Robert Cray, XX. Getxo & Blueseko izarra
2008-04-10 18:08 MusikeaAbeslari eta gitarra-jotzaile afroamerikarra izango da izarra bagilaren 6tik 8ra egingo dan Getxoko Nazioarteko XX. Blues Jaialdian.
Abeslari eta gitarra-jotzaile afroamerikarra izango da izarra bagilaren 6tik 8ra egingo dan Getxoko Nazioarteko XX. Blues Jaialdian.
Robert Crayk bagilaren 7an, zapatuan joko dau Erromoko karpan bere taldeagaz batera, gaueko 21:30etik aurrera. Robert Cray (1953, Columbus, AEB) gaur egungo bluesaren artista handienetako bat da. Musikari zorrotza, perfekzionistea, amorratua da eta hainbat estilo joten ditu: blues, rock, rhythm&blues eta soula, besteak beste. Bere jarduerea hasi ebanetik, eskola zaharreko bluesetik aldendu eta estilo propioa garatu dau.
Oso gaztea zala emon zituan Crayk lehenengo pausuak musikan. Arkitektura ikasketak hasteko preparetan egoala, Steakface taldea osotu eban. Hogei urte beteta, AEBtako mendebaldeko kostako blues aretoetan joten hasi zan.
1980. urtean bere lehenengo lana grabau eban ‘Who's Been Talkin’. Horren ondoren, ‘Bad Influence’ eta ‘False Accusations’ etorri ziran. Mercury Recordsek Cray kontratau eban eta diskoetxe horren eskutik ‘Strong Persuader’ egin eban. Diskoak ospe handia emon eutson eta Grammy sari bat lortu eban horri esker.
1990eko hamarkadea hasi zanerako, Cray artista ospetsua zan. Gitarra soinu bikainagaitik eta soulak eraginiko ahotsagaitik nabarmendu zan musikaria. Garai horretan Eric Claptonen mailako artistakaz jo eban eta John Lee Hookerren ‘Boom Boom’ disko ospetsuan be parte hartu eban, ‘Sam Old Blues’ abestiaren grabazinoan, hain zuzen be. Geroago Hookerregaz behar egin eban barriro, ‘The Healer’ lanean.
Gaur egun, Robert Crayk bere estilo gustokoenakaz, bluesagaz eta soulagaz esperimentetan jarraitzen dau.
Taldearen azken diskoa, ‘Live, from across the pond’, Londresko Royal Albert Hallen grabau eben 2005ean eta 2006an argitaratu.
Cray gure artean izan zan azken aldia Gasteizko Jazzaldian izan zan, 2005ean, eta berotasun eta indar handia erakutsi eban kontzertu haretan.
Beste alde batetik, Getxo & Bluesek The Reverendos talde getxotarra ekarriko dau aurten. Ohi danez, jaialdiak euskal bluesaren aldeko apustua egiten dau urtero eta, 2008an, Alvaro Martinezek (gitarra), Igor Garciak (teklatuak eta ahotsa), Edu Uñak (kontrabaxua) eta Edu Landetak (bateria) osotutako laukoteak emongo deutso hasierea zapatuko saioari.
Hasieran Blue Spirits izenekoa zan taldea, baina ondoren, aldatu egin eben. The Reverendos taldeak bi disko kaleratu ditu; bigarrena, ‘Back in Town’ izenburukoa, joan dan urtean grabau eben.
Euskal Herriko blues jaialdi nagusiko kontzertu guztietarako sarrerea dobakoa izango da, ohikoa dan bezela. Kontzertuak, Erromoko Santa Eugenia plazan izango dira gaueko 21:30etan hasita.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!