa' eskaintzen dau. Hemen, herrialde osoan oso garrantzitsuak diran senda-bedarrak dagoz. Bedar-muetearen arabera, kiloak 2.000 eurorainoko balioa izan leike, tibetar nekazarien errentea baino bost bider gehiago.

Bestalde, abeltzantzeak 'boom' egoerea bizi dau, tibetar produktuak Txinara errazago eta arinago ailegetan diralako. Orain, Txinan, 'chic' moduan ikusten da eta modan dago te baltza yak-koipeagaz hartzea edota yak-esnez egindako jogurrak jatea. Leitekeana da hori onuragarria izatea larregi eta etenik barik sufriduten dauen herri honentzako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu