Lhasa, bihotz zatitua (III)
2008-04-08 15:56 BidaideTibeteko uriburua zatituta dago. Ez da behar horma edota burdin-hesirik. Etnia bakotxak ondo marketan dau bere lurraldea. Zoritxarrez, aspaldian gitxiengo bihurtu dira tibetarrak euren herrialdearen bihotzean eta gitxiengoa izateaz gan, behartsuak dira, nekazaritzan edota abeltzantzan jarduten dabenak.
Lehenengo begiraldian hartzen dan irudiak ez dauka bape zerikusirik errealidadeagaz. Aireportutik edo tren geltokitik bidaiariak txinatar estiloko etxebizitza multzoen lerro luzea baino ez dau ikusten. Hormigoi txepel edo gatzbakoa. Edozer salgai daben denda txikiak. Kale motzak, ezelako erakarpenik bakoak; XXI. mendeko Txinaren edozein uriren itxurea, besterik ez. Baina Lhasako tibetar bihotza Tibeteko ikur Potala jauregiaren ekialdean dago, Dalai Lamaren etxea izan beharko litzatekeen horretan, hain zuzen be.
Tibeteko uriburua zatituta dago. Ez da behar horma edota burdin-hesirik. Etnia bakotxak ondo marketan dau bere lurraldea. Zoritxarrez, aspaldian gitxiengo bihurtu dira tibetarrak euren herrialdearen bihotzean eta gitxiengoa izateaz gan, behartsuak dira, nekazaritzan edota abeltzantzan jarduten dabenak. Txinatarrek, barriz, negozio biribila egiten dabe munduko lurralderik altuenaren baliabide naturalak ustiatuz. Bien bitartean, Pekineko gobernuak diruz laguntzen dau neokolonialismoa eta hori nabarmen ikusten da taxi gidarien artean, izan be, batek be ez dau ulertzen tibetarren hizkuntzea. Halanda be, jantzi koloretsuak erabiliz, egunero-egunero ugari dira erlojuaren orratzen noranzkoan, tanborrak astinduz Potala Jauregiari buelta osoa emoten deutsienak. Ikuskizun parebakoa da munduan.
Jokhangeko tenpluraino joan behar da Lhasako tibetar arimea ezagutzeko. Hortxe batzen dira 3.700 metroko altueran dagoan uriburuko leku sagraduak bisitetan, lurralde huts eta zabal honetako bazter guztietatik datozen erromesak. Airea hutsala da eta oxigenoa urri dago eta, jakina, kanpotarren birikak ez dabilz bape ondo. Tibetarrak ohituta dagoz eta ohiko erritmoan doa bizimodua, azkarregi heldu barrientzako.
Munduan zehar ohiko bihurtu diran txinatar produktu merkeak ez dira agiri Lhasan sano koloretsuak diran denda txikietan; orrazi bihurtutako ahuntz adarrak, neurri eta material desbardinetako figura budistak, yak narruz egindako botak, aizto tradizionalak inskripzino korapilatsuakaz, neurri eta kolore desbardinetako turkesak... Hau, duda barik, kutsatu bako tibetar lurraldea da, Lhasan geratzen dan bakarra.
Ganera, Jokhangeko tenplua eta ingurua, berez, sano ikusgarria da. Tibeteko txoko guztietatik etorritako erromesak tatarrez heltzen dira errespetuzko jarreran eta eraikuntza osoa inguratzen dabe, turistak zur eta lur ixteko moduko kolore ikuskizun ederra eskainiz. Tibetarren arpegiak, umeenetatik hasi eta zaharrenetara, parerik bako mosaiko antropologikoa osotzen dabe; lehenaldira egindako bidaia emoten dau.
Drepungeko monastegia be ez dago urrun, Lhasatik hur dagoan mendi baten inguru malkartsuan, hain zuzen be. Ikuspegia sekulakoa da, zabalune ikaragarria eta tren eta autobus geltoki barriak zerumugan agiri dira. Horrezaz gan, orain mende batzuetako bizimoduari eusten deutsien monjeen bizimodua ezagutzeko aukerea dago. Zoritxarrez, Txinako gobernuak bultzatutako akulturazino prozesuaren ondorioz, monjeen kopurua nabarmen murriztu da, 3.000tik 600era, hain zuzen. ‘Nobiziatua ez da bape erakargarria gazteentzat, gurago izaten dabe telebistaren bitartez ezagutzen daben kaleko txinatarren bizimodua’, esan deust ingeles irakaslea dan monjeetako batek. ‘Gauzak goitik behera aldatu dira. Orain tunikarik ez dau inork gura. Mendebaldeko marka ezagunetako praka bakeruak dira nagusi gazteen artean. Laster, euren hizkuntzeari be uko egingo deutsie. Denporeak esango dau’, esan deust penaz.
Munduko lurralderik altuenera heldu dan trenaren eraginez, ‘boom’ turistikoa bizi dau herrialdeak baina Dalai Lamaren esanetan, tren hori eraso zuzena da tibetar kultura ahularentzat. Urtetik urtera, bisitarien kopurua goraka doa, % 60 inguru eta gehienak txinatarrak izaten dira. Gero eta hotel gehiago eregiten dabilz, lujo handikoak batzuk, karaokeak eta ostalaritzako bestelako lokalak; horrezaz gan, prostituzinoak, alkoholismoak eta droga kontsumoak be nabarmen egin dabe gora. Edozelan be, gero eta gatxagoa izan arren, oraindino posible da kutsatu bako inguruak topetea, berbarako Jokhangeko tenplua, txinatarrei zeozelako bildurra emoten deutsiena.
Kontuak kontu, Lhasa ahalik eta arinen bisitetea da nire aholkua, holan bertako herritarren benetako esentzia ezagutuko dozuelako. Barkhor plazako edozein taberna txikitan, erlojuari begira egon barik, yak-gurinez egindako te bat hartzea edo Tibeteko gastronomiaren oinarri dan yak okelea jatea lakorik ez dago. Postretzat kaleko postuetako gaztaia edo jogurra proposatzen deutsuet. Eta mokofinentzat, uriburuaren mugetatik kanpo ez baina Tibeteko uriburuan badago non aukeratu.
Horregaitik guztiagatik, azaldu deutsuedan bitasun hori bazterren itxita, Lhasa Tibeteko herririk erakargarriena da. Epe luzean, ikusteko dago Transtibetarrak zelako eragina izango dauen. Txinako gobernuaren jarrerea handinahikeriaz ganezka dago baina besteok ez dogu gura uri eta lurralde ederrak diran Lhasa eta Tibet hondatzerik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!