Hautagai bi dagoz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzeko

Bizkaie! 2008-04-09 11:46   Musikea

Andrey Boreyko nazinoarteko zuzendari ezaguna eta Pablo Gonzalez gaztea dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) zuzentzeko hautagai nagusiak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak persona bakarra aukeratu behar dau Gilbert Varga eta Cristian Mandeal zuzendariak ordezkatzeko. Radio Euskadi irratiko iturrien esanetan, 50 urteko Andrei Boreyko errusiarra eta 32 urteko Pablo Gonzalez dira aukera gehien dituen hautagaiak.

Andrey Boreyko nazinoartean ezaguna dan zuzendaria da eta Pablo Gonzalez, ostera, gaztea izan arren, ez da hasibarria zuzendaritza arloan.


Boreyko edo Gonzalez

Andrey Boreyko San Petersburgon jaio zan 1957an. Bertako Rimsky-Korsakov musika eskola ospetsuan ikasi eban. Jenako (Alemania) Orkestra Filarmonikoaren zuzendaria izan da, baita Winnipegeko eta Vancouver-eko (Kanada) Orkestrena be.

Azken urteotan Hamburgoko (Alemania) eta Bernako (Suitza) orkestren ardurea izan dau. Ganera, honezkero Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzendu dau eta grabazino batzuk egin izan ditu.

Bestalde, Pablo Gonzalez 1975ean jaio zan, Oviedon. Bertan ikasi ondoren Londreseko Guildhall eskola ezagunera joan zan. Londreseko Sinfonikaren Donatella Flick saria irabazi eban 25 urte zituanean. Gero, orkestra horretako zuzendari laguntzaile izentau eben. Bidean, gaixotasun bati aurre egin behar izan deutso bost urte luzetan eta horrek bere ibilbidea geldiarazo dau. Halanda be, behin osatuta, indarrez beteta bueltau da eta Cadaqueseko Nazinoarteko Orkestra Lehiaketea irabazi dau oraintsu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu